Hemen da euskerazko diktaketa-sistema barria

Bizkaie! 2025-03-20 13:04   Euskerea berbagai

Dibersidade funtzionala daben ume eta gazteentzako lagungarri.

Umeen ahotsaka ondo dabilen euskerazko diktaketa-sistema barria landu dau Orai NLP adimen artifizialeko zentroak, Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak, Seaskako Integrazino Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Alkarteak bultzatuta, Languneren aholkularitzeaga eta ‘Euroeskualdeko Uritartasuna’ deialdiko dirulaguntzeari eta SPRIren dirulaguntzeari esker.

Sistema hau oso baliogarria izango da desgaitasun motorrak dituen ume eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan zehaztu dau Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak, izan be, euskerazko idazlanak egin ahal izango ditue, tekleau beharrik barik, testua berbeta bidez diktauta. Dagoeneko erabat landutako plataformeak euskeraz esandakoa transkribidu egiten dau, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz egin daitekez aldaketak edo zuzenketak, azaldu dau (bideoa).

Hizkuntza eta hizketa-teknologiak oso baliogarriak dira hezkuntzearen munduan ikasle guztien inklusibidadea lortzeko bidean. Ikastetxeetako egunerokoan erabilten diran sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek integrauta ditu hizketearen sorkuntzako, itzulpen automatikoko eta hizketearen ezagutza automatikoko sistemak. Baina horretako gehienak ez dira erabilgarri euskeraz, eta ez dagoz umee ahotsetarako prestauta.

Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Alkartearen, Languneren helburua da hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta teknologiaren inklusibidadea lortzea, kontuan hartuta behar bereziak dituen umeek teknologia erabilteko zer zailtasun dituen, azaldu dau Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak. Oraigaz alkarlanean ezarri ziran AskHezi proiektuaren oinarriak orain hiru urte.

Euskerazko hizketa testu bihurtzeko Oraik orain arte landutako tresnak umeen ahotsetara egokitzeko eta eredu neuronalak entrenetako Euskal Herri osoko zenbait ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak grabau dira: 70.000 grabaketa baino gehiago egin dira. Hurrengo erronkea: sistemea martxan jartea. Proiektuaren sustatzaileak pozik dagoz lortutako emoitzeagaz: oso interesgarria eta polita izan da prozesua. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialeko aplikazino oso baliogarria da hau, dibersidade funtzionala daben umeei euskeraz ikasi deien laguntzeko tresna bat sortu baitogu. Baina tresnea erabiltzaileakana heltzeko azken urratsa falta da. Plataformea prest dago, baina ez da ordenagailuan instalauta dabilena. Hizketa-teknologietako eta adimen artifizialeko tresna honeek sare neuronaletan oinarritzen dira eta sare neuronal horreek ordenagailu ahaltsuak behar izaten ditue —azaldu dau Oraiko ikertzaileak—. Plataforma bera hainbat ume edo gaztek erabili behar badabe aldi berean, horrek azpiegitura bat eskatzen dau, zerbitzariak behar dira horretarako. Eskalagarritasuna da gure erronka handiena orain.

Behar bereziak dituen umeen gurasoek eskatuta jarri zan AskHezi proiektua martxan eta itxaropentsu dagoz tresna barriagaz: Ikasketa-prozesua beharko dabe gure seme-alabek tresnea zelan erabili, komandoak ikasi eta sistemea probetako. Baina oso aukera ona zabaltzen jak euskerazko ikasketa-prozesuan aurrera egiteko, dino Gabriel Martiarenak (proiektuaren bultzatzaile izan dan gurasoetako bat).

AskHeziren sustatzaileek (Ikastolen Alkarteak, Seaskako Integrazio Batzordea eta Sortzen Alkartea) balio handia emoten deutse proiektua aurrera atarateko izan daben lankidetzeari: Euskal Herriko hiru lurralde administratiboetako sare publikoko eta ikastoletako hainbat ikastetxek bultzatuta lankidetzan ibili gara behar berezi bat daben umeek euskaraz ikasteko daben eskubidea bermatzeko lanean.

Proiektuaren sustatzaileek aparteko inportantzia emoten deutse euskerazko diktaketa-sistema hau jorratu ahal izateko jasotako dirulaguntzei: Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programeak bi urtez lagundu dau proiektua eta Eusko Jaurlaritzeak be diruz lagundu dau SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu