Kirmen Uribe: 'nork esan dau literatureak ez dauela mundua aldatzeko balio?'

Andoni Mugica Lopez 2025-03-17 08:00   Barriketan

Kevin Young, The New Yorker aldizkariko poesia editoreak, Maiatza poemea aukeratu dau A Century of Poetry in The New Yorker: 1925-2025 bilduman jarteko.

Aldizkaria sortu ebenetik (1925) bertoko orrietan argitaratutako poemen bildumea egin dau editoreak. Uriberen poemea, jatorriz, Bitartean heldu eskutik obran kaleratu zan. May Elizabeth Macklinek itzulita irakurri daiteke liburuan.

Kirmen Uribe Ondarroan jaio zan arrantzale familia batean. Gasteizen ikasi eban Euskal Filologia eta Literatura Gonparatuko graduondokoa egin eban gero Gasteizen eta Trenton. Poema-liburu bi ditu, Bitartean heldu eskutik (2001, Susa, Kritika Saria) eta 17 Segundo (Susa, 2019), baita hiru eleberri be: Bilbao-New York-Bilbao (Elkar 2008, Espainiako Narratiba Saria eta Kritika Saria), Mussche (Susa, 2012) eta Elkarrekin esnatzeko ordua (Susa, 2016, 111 Akademia Saria eta Kritika Saria).  

Hainbat hizkuntzatara itzuliak, haren liburuak kalidadeko argitaletxeek atara ditue munduan zehar, esaterako Gallimard (Frantzia), Hakusuisha (Japonia) edo Coffee House Press etxeek (Estadu Batuak). Ganera, oraintsu lez, bere lanak The New Yorker edo The Paris Review lako aldizkarietan be agertu dira. 2017an Iowako Nazinoarteko Idazleen Programarako (IWP) hautatu eben eta 2018an New Yorkeko Liburutegi Publikoak idazketa bekea emon eutson. Ordutik, New Yorken bizi da. Handik, astero idazten dau podcasta Berria egunkarirako. 

 1.- Zorionak Kirmen! Kevin Young, The New Yorker aldizkariko poesia editoreak, Maiatza poemea aukeratu dau A Century of Poetry in The New Yorker: 1925-2025 bilduman jarteko. Zer moduz?

Oso pozik. Pentsaizu ehun urtetik behin egiten dan antologia baten barruan sartuta dagoala euskal poema bat. Ganera, maite dodazan hainbat idazleen artean, esaterako: Jose Luis Borges, W G Sebald, Ann Karson, Wislawa Szymborska eta Octavio Paz. Poema eta poeta ikaragarriak dagoz bilduma horretan, 100 urte honeetan agertzen joan diranak aldizkarian. Oraintsu, hautatu ditu Kevin Youngek poema horreek, tartean nirea. Pozarren nago, jarraitzeko gogoz. Hori bai, poza danona da, ez bakarrik nirea.

Poema bat idazten zabizanean ez dozu ezertan pentsetan, ahalik eta poema onena egin nahi dozu eta besterik ez. Nire ustetan poema horretan irudien kateak funtzionetan dabe, bata bestearen atzetik datozen irudiak, sentimendu unibersala jasoz. Berton, urrutira doan lagun baten galerea adierazoten da. Horregaitik jarri dau Youngek obra hori bilduman. Uste dot formeak aldatzen dauela literaturea, baita sentipen unibersalak izatea be.

2.- May Elizabeth Macklinek itzuli dau poemea. Gustura emoitzeagaz?

Bai, nire esker onak May Elizabeth Macklini nire lanak eta poemak han ederki itzultzearren.

3.- New Yorken bizita be, euskerea zugaz eroan dozu. Zeozelan, euskerearen enbajadore sentiduten zara?

Ez dakit enbajadorea izango nazen, baina kultureak badau indar bat askotan gitxietsi dana. Uste dogu ez dabela ezertarako balio, baina, azkenean, kultureak bide asko edegiten deutsoz gure herriari eta gure hizkuntzeari.

Esangura horretan, suertea izan dot hainbat hizkuntzatan itzulia izatea: 25etan gitxi gorabehera. Halanda ze, hizkuntza txiki batean idatzi arren, posible da munduan irakurleak izatea. Azkenean, kontetan dodana, nahiz eta guk sentidu, beste asko be identifikauta sentiduten dira.

Berria egunkarirako kontu horreek astero idaztea oso gustuko dot, baita podcastak egitea be. Niretzat egunerokotasunaren parte da hemen pasetan jakuna kontetea: sentipenak, akorduak edo ikusten doguna. Askotan, forma poetikoak hartzen ditu eta beste batzutan salaketak dira edo narrazino txikiak. Gustora egiten dodan lana da.

4.- Euskal Herrira laster bueltetako asmoa ala gustura zarie?

Ez dakit itzuliko nazen, ze ganera ez naz joan, Euskal Herrian nago! [Barreak]...

Urtero hieabete asko pasetan dodaz Euskal Herrian. Negu partean hemen gagoz (New Yorken) eta udan Euskal Herrian. Baina askotan bueltetan naz. Igaz adibidez, 17. Irakurketa Jarraian izan nintzan Arriaga Antzokian Bilbao-New York-Bilbao irakurten, baita leku bardinean Saturrarran presentetan edo Karmele filmaketea ikusten be.

