Bilbao Arte Sakroa apirilaren 10etik 14ra
2025-03-27 07:53 MusikeaMirespena / Admiración goiburuari eutsiz, kontzertuak Gizakundearen eleizan egingo dira egunero, 19:30ean.

Gizakundearen eleizeak Bilboko Udalak atondutako BAS, Bilbao Arte Sakro Jaialdia, hartuko dau eta Bach, Carissimi, Palestrina edo Zubiaurre konpositoreen musikea entzungo da: La Ritirata, The Tallis Scholars, London Handel Players, Bilboko Koral Alkartea eta La Spagna izango dira kontzertuetan protagonista.
Sarrerak 10 euroan egongo dira salgai apirilaren 1etik aurrera erosi ahal izango dira Arriaga Antzokiko leihatiletan, www.teatroarriaga.eus webgunean, musika-musica.bilbao.eus webgunean eta eleizan kontzertu bakotxa hasi baino 30 minutu lehenago.
BAS, Bilbao Arte Sakro 2025
- La Ritirata. Apirilak 10, eguena.
- The Tallis Scholars. Apirilak 11, barikua.
- London Handel Players. Apirilak 12, zapatua.
- Bilboko Koral Alkartea. Apirilak 13, domekea.
- La Spagna. Apirilak 14, astelehena.
Eguenean, apirilaren 10ean, La Ritiratak Maitasun mistikoa interpretauko dau, Durón, Torres, Hidalgo, Cabanilles edo Sances lako Barrokoko konpositore espainiar eta italiarren musika errepertorioa. Taldeak Santa Teresa de Jesus, San Juan de la Cruz, María de Zayas eta Lope de Vegaren poesia mistikoagaz bateratuko dau. Josetxu Obregonek zuzendutako kontzertuan Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Manuela Velasco aktorea izango dira.
Hurrengo egunean, apirilaren 11an, Palestrinaren jaiotzearen 500. urteurrena ospatzen dan urtean, The Tallis Scholars britainiar taldeak gitxi ezagutzen dan meza bat eta konpositorearen moteterik onenetako bat interpretauko ditu. Era berean, errepertorioan Orlandus Lassusen zenbait obra izango dira. Peter Phillipsen gidaritzapean, besteak beste, Missa Ut re mi fa sol la, Laudate pueri dominum, Media vita, Tribulationes civitatum, Timor et tremor eta Tu es Petrus entzungo dira.
Bestalde, apirilaren 12an, zapatuan, London Handel Playersek Bachen kantata erlijiosoei eskainiko deutse bere programea, Barroko berantiarraren adierazle nagusia. Saio honetan Jessica Cale sopranoa, Mercé Bruguera Abelló mezzosopranoa, Benedict Munden tenorra eta Tristan Hambleton baxua entzungo dira.
Apirilaren 13an, Bilboko Koral Alkarteak Valentín María de Zubiaurre (1837 – 1914) – Durangoko San Antonio komenturako musika proiektua aurkeztuko dau lehenengo aldiz —komentuko hormen artean ehun urte baino gehiago igaro ondoren—, musikari bizkaitarrak komentuko komunidaderako sortutako lan argitaratubakoari balioa emonez. Musika tradizino aberatseko corpusa da, eta agirian ixten dau Zubiaurrek jaioterriaren eta liturgiaren aurrean sentidu eban atxikimendua. Holan, programeak latinez, euskeraz eta gaztelaniaz idatzitako obrak batzen ditu.
Azkenik, apirilaren 14an, astelehenean, Alejandro Mariasek zuzendutako La Spagna taldeak Lamenti di donna kontzertuagaz amaituko da 2025eko BAS. Errepertorio horretan, rol eta egoera ezbardinak dituen sei emakume —maitale irrikaria, maitale traizionatua, erregina kondenatua, dontzeila jazarria, printzesa abandonatua eta ama kanibala— ikusiko dira malenkoniaren, traizinoaren, bidebakokeriaren, lizunkeriaren, abandonuaren eta damuaren aurrean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!