Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren unibersoan jarriko dau arretea
2025-03-19 13:52 Euskerea berbagaiEuskal kulturearen kanpo proiekzinoa bultzatzeko asmoz.
_content.jpeg)
Ça colle au basque dau izena Etxepare Euskal Institutuak datozen lau urteetarako aurkeztutako ekimenak. Euskal kulturearen proiekzinoa frankofoniaren eremuan indartzea dau helburu; frantsesa hizkuntza daben 321 miloe personak osotutako kulturea, nortasun eta hizkuntzen mosaikoa.
Proiektua Getariako Zarautz Jauregian aurkeztu dabe, kultur sektoreko eta erakundeetako 50 bat ordezkarik egindako lan-saioan. Hor izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Maël Solen Picard Quebecek Bartzelonan dauen Bulegoko zuzendariak, Yves Kordian Malandain Ballet Biarritzeko zuzendari ondokoak eta Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak. Horreezaz gan, kultur eta sormen ehunaren parte diran profesionalak, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko ordezkari instituzionalak, Euskadik Parisen eta Bruselan dituen ordezkariak, Euskal Hirigune Alkargoa, Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdea, Sorbonne eta Bordeaux Montaigne unibersidadeak eta EuroBasque izan dira.
Bengoetxeak adierazo dauenez, Euskadik arretea nazinoartean jarri nahi dau, gure ahotsa erabagiak hartzen diran guneetan entzuteko. Munduan nor garen adierazoten dauen elementu izan nahi dogu, hau da, mugaz gaindiko kooperazinoa sustatu, sareak sendotu eta gure nortasuna uniberso frankofonoan edegi.
Larrazak, barriz, ondokoa esan dau: datozen lau urteetan Institutuak frankofoniaren eremuak eregitea nahi dogu, guri buruzko ezagutza handitzeko asmoz eta lankidetza barriak sustatzeko ilusinoz. Era berean, historian zehar hegemoniak marraztutako mapetan sorkuntzea eta hizkuntza gitxituek dogun lekuaz eta garrantziaz hausnartzea da asmoa.
Horretarako, Etxepare Euskal Institutua hainbat lurralde frankofonoetako erakundegaz loturak sortzeko, garatzeko eta sendotzeko lanean dabil, komunidade horren nazinoarteko proiekzinoa aprobetxauta.
Ekimenak, euskerearen ezagutza eta prestigioa sustatzearen alde egiten dau, esparru akademikoan euskerea zabaltzea bultzatuz.
Frankofonia
Hizkuntza, kultura eta identidadeen mosaiko zabal eta ugaria da frankofonia; frantsesa hizkuntza daben 321 miloe laguneko komunidade plurala, bost kontinenteetan banatuta dagoana. Ganera, frantsesa munduko bosgarren hizkuntzarik erabiliena da. 2025etik aurrera, Etxepare Euskal Institutuak errealidadea aztertu nahi dau, euskerearen gaineko ezagutza eta euskal kulturea sustatzeko eta gure kultura-eragileentzat lankidetza-aukera barriak bultzatzeko.
2018ttik, Institutuak Kultur Konexinoak izeneko ekimenak landu ditu. Epe luzeko ekimen horreen bidez, hartu-emonak estututea, sortzaileen eta kultura-eragileen arteko lankidetzea indartzea, eremu kultural eta akademikoan hartu-emonak bultzatzea, eta Euskadiren profila indartu eta kultura eta sormen sektorerako posizino on bat ezartzen laguntzea helburu daben jarduerak sustatzen ditu.
Lau ardatz
Ça colle au basque ekimena lau ardatzen bidez jorratuko da. Lehenik eta behin, Etxepare Euskal Institutuak frankofoniaren eremuan bultzatzen dituan dinamika eta proiektuetan euskerearen eta euskal sorkuntzearen presentzia sendotuko dau, besteak beste, Québec en toutes lettres (Quebec, Kanada), Fest Arts (Libourne, Frantzia) edota Foire du Livre de Bruxelles (Brusela, Belgika) jaialdietan.
Horren ostean, finantziazino arlo barriak bultzatuko dira, euskal sortzaile eta eragileek lurralde frankofonoetako erreferentziako azoka, jaialdi eta ekitaldi kultural eta artistikoetan parte hartu deien errazteko, baita argitalpen-sistemean presentzia bultzatzeko be.
Hirugarren ardatza da Ipar Euskal Herriko eragile kultural eta instituzionalakaz lankidetzea indartzea. Euskal kulturearen eta kultura frankofonoaren arteko zubi naturala dira eta uniberso horretara sarbide bihurtzeko potentzial handia dabe, errealidade linguistikoa eta egitura instituzionala partekatzen dabe-eta.
Amaitzeko, Etxepare Euskal Institutuak landutako esparru akademikoa indartu ahal izango da, erreferentziako unibersidadeetan euskerea eta euskal ikasketak zabaltzeko aukera barriak sortuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!