'Euskararen Herri Hizkeren Atlasa'ren harribitxiak agerian
2025-03-25 13:00 Euskerea berbagaiDenboraren gurpilean liburuan.
Euskaltzaindiak eta Laboral Kutxak Denboraren gurpilean izenburu dauen liburua aurkeztu dabe Akademiaren egoitzean. Ganera, liburuak bilduma barria estreinau dau, Berba-mintzoak izenekoa. Liburu-bilduma horren helburua da Euskaltzaindiak aurreko mendearen 80ko hamarkadean ahasi eban Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoaren mamia gizarteratzea, modu lau eta erakargarri batez.
Bilduma etnografikoa da Berba-mintzoak eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa obran jasotako lekukotasun oparoak ditu oinarri. Herri Hizkeren Atlasa Euskaltzaindiak 1984an martxan jarritako egitasmoa da eta ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotzea dau helburu. Hizkuntza atlasa da. Ehunka inkesta egin ziran 80. hamarkadean, eta galde-bilduma horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen zituan: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak batzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziran.
Ipuinak, errituak, kantak eta esamoldeak
Hedabideen aurrean eginiko agerpenean izan dira, hurranez hurran, Adolfo Arejita euskaltzain osoa eta Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoaren zuzendaria, Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria eta Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikaria.
Adolfo Arejitak ondokoa adierazo dau: denporearen kontzeptua da lehen liburukirako hautatu dogun gaia. Ondoren etorriko dira argizagiei eta eguraldiari jagozkionak. Hamabi edo hamairu gai-arloko bildumea dogu aurrez begiz jota. Holan, Herri Hizkeren Atlasaren harribitxiak agerian jarriko ditugu, besteak beste, 80. hamarkadan eginiko inkesta horreetan jaso ziran ipuin, kontakizun, erritu, esamolde, kanta, ohitura eta sineskerak, orain arte publikatu gabeko material interesgarria.
Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendariak erakundeen arteko alkarlanari heldu deutso haren berbaldiaren hastapenean eta gogoratu dau aspaldikoa dala Laboral Kutxaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana: zorionekoak gara aukera daukagulako. Akademiagaz dogun lankidetzea 1977. urtean hasi zan, Euskararen Liburu Zuriaren argitalpenagaz. Azken urteetan, makinatxu aurkezpen partekatu ditugu Akademiagaz, gaur zabaltzera goazen Denboraren Gurpilean liburuaren oinarrian dagoan Herri Hizkeren Atlasa ezagutarazoteko egin diranak. Holan, Laboral Kutxaren etenbako babesa izan dau Euskaltzaindiak, izan be, izugarrizkoa da egindako ibilbidea, 80. hamarkadean Euskal Herrian zehar herriz-herri egindako grabaketa horreetatik hasi zana. Beraien jakintza partekatzeko borondatea erakutsi eben persona guzti horreekaz alkartu zan Euskaltzaindia eta egindako guztiagaz gure euskera maitea berreskuratu eta jagoteko baliabide preziatuak eskuratu ditugu.
Bildumearen garrantzia be nabarmendu dau Laborak Kutxako ordezkariak: euskerea jagon, babestu eta etorkizunari begira jartzeaz gan, bilduma horren bidez Euskaltzaindiak jasota dauzkan testigantzetaitik abiatuta, garai bateko mundu-ikuskera eta orduko bizimoduak berreskuratuko ditugu. Etorkizuneko erronkei erantzun egokiagoa emongo deutsagula uste dot.
Denporaren antolaketea eta egutegiari lotutako kontzeptuak
Zuriñe Goitia Euskaltzaindiko teknikariak adierazo ditu liburuaren zehetasunak: Berba-mintzoak bildumearen lehenengo alea dan Denboraren gurpilean horrek, denporearen antolaketeari eta egutegiari lotutako kontzeptuak landu ditu; kontzeptu edo eduki horreek izentatzeko berba zein forma askotarikoak adierazoteaz gan, irakurleek euskerearen eremu barruko hainbat kultura, bizimodu eta ohitura-adierazpen topauko ditue. Holan, liburuaren gorputza hiru atal nagusitan atonduta dago: lehenengoa Denboraren antolaketea da eta berton astearen egunak, urtaroak eta urteko hilabeteak zehaztu dira. Bigarrenean, Egunaren atalak eta agurrak izenekoan, egunsentia, goiza, eguerdia, arratsaldea eta abar zehatu ditugu, baita egunaren atalotan erabilitako agurrak be; eta hirugarrenean, Urteko egun seinalatuak izenburupean, urte barruko egun printzipalei erreparatu deutsegu, Urteberri egunetik Eguberri egunera bitartekoei.
Edukiei lagunduta, Markel Urrutia ilustratzaileak eginiko irudiek hornitzen dabe liburua. Ganera, atal bakotxean QR kodea be badago, nahi izanez gero Herri Hizkeren Atlasean baturik dagozen hizkuntza-mapetara jo eta hantxe ezarritako lexiko-adierazpen guztien irudikapen geografikoa eskuratu ahal izateko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!