Leonel Morales parebako pianisteak kontzertua eskainiko dau Bilboko Alkarte Filarmonikoan
2025-03-12 13:00 Musikea2025eko Piano Week entzutetsuan, martiaren 14an izango da.

Musikea inoiz baino beharrezkoagoa da gaur egun, mugak gainditzen dituan hizkuntza unibersala eta Europan kulturearen batasuna bultzatzeko elementua dalako. Holan, Eurobasquek eta Bilboko Koral Alkarteak Europaren aldeko Kontzertua atondu dabe, 2025eko Piano Week ekimeneko hitzordu nabarmenetakoa.
Kontzertuko protagonista Leonel Morales izango da, nazinoartean pianista entzutetsua, Yangtze River Pianoko artista esklusiboa eta Grotrian-Steinweg marka prestigiotsuaren ordezkaria Espainian. Munduko agertokirik ezagunenetan ibilitakoa, Moralesek Europako piano-errepertorioaren esentzian zeharreko musika-bidaia egiten dauen programea eskainiko deusku. Errezitala Frédéric Chopinen re minorreko 4. Baladeagaz (Op. 52) hasiko da, erromantizismoaren lirikotasuna eta konplexutasuna batzen dituan obreagaz. Ondoren, Ludwig van Beethovenen 23. eta 21. sonatak joko ditu: fa minorreko Appassionata eta do maiorreko Aurora, biak Europako historiako momenturik garrantzitsuenetan nabarmendu izan dan burruka eta askatasun-espirituaren erakusle. Kontzertua Igor Stravinskyren Tres escenas de Petroushka lanaren adierazkortasun biziaz amaituko da, tradizinoaren eta barrikuntzearen buztarketea islatzen dauen obra horregaz, gure kontinenteko kulturearen aberastasuna gogoratu daigun.
Momomentu honetan, aliantza estrategikoen berregokitzapena, ekialdeko mugetako gatazkak eta Europar Batasunak mundu-mailako orekeari eusteko ahaleginetan, Europaren aldeko Kontzertu honek artea alkar ulertzeko eta alkarbizitzarako tresnea dala aldarrikatuko dau. Ekitaldiak, bere balio artistikoa alde batera itxi barik, belaunaldien arteko topagune izan nahi dau. Hori dala eta, errezitala amaitutakoan, bertaratutako gazteenei agertokira hurreratzeko eta pianisteagaz egoteko aukerea emongo jake, besteak beste, artistearen sinadurea jaso deien; era berean, opariak eta sorpresak be izango dira, helburua musika klasikoagazko interesa biztutea eta kontzertua esperientzia ahaztuezina bihurtzea da.
Pianoa omenduko dan aste honetan, askotariko obraz osotutako programazino aberasgarriagaz, Bilboko Koral Alkarteak be bere ateak edegi eta musikea bere adierazpen gorenean bizitea, talentu barriak ezagutzea eta pianoaz eskaintzen dituan forma guztietan gozau deien da asmoa. Arteak inspiretako eta batzeko dauen boterea berrestea da jaialdiaren asmoa.
Egitaraua:
- Europaren aldeko Kontzertua - Martiak 14, arratsaldeko 19:30ean, Leonel Morales pianistea.
- Aparteko hirukotea – Martiak 15, arratsaldeko 19:30ean, Uxue Filibik, Daniel Bertomeuk eta Eugenia Sánchezek, nazinoartean joten daben hiru pianista gazteek, beren birtuosismoa, sensibilidadea eta interpretazinorako nortasuna erakusteko errezitala eskainiko dabe.
- Pianoa familian – Martiak 16, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Koral Alkarteko ikasleak beren familiakaz agertuko dira oholtzan. Gurasoak, anai-arrebak eta aitita-amamak bat eginda, musika-ospakizun honek pianoa belaunaldiak gainditzen dituan loturea dala erakusteko.
- Sonatxiki – Martiak 18, arratsaldeko 18:00etan, sonata eta txiki berben arteko olgetea emoten deutso izena errezitaldiari, Bilboko Koral Alkarteko interprete gazteenek gogoz eta ilusinoz erakutsiko baitabe zelan trebatu diran pianoa joten.
Sartzea doban da aretoa bete arte, baina konbidapenak aldez aurretik jaso behar dira Bilboko Koral Alkarteko harrera-lekuan (Felipe Serrate kalea, 2 – A-O: 11:00 – 20:00).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!