Mendaroko 'Txirristaka', Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2025-03-14 08:00   Bertsolaritzea

Mugertzari buruzko liburua Andoni Egañak eta Ainara Azpiazuk egin dabe.

Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolaria jaio zala 150 urte bete ziran igaz. Horren harira, Mendaroko Udalak, In Leike Kultur Alkarteak eta herritar talde batek kultur programea atondu eben. Horreezaz gan, Mugertzari buruzko liburua sortu eban Andoni Egaña bertsolariak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak. Liburuaren sortze prozesuari eta Txirristaka bertsolariai buruz berba egingo dabe aste honetako Hitzetik Hortzeran.

Lehendik bazan Mendaro Txirristaka liburua Auspoa Sailaren eskutik, eta handik hasita sortu dau orain ipuina Andoni Egañak. Bertso jartzaile oparoa izan zan Txirristaka. Haren bertso jarriek ondo islatzen dabe zelakoa izan zan bere bizimodua, baita garai hartako gizartea be. Behin ipuinaren berbak jasota hasi zan lanean Ainara Azpiazu Axpi ilustratzailea. Haren umetako ipuinen kutsua eta kolorea eman gura izan deutsola azpimarratu dau Axpik. Testutik marrazki eta ilustrazinoetarako bideari buruz be berba egingo dabe programean. Sortzaie biak, Egaña eta Axpi, gustura dagoz liburuaren emoitzagaz.

Azkoitia eta Andoaingo bertsoaldiak

Betiko lez, alkarrizketez gan bertsoaldiak entzuteko tartea be izango dogu Hitzetik Hortzeran.

Azkoitian bertso saioa atondu eben Emakumeen nazinoarteko egunaren barruan: Alaia Martin, Eneritz Artetxe, Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga izan ziran kantuan. Haritz Alberdi, barriz, gai-jartzaile lanetan egon zan.

Andoaingo bertsoak entzuteko aukerea be izango da. Urtero atontzen dabe Sahararen aldeko bertso saioa bertako bertso-eskolak, Andoaingo Udalak eta Hurria Saharak. Aurton Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Andoni Rekondo, Eneritz Artetxe, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaranek izan dira bertsotan. Gai-jartzaile lanak, Maddi Etxeberriak egin zituan.

Hitzetik Hortzera, zapatuan 21:00etan ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu