Maria Franciska Dapena artistearen argitarabako testuen liburua kalean

Bizkaie! 2025-03-07 12:34   Kulturea

Arte Ederren Bilboko Museoaren eskutik.

Maria Franciska Dapena. | Ikusi handiago | Argazki originala

2024an, María Franciska Dapena artistearen (Barruelo de Santullán, Palentzia, 1924 - Bilbo, 1995) obra grafikoaren eta dokumentuen garrantzi handiko funtsa jaso eban museoak dohaintzan. Halanda ze, Arte Ederren Bilboko Museoak liburua argitaratu dau artistearen idatzien bilduma esaguratsu batean. Testuak, kalidade literarioagaitik ez eze, interes biografiko eta historiografikoagaitik be nabarmentzen dira.



Testu argitarabakoak

Dapenak argitaratu zituan testuak ¡Sr. Juez! Soy presa de Franco…(1978), Vida y muerte enfrentadas. Mujeres de la vida (1987) eta 17 poetas de Bilbao deskatalogauta dagoz dagoeneko eta haren literaturan egindako lanaren parte txiki bat besterik ez dira. Lan ugari produzidu zituan, esaterako: ipuinak, poemak, haren bizitzeari eta obrari buruzko gogoetak, arteari buruzkoak eta egoera politiko eta sozialaren gainekoak; eleberri ugari; koadernoak eta orri solteak. Guztira, zazpiehun bat gutun itxi zituan, 1949 eta 1993 artekoak; horreen artean, 1962 eta 1964 bitartean espetxean egindako denporan jaso edo bialdutako berrehundik gora.

Orain, haren oinordekoen eskuzabaltasunari esker, artistearen artxiboaren dohaintzak aukerea emongo dau ha gogorarazoteko, lehen personan idatzi eban eta orain arte argitarau barik egon dan kontakizun baten bidez. David Fuente historialariak izan dau liburuaren edizinoaren ardurea, BBK-Arte Ederren Bilboko Museoaren ikerketa artistikorako beka bati esker.

Hiru ataletan banatuta dago liburua, horreetako bakotxa artistearen biografiaren aldi batean oinarritua eta testu nagusi batek osotua. Lehenengoan, Guerra (1935-1945) izenekoan, Cuadernillo de una joven de posguerra  agertzen da, bizitzako jazoeren kontakizuna, intimismo eta kritika sozial nabarmenekoa, Balmasedan errepublikea indar barik geratu zanetik aita espetxetik bueltau arteko garaia ardatz dauena.

Bigarrenean, Autobiografía de una artista (1950-1969), Algo de historia de Mari Dapena nabarmentzen da. Berton, artisteak Bizkaiko artearen esparruan egindako lehen urratsak deskribiduten ditu.

Hirugarrena, Cárcel (1962-1964), Diario corto de un penal testuan oinarritua, errepresaliatua izan ondoren Alcalá de Henaresko (Madril) espetxean bizikide izan zituan presoakaz izandako alkarrizketak dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu