Bilbok bat egin dau IV. Euskaraldiagaz
2025-03-11 13:46 Euskerea berbagaiEkimenaren helburua da euskerearen erabilerea aktibetea.

Bilboko talde eragileak Euskaraldiaren IV. edizinoa aurkeztu dau gaur goizean, hilak 11, Bidebarrietako Liburutegian. Ekitaldian, Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskerako zuzendaria, Alazne Astorga eta Uxue Sagarminaga Bilboko dinamizatzaileak (Euskaraldiaren ordezkari bezela) eta Eneko Carrillo Berbaizu Euskera Alkarteko kidea izan dira. Berton, aditzera emon dabe zer garrantzitsua dan auzoek parte hartzea euskereagazko hitzordu handi horretan.
Hiru izango dira, aurton, jardunaldi nagusiak. Lehenengoa, martiaren 20an (eguenean) izango da, banakako izen-emotea edegi eta 5 egunera. Bilbon hori izango da Euskaraldiaren aurkezpen publikoa eta uriko hainbat sektoretako erreferenteek emongo dabe ekimenaren barri. Hurrengo jardunaldia apirilaren 3an izango da, entidadeen ingurukoa. Amaitzeko, parebako ekitaldia atondu dabe maiatzaren 15ean ekimenaren hasiereari ikusgarritasuna emoteko. Hasiera jentetsua egingo da, beraz, uriko espazio publiko esanguratsu batean. Orduan emongo jako hasierea ekitaldiz beteta egongo diran eta maiatzaren 15etik 25era arte joango diran 11 eguni.
Euskaraldiaren IV. edizino horretan, ekimenak helburu argia hartu dau beregan: euskerearen erabilerea aktibetea. Ez dira, beraz, jarduera sozialeko 11 egun horreezaz gan, helburua aktibazinoan oinarrituta dago, herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta euskerearen erabilerea indartzeko. Era berean, euskerazko kultura-jarduerak indartu nahi dira, lankidetzea sustatu, eta erakundeak euskeraz biziteko neurriak hartu deiezan bultzatu. Euskaraldia praktika kolektiboa da, personek eta taldeek parte hartzen dabena.
Aurtengo edizinoa udabarrian egitekoa danez, atontzaileek proponidu dabe Euskaraldia kalera ataratea. Euskaraldiak, ahobizi eta belarriprest rolen bitartez, testuinguru ezin hobea emoten dau hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta, arduradunen eretxiz, esanguratsua da aldaketea Bilboko kaleetan ikustea. Gure gizarteak kaleetan egiten dau bizitearen zati handi bat eta, horregaitik, euskeraz berba egin nahi daben personez bete nahi ditugu kaleak. Uste dogu Euskaraldiak giro ezin hobea sortzen dauela horretarako, adierazo dau Uxue Sagarminaga Bilboko Euskaraldiko dinamizatzaileak.
Askotan, ez gara konturatute baina gure lehenengo berbak oinarrizko leku batean kokatuko dau hizkuntzea beste personakaz doguzan hartu-emonetan. Uste dot Euskaraldiak dauen altxorrik politena dala espazio seguruak sortzen ditualako gaineratu dau Alazne Astorgak, Euskaraldiaren Bilboko beste dinamizatzaile batek.
Bilboko Udala, konprometiduta
Biziprest Alkartearen eta Bilboko Udalaren arteko hitzarmenari esker, Euskaraldia beste urte batez izango da Bilbon. Mari Jose Arrieta Bilboko Udaleko Euskerako zuzendaria Euskaraldiaren moduko ariketa sozial masiboen alde agertu da: Komuniketako lehenengo berbea euskeraz izateak aparteko garrantzia dauka, baita gure urian be. Alkarrekintza bakotxean, euskerearen erabilerea handitu egiten baita eta alkarregaz lan eginez lortzen da horretarako giro egokia sortzea.
Bilboko herritar askoren sozializazino-gune nagusia eurak bizi diran auzoak dira, azpimarratu dau Eneko Carrillo Deustuko Berbaizu Euskera Alkarteko kideak.
Dagoeneko, makinatxu bat info-mahai atondu dira Bilboko auzoetan, Euskaraldiari ikusgaitasun eta presentzia handiagoa emoteko. Ganera, hainbat auzotan Euskaraldiagaz lotutako batzordeak berraktibetan dabiz, bakotxak euren eremuan ekimenak atontzeko.
Kontuak kontu, entidadeek izena emoteko epea edegita dago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!