Chillida Lekuk 'Bercer le temps' soinu intalazinoa hartuko dau

Bizkaie! 2025-04-01 09:45   Musikea

Apirilaren 5ean, Ahoz Ahoren barruan.

Apirilaren 5ean, Chillida Lekuk Bercer le temps hartuko dau. Berceurs du temps Kanadako taldearen soinu instalazino parte-hartzailea da eta hainbat diziplina artistiko buztartzen ditu, esaterako jantzea, antzerkia, performancea, soinua eta ikusizko arteak, ahotsa ardatz hartuta. Hernaniko Udalak atonduta, Ahoz Aho, Ahozkotasunaren Nazinoarteko Jaialdiaren barruan dago eta mundu osoko sehaska kantu ugari eskaintzen ditu.

Belaunaldien arteko zubi bezela, sehaska-kantuak lehengo murmurrak dira, oraindino bizirik dagozanak kantetan dituen personen ahotsetan, adierazo dau taldeak. Entzuleak museoko zelaian izango dituen kulunka jarlekuak erabiliko ditue, nazinoarteko sehaska-kantak entzun ahal izateko.

Sarah Dell 'Avak, Ilya Krouglikovek eta Wolfram Sanderrek osotzen daben Berceurs du Temps kolektiboa munduan zehar dabil apirilaren 4an, barikuan, Hernaniko Plaza Barrira helduko dan furgoneta batean. 16:00etatik 21:00etara instalauko da (euria egingo baleu, Atsegindegira joango da). Hurrengo egunean, apirilaren 5ean, zapatuan, Bercer le temps Chillida Lekura joango da eta entzuleak museora doban sartzeko aukerea izango dabe.

Taldea 2016an hasi zan soinu-artxiboa egiten. Ordutik, 2.500 sehaska-kanta baino gehiago batu ditue 90 hizkuntzatan. Orain arte, 1.500 persona inguruk parte hartu dabe proiektuan. Esangura horretan, Bercer le tempsek kulunka jarleku batean bidaiatzera konbidetan dau, hankak bedarretan eta kulunkan dituala, umezarako oihartzunei jarraitu ahal izateko.

Sehaska-kantuek lasaitasunera eta gauerantz eroaten dabe entzulea. Bercer le temps bildumeak Montreal, Quebec, Kongo, Frantzia, Alemania, Iran, Japonia, Errusia edo Venezuelako altxorrak batzen ditu, beste leku askoren artean. Era berean, grabazino estudio mobikorra edegita egongo da euren akordu kantuak partekatu eta aldi berean aztarna bat itxi nahi daben persona guztientzat.

Hernanitik pasau ondoren, taldeak bagilera arte udal liburutegian itxiko dau kulunka jarleku bat, herriko biztanleek jesarri eta sehaska-kanta bildumea entzuteko aukerea izan deien.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu