Bermeoko Udalak Gaztelugatxeko San Juanerako bisita gidatuak atondu ditu Aste Santurako
2025-03-11 10:43 KultureaApirilaren 17tik 21era eskainiko dira.

Jakina da Gaztelugatxeko San Juan Euskal Herriko baliabide turistiko garrantzitsuenetakoa dala eta bisitari kopuru handia hartzen dauela. Kulturearen eta ingurumenaren aldetik aberastasun handiko ingurunea da eta danon artean jagon behar dogu. Modu horretara, aurten be, Aste Santurako (Apirilaren 17tik 21era) Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanera bidea egiteko autobus zerbitzua eta bisita gidatuak atondu ditu Bermeoko Udalak, Turismo Bulegoaren bitartez.
Bisitek hiru helburu nagusi ditue: garraio publikoa sustatzea CO2 emisinoak murrizteko eta aparketako arazoei aurre egitea, bisitariak Bermeora erakartea eta horreek Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak zeintzuk diran jasotea.
Bermeoko Turismo Bulegoaren ekinbidean Bermeotik Gaztelugatxeko San Juanerako joan-etorria eskainiko da autobusez, gida laguntzailea eta Gaztelugatxera sartzeko tiketaren kudeaketea. Gitxi gorabehera, hiru orduko bisita gidatuak dira eta 09:30ean eta 11:30ean urtengo dabe bisitariek Lamerako autobus geltokitik.
Erreserbak egin daitekez hemen. Nagusiek 14 euroan izango dabe sarrerea, 6 eta 16 urte bitartekoentzat 9 euroan eta euro bat ordaindu beharko dabe, barriz, 6 urtetik beherakok. Gehienez, 6 urtetik beherako ume bi joan ahal izango dira helduen erreserba bakotxeko. Informazino gehiago behar dabenek Turismo Bulegoan bertan eskatu leikie 94-617 91 54 telefono zenbakira deituta, turismoa@bermeo.eus helbidera idatzita edo www.bizibermeo.eus webgunean bertan.
Gaztelugatxeko San Juan Bermeoko zati eta esentzia da. Modu horretara, bisita gidatu honeen bitartez, bisitariek Gaztelugatxeko San Juanen nortasuna hobeto ezagutzeko aukerea izango dabe, bermeotarren sinismen, erritu eta ohituren bidez; baseleizea be bisitauko dabe.
Era berean, Gaztelugatxeko San Juan inguruko ingurumen-berezitasunak ezagutzeko aukerea izango dabe erreserbea egiten dabenek. Inguru eder horretan, Matxitxako lurmuturra be badago, bere itsasargi bigaz. Hala, inguruko historiari eta jarduerari lotutako baliabideak eta bitxikeriak ere azalduko dizkiete.
Ingurune babestu hori guztion artean jagon behar dogu. Zerbitzu honegaz Gaztelugatxeko San Juaneko esperientzia bultzatzea da asmoa, ikuspegi ekoturistikoa ardatz hartuta, adierazo dabe Turismo Bulegoko arduradunek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!