Martxan da V. VillaSoundBilbao Jaialdia
2025-03-14 08:34 MusikeaGaur, hilak 14, izango da aurkezpen ekitaldia Bilborocken.

VillaSoundBilbao (VSB) Jaialdiaren V. edizinoak baditu aukeratutako 12 talde eta bakarlariak. Horreek, martiaren 21etik apirilaren 11ra arte, bariku guztietan ibiliko dira VSB Festen, Bilborocken, 20:00etatik aurrera. Ekitaldi guztietarako sarrerak doban izango dira.
Aukeratutako taldeak gaur, martiak 14, iluntzeko 20:00etan hasita, Bilborocken egingo dan ekitaldian aurkeztuko ditue eta bakotxak zein egunetan jardungo dauen iragarriko dabe. Ekitaldia amaitzeko Rally 48 taldearen kontzertua egongo da, VSB24 Tourreko irabazlea izan zalako.
Jaialdiaren helburua da 16 eta 35 urte arteko gazteen sorkuntza-lanak sustatzea eta musika arloko egungo proposamenak eskaintzea publikoari.
Taldeak
- Marmitako Trap Banda (Bizkaia).
- Reeler (Bizkaia).
- Maddi (Nafarroa).
- Hondora (Gipuzkoa).
- Goodbye Keppler (Bizkaia).
- Antimeta (Bizkaia).
- Mexin (Bizkaia).
- Garraio (Bizkaia).
- Kbless (Nafarroa).
- Alen Malva (Bizkaia).
- Hartzak Zeruan (Nafarroa).
- Aizoo (Bizkaia).
Danetara, 123 taldek eta bakarlarik emon dabe izena VSBren bosgarren edizinoan: 87 talde Bizkaikoak dira; 20 talde Gipuzkoakoak; 10 Nafarroakoak eta 6 Arabakoak. Taldeak osatzen dituen 369 personetatik 49 emakumeak dira (% 13,3). Kantuetan erabilitako hizkuntzeari jagokonez, gaztelania da nagusi (taldeen % 62) eta ondoren euskerea (% 56), eta gero ingelesa (% 32). Izena emon daben kideen batez besteko edadea 26,5 urtekoa da. Aukeratutako talde eta bakarlariak, 8 Bizkaikoak dira, 3 Nafarroakoak eta 1 Gipuzkoakoa.
Apirilean, epaimahaiak hautatutako 12 talde eta bakarlari horreek VSB Mentoring prestakuntza-programan parte hartuko dabe. Programea hainbat adituk emongo dabe eta, besteak beste, gai honeek landuko dira: Booking, kontzertuak eta birak (Musika Bulegoaren eskutik), Jaubetza intelektuala eta Egile Eskubideak (SGAE Fundazinoaren eskutik) eta PR & Komunikazinoa edo Produkzinoa. VSB Festen kontzertu-fasearen ondoren, epaimahaiak horreetako 6 aukeratuko ditu mentoring personalizatua eta estudioko saio bana emoteko. Maiatzean eta bagilean izango dira.
VSB Sariak ekitaldian, maiatzaren 3an Bilborocken, VSB25 Tourra zein taldek edo bakarlarik egingo dauen iragarriko da. Lau kontzertuko birea izango da, estaduko urietan, Son Estrella Galicia zikloaren barruan. Era berean, ekitaldi horretan, Musika Bulegoa, SGAE Fundazinoa edo BIME lako babesleek emondako ganerako aitamenak jakinarazoko dira eta ekitaldia amaitzeko Aiko taldearen kontzertua egongo da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!