Mintzola ikerketa-sarien deialdiak kaleratu ditue
2025-03-10 12:40 Euskerea berbagaiIkerketan, ezagutzan, prestakuntzan eta sustapenean jarduten dau Mintzolak.

Jakina danez, ikerketan, ezagutzearen transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean dabil Mintzola 2022. urtetik. Halanda ze, azken hiru urteetako bideari jarraituz, ahozkotasunaren arloan ikerketea sustatzeko deialdiak egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Deialdietan, berbearen adierazkortasuna da lehentasunezko ikerketa-lerroa nabarmentzen dira.
Lehenengoan, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko zortzi gradu eta master amaierako lanak sarituko dira (bakotxari 1.500 euroko zenbatekoa emonez); bigarrenean, barriz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta sari bi banatuko dira, bakotxa 3.000 eurokoa.
Gradu eta master-amaierako lanei jagokonez, deialdira aurkeztu daitekezan egitasmoak 2024-2025 ikasturtean defendiduko diran lanenak izango dira eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bialdu beharko dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2025eko apirilaren 30era artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregau beharko dira 2025eko irailaren 30a baino lehen).
Ikerketa-lanei jagokenez, deialdian ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Proiektuak, bakarka edo taldean aurkeztu daitekez. Hori bai, unibersidade-irakasle doktore batek bermatu behar dau proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2025ko maiatzaren 31ra artekoa izango da (hautatutako ikerketa-lanak eginda entregau beharko dira 2026ko zezeilaren 27a baino lehen).
Informazino gehiago hemen.
Orain arteko saridunen zerrendea
- Elgoibarko 16-30 urte bitarteko gazteen hizkuntza mudantzak / Ane Iriondo (GRAL 2022).
- Pulunpa (e)ta Xin! Erdal jatorria duten ikasleentzako harrera- eta murgiltze-plana / Odei Guirado (GRAL 2022).
- Beasaingo gazte-hizkera aztergai / Maddi Aiestaran (GRAL 2023).
- Hizkuntza nahasmenduaren aztarna bila euskaraz / Ainhoa Leyaristi (MAL 2023).
- Iruñerriko gazteen hizkera / Audrey Serrano (MAL 2023).
- Ergatiboaren erabilera euskara-gaztelania kode-alternantzian / Endika Uriarte (MAL 2023).
- Aldude-Urepeleko mintzoa / Oier Urreizti (MAL 2023).
- Adinaren araberako bariazio lexikoa Imozko hizkeran / Alazne Fernandez de Muniain (MAL 2023).
- Adierazkortasuna lantzeko proposamen didaktikoa: imitazio jolasak / Iñigo Otaegi eta Jon Basauri (MAL 2023).
- Kode-alternantziaren erabilera eta jarrerak euskaldunengan / Mikel Pérez (Ikerketa-lan monografikoa 2023).
- Hitz funtzional goiztiarrak. Haur euskaldun elebakarren hizkuntzaren jabekuntzaren azterketa / Garazi Dominguez (GRAL 2024).
- Euskal hizkeren erritmoa / Maddi Ormazabal (GRAL 2024).
- Hezkuntza formalean, aisialdi-antolatua eta ludikotasuna ardatz, euskarazko hizkera informalaren ikas-irakaskuntza. Zailtasunen gainetik onura anitz / Odei Guirado (MAL 2024).
- Nokaren higatzea Ortzaizen / Ana Jaunarena (MAL 2024).
- Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektua (Ikerketa-lan monografikoa 2024).
Mintzola
2022ko urtarriletik, askotariko eragileen laguntzinoa tarteko dala, Euskaltzaindiak martxan dauka Mintzola. Egitasmoaren lan eremua euskeraz egiten dan ahozko jarduna da, batez be, euskerazko eguneroko berbea. Holan, ikerketan, ezagutzan, prestakuntzan eta sustapenean dabil Mintzola.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!