Euskerearen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutua sortu dabe

Bizkaie! 2025-03-24 13:35   Euskerea berbagai

Egiteko nagusia izango da hezkuntza-sistema inklusibo eta ekitatiboa eratzen laguntzea. 

Euskerea ardatz dauela, eredu eleanitza bermatuko dau. Euskadik aurrendari izaten jarraituko dau hizkuntza minorizatua dan berezko hizkuntzan erakusten dauen sistema eleaniztun bat gauzatzen, barrikuntza didaktiko eta metodologiko aktiboen bidez. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskerearen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuaren inguruko azalpenak emon ditu gaur Legebiltzarrean, institutuko zuzendari Josune Zabalaga batera. Hezkuntza Sailaren menpeko organo barri hori, besteak beste, ikasgeletan praktika pedagogiko eraginkorrak ezartzeaz, euskerearen erabilera aktiboa sustatzeaz eta irakasleak prestatzeaz arduratuko da. Hezkuntza sailburuak azaldu dauenez, euskerea eta euskal kulturea ardatz hartzen dituan esparru eleaniztun eta kulturartekoa eregiten lagunduko dau Euskerearen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Institutuak. Hizkuntza ofizial biak, euskerea eta gaztelania, menperatzeaz gan, atzerriko hizkuntza bat, gitxienez, ondo ezagutzea be sustatuko dau. Bide horretan hezkuntza komunidadeko parte-hartzaileak, irakasleak, ikasleak, hezitzaileak, langileak eta udalerriak be, institutuaren jardunean eragile izango dira.

Hizkuntza gaitasunari jagokonez, gero eta emoitza hobeak lortzea da Euskal Hezkuntza Sistemearen helburua eta horregaitik, sailburuak albiste ontzat dau: euskerak eta gainerako hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntzeagazko ardureak leku berezitu bat izatea Hezkuntza Sailean hemendik aurrera.

Euskerearen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako Intitutuaren sorrerea 17/2023 Legearen 90.artikuluan aurreikusi zan, etorkizuneko euskal hezkuntza-sistemeari buruzko hitzarmenaren oinarriak zehazteko Osoko Bilkurearen erabagian be (2022ko apirilak 19koan) adostu zan. Orain, espacio eta denpora gehiago, gogoeta eta praktika gehiago, jakintza eta baliabide gehiago eregi zein eskaintzeko institutu hau sortu izana goraipatu dau Pedrosak: barri on eta pozgarria da hau gure hezkuntza sistemarako eta barri oso ona da gure gizarte kulturanitzerako be. Institutuaren helburuak lortzeko, irakasleen etenbako prestakuntzea ardatz nagusia izango da hurrengo ikasturteetan. Lantalde espezializatuen eskutik, ikastetxeetako hizkuntza proiektuen nondik norakoak zehaztuko dituan dekretua proponiduka dau aurten eta pedagogiari eta antolaketa-eraldaketeari be ekingo jake.

Zeharkakotasuna eta lau lan eremu

Institutuak zeharkakotasunez eragiteko ahalmena izango dau. Alkarlana eta alkarreragina sustatuko dau hezkuntza sailaren sailburuordetza danakaz eta zuzendaritzakaz batera. Horretarako Institutuak lau lan eremuotan jardungo dau: Prestakuntzea eta aholkularitza eremuan, Hizkuntzen gaitasuna eta jarreren lanketa eremuan, Euskerearen normalizazinoa eta hizkuntzearen didaktika eremuan eta Ikerketearen, dokumentazinoaren eta zabalkundearen eremuan.

Bizikidetza eta aniztasunarekin lotuta Legebiltzarrean izandako agerraldian, Pedrosa sailburuak gogorarazo dau bizikidetza eta aniztasunaren eremuan kokatu zala euskerearen auzia hezkuntzan, Euskal hezkuntzeak, batez be euskalduntzeari eta inklusio-politikei jagokenez, errealidade barri baten funtzino eraldatzailea eta egituratzailea bete izan dau azken hamarkadetan. Esangura horretan, hezkuntza sistemea gero eta anitzagoa dan neurrian, beste erronka batzuk zehaztu doguz eta momentu honetan, euskal hezkuntza eleaniztuna zein kulturartekoa lortzea da geure buruari jarritako erronkea azaldu dau. Beraz, euskerea ardatz daben hiztun eleaniztunak eta kulturartekotasunaren ikuspegitik, inklusiboak
lortzea beharrezkotzat jo dau.

Eskola bidezko euskalduntzeak hartu dau indarra

Lau hamarkadatan, bikoiztu egin da lurralde honetako euskaldunen kopurua. Munduan ezagutzen dan hizkuntza gitxitu gehienen kontrako norantzan doa aurrera Euskadiko eredua. Pedrosa sailburuak azaldu dauenez, 'euskaldun kopuru gehien dauen edade tartea ume eta gazteena da gure gizartean. Euskerea gaztea da; gazteek dakie euskera gehien, ingurune erdaldunetan izan da bilakaerarik handiena, beraz, etxetik euskaldun ez diran neska eta mutil gazte askoren bigarren hizkuntzea da, gaur egun, euskerea, izan be, momentu honetan, 30 urtez azpiko hamar gaztetik seik etxetik kanpo ikasi dau euskerea, ia guztiek hezkuntzeari esker. Horrek guztiak ekarri dau euskaldunen konplexutasuna be, gero eta errealidade anitz
eta konplexuago baten aurrean gagoz euskerearen soziolinguistikeari jagokonean eta aurrerapenak aurrerapen, ikasleek euskerea eta euskeraz ikasteaz harago, hezkuntzan beste behar batzuk sortu dira, kulturarteko hezkuntzea, hizkuntza aniztasunaren kudeaketea, ahozko hizkuntzearen gaitasun nahiz erabilerea, ezagutza-praktika soziolinguistikoak... Erronka horreen aurrean, ondokoa nabarmendu dau: euskeraren erabilerea errazteko, eskola-komunidadea motibetako eta ikasleen arteko hartu-emonetan euskerearen erabilera indartzeko proposamen barritzaileak ekarri behar dirala azpimarratu dau. Euskerearen eta Hizkuntzen Ikaskuntzarako institutua horri guztiari erantzuna emoteko amesagaz sortu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu