'Jalgi Hadi!' dokumentala badator AEK-Korrika eta Mirokutana etxearen ekinbidez
2025-03-24 10:19 Euskerea berbagaiEuskerearen bihotza eta burua ardatz dituan proiektuak danon laguntzea behar dau.

Onintza Enbeita Maguregik ehaztu dauenez, proiektu hau martxan jarteko izandako txinpartea da dokumentala, erabagi kontzientea, esfortzua eskatzen dauena, baina trukean asko emoten deutsuna. Gure hizkuntzea estualdian dagoala sentiduten dogu. Eta egun dagoan zaratearen aurrean, bidea topetea ez da erraza izango. Iñaki Iurrebaso Biterik bere tesiaren harira dinoen bezela, kontrako norabidean goaz eskailera mekanikoan, eta eten ezkero, atzera goaz.
Oldarraldi judiziala, erabilerea behera, batua ala euskalkia, euskañola, migrazinoa, arnasguneak, sare sozialak, adimen artifiziala, euskalgintzearn ekosistemea, administrazinoa... Gai asko eta eragile asko dagoz orain jantzan. Danen artean eztabaidatu eta hirugarren berpizkunde bat eragin nahi da.
Dokumentala euskal komunitateari dago zuzendua. Ez euskal hiztunei bakarrik, baita euskerea maite daben danei baino. Euskerea bizi(rik) ikustea nahi dauen edozeini zuzendutako ikus-entzunezkoa da.
Mirokutana
2016an sortu zan eta erabilitako generoa eta formatua edozein izanda be, bere produkzinoaren filosofiak hiru oinarri ditu: euskal kulturea, lankidetzea eta giza eskubideak. Ordutik hona, hamaika lan produzidu ditu: Emarri, Muga Komando, Marmitako Judoka eta Europa laburrak eta Bihar dok 13, Karpeta Urdinak eta Indarkeriaren Oi(h)artzunak filmak. Lanok Europa eta nazinoarteko jaialdi garrantzitsuenetan aukeratuak eta sarituak izan dira, besteak beste, SSiff, Idfa, Thessaloniki, Ficg, Ficx, Documenta Madrid, Dovs Mx, Fipadoc edota Edinburgo.
AEKn badakigu hamarkada honetan egiten ditugunak, edo ez ditugunak, euskerearen etorkizuna markauko dabela. Hausnartzeko eta eragiteko garaia da, eta dokumental hau, Korrika mundu zabalean ezagutarazoteko ez eze, horretarako tresna izatea nahi dogu. Ikus-entzunezko honen bitartez, berpizkundea etorriko dalakoan gagoz eta erdigunean jarri AEKrentzat gakoak diranak: ezagutzearen unibersalizazinoa, euskerea eroso erabilteko eremuak sortzea, garatzea eta alkarlotzea; hizkuntza-politikearen norabidetzea; eta helduen euskalduntzearen estrategikotasunari eustea. Helburua da Euskal Herriko biztanle guztiak euskeraz eroso bizitea.
Kontuak ontu, Korrika barrutik ezagutzeko aukerea emongo deusku dokumentalak, izan be, ekimena posible egiten dauen taldeari jarraitu eta bidean sortzen diran ardura eta arazoei alkarregaz aurre egingo deutsegu, Korrikaren emozinoa ezagutuz; eta bestetik, filma hainbaten topagune bihurtzea da asmoa: soziologo, antropologo, hizkuntzalari, kulturgile, politikari eta beste hamaika euskaltzale. Alkarrizketen bitartez, euskerearen joanaz, orainaz eta etorkizunaz berba egingo dogu.
Euskal ekimenik erraldoiena
Euskerea maite dauen edozeinentzat dabiz dokumentala egiten. Euskerea bizirik ikusi nahi badozu, egin klik hemen eta lagundu crowdfunding bitartez. Edozeinek egin leikez ekarpenak, 20 eurokoak eta hortik gorakoak. Ekarpenak martiaren 25era arte egin daitekez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!