Hainbatetan joan nintzan eta ez nazela joan sentiduten dot. Ganera, gaur egun dagozan tegnologiei esker kontaktuan egoten naz. Han eta hemen nago, munduan. Bueltatzearena ikusiko dogu, baina erabat han bizitea ez dot ikusten, momentuz behintzat. Ez dot sekula itxiko Euskal Herria eta ganera euskerea nigaz batera ekarri neban maletan.

5.- Zelan ikusten dozu Estadu Batuetako egoerea? Itxura benetan kezkagarria hartzen dabil...

Kezkagarria da. Gitxi daukatenei kentzen eta dirudunei emoten dabiz. Oso tristea da.

Oraintsu, hezkuntza, unibersidade eta zientziakaz sartu dira eta hori da benetan Estadu Batuak indartsu egin dauena, izan be, mundu mailako unibersidade onenak hemen dagoz. Horren kontra egiten badau, Estadu Batuaren arimearen kontra egiten dabiz. Benetan indarra dabena hizkuntzea eta kulturea dira. Oso tristea da horren kontra egitea.

Baita beste aldea be, osasuna kentzea dirurik ez daukatenei. Zelan biziko da jentea? Gaixorik jarri eta zer egin behar dau?

6.- Aurreko urtean En mis sueños siempre tienes veinte años obrea aurkezteaz gan, besteak beste, Mundua Eder (Mikel Urdangarin) abestiaren letrea eta Saturraran operea be idatzi zenduan. Horreezaz gan, irakasle lanetan be bazabiz New Yorkeko Unibersidadean. Zelan heltzen zara danera?

Gustora egiten dodaz lan horreek, izan be, danak dagoz babestuta, literaturan hain zuzen be. Igaz, abesti bi egin nituan Mikel Urdangarinegaz eta oso pozik geratu nintzan egindako lanagaz. Saturraran operea be gauza handia izan zan, historikoa, betiko geratuko dana. Juan Carlos Perez musikeagaz egin genduan obrea. Oraintsu, Araba Euskerazerako kantu bat egin dogu, letrea euskerearen erabilerea eta transmizinoaren garrantziari buruz.

Horreezaz gan, liburu barria idazten eta klaseak emoten nago. Eskolak literaturearen inguruan dira, nobelak zelan sortu, istorioak nondik atara, osotu... Oso gai politak dira. Beraz, disfrutau egiten dodaz klaseak. Ikasturteko lauhilebeteko baten emoten ditut, gainontzeko hilebeteak idazteko erabilten ditu. Baina, ikasleakaz egoteak biztu egiten nau, oso ederra da gazteekaz hartu-emon zuzenak izatea.

7.- Aurton, Asier Altuna zuzendariak Karmele pelikulea estreinauko dau, zure Elkarrekin esnatzeko ordua obrean oinarrituta. Pantailara Altunak egokitu arren, sortze prozesua ikusteko aukerea izan dozu?

Kristona da Asier Altuna lako zuzendari handi batek filma egitea nire hirugarren lanari buruz, Elkarrekin esnatzeko ordua. Arrazoi askorengaitik ganera eta batez be, familiarengaitik pozten naz: izan be, Karmela Urresti eta Txomin Letamendiren bizitzea kontetan da nobelean. Bikote hori, gerra hasi eta gero hainbat proiektu kulturaletan ibili ziran erbestean, euskal izakerea eta indentidadea erakutsiz artearen bitartez. Gero, erresistentzian sartu ziran, baita Estadu Batuetako zerbitzu sekretuan be. Ikaragarrizko belaunaldia izan zan, guk geuk ahaztu egin doguna.

Beti esan dot euskaldunok guk geuk kontau behar dogula gure historia eta beti egiten dot horren alde nire liburuetan. Beraz, guri buruz idazten dot, hori da nire ardurea. 

Orain, epaile batek edegi dau Txomin Letamendiren kasua, izan be, poliziak torturatu eta gero hil zan 1950ean. Kontuak kontu, liburu baten ondorioz justizia egiten hasten dala ikustea ederra da, nork esan dau literatureak ez dauela mundua aldatzeko balio?

8.- Aitatasunak eragin handia dauka liburuan, orain dala 12 urteko alkarrizketan guri emondako titularra da. Egun, kezka bardinak jarraitzen dozu izaten edo denporeak aurrera egin ahala aldatu egin dira?

Bai, kezkak bardinak dira. Ondarroako arrantzaleen seme txikiena naz ni, Ondarroako mutiko bat. Lehengo eta oraingo kezkak bardinak dira: mundu hobe baten bizi nahi dot, gizarte bidezkoago baten eta horrek motibetan nau. Artea eta kulturea bizi eta gustoko dodaz,  hori ez da aldatuko sekula. Horretan jarraituko dot eta maitasun hori transmitiduten deutset nire seme-alabei.

9.- Zein proiektu daukazu eskuartean orain? Oraindino amesik geratzen jatzu beteteko zure ibilbide profesionalean?

Orain nobela barriagaz nabil. Obra bizia da, gaur egungoa. Nik uste gazteeik gustauko jakela, baita helduei be, danei! Beraz, horretan nabil, amaitu guran. Ez dakit noiz plazaratuko dan, baina hortxe-hortxe dago. Oso pozik nago emoitzeagaz, azken hiru urteak emon ditut obra horretan lanean.

Amesak? beti. Ondoko honeek dira; idazten jarraitzea, idazle hobea izatea, ahalik eta hizkuntza gehienetara itzultzea nire obrak eta euskereari territorioak irabaztea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu