Gerediaga Alkarteak Fair Saturday Awards Saria jasoko dau
2025-09-09 09:03 KultureaGuggenheim Bilbao Museoan, irailaren 29an, astelehenean.

2017tik, Fair Saturday Fundazinoak urtero atontzen ditu Fair Saturday Awards entzutetsuak, artearen eta kulturearen bidez gizartean daben eraginagaitik nabarmentzen diran nazinoarteko erakunde eta personei egindako autortzak. Sari horreek hazkunde inklusiboagoa, bidezkoagoa eta iraunkorragoa lortzen lagunduko daben jarduera-eredu barriak sortzeko eta sustatzeko beharra azpimarratzen dabe. Sortu zanetik, 27 herrialdetako 51 ekimen eta persona autortu dira.
VII. edizinoan, zazpi erakunde eta artista autortuko dira:
- Joseph Stiglitz, 2001eko Ekonomiako Nobel Saria (Indiana), desbardintasuna, informazino asimetrikoa eta garapen ekonomiko bidezkoagora bideratutako politikak aztertzeko egindako ekarpenengaitik.
- Martin Wolf, kazetari ekonomikoa (Londres), haren ibilbideagaitik autortua, munduko ekonomiaren azterketa zehatzagaitik eta kapitalismoaren eta demokraziaren arteko hartu-emonari buruzko hausnarketa kritikoagaitik nabarmentzen da, Kapitalismo demokratikoaren krisia (2023) liburuan islatua.
- Rania Moualla, ZADKeko (Saudi Arabia) zuzendaria da, gizartean eta hezkuntzan egiten dauen lanagaitik. Sukaldaritzako prestakuntza sustatzen dau, komunidadeetan ahalduntze, garapen profesional eta aldaketarako tresna bezela.
- Adjoa Andoh, aktorea (Bristol), antzerkian, zineman eta telebistan egindako lanagaitik nabarmentzen dan haren ibilbide artistiko eta sozialagaitik, baita arteetako justizia sozialagaz dauen konpromisoagaitik be.
- Ahmad Joudeh, jantzaria (Damasco), jantza erresistentzia eta itxaropen-ekintza bihurtzeagaitik ezaguna, askatasuna eta duintasuna transmitiduz eta mundu osoko personei bizitzearen edertasuna baloratzen inspiratuz, zorigatxean be.
- Joaquín Achucarro, pianistea (Bilbo), haren nazinoarteko ibilbide nabarmenagaitik, musika klasikoa eta pianoaren edertasuna mundu osoko publikoengana hurreratu dau-eta.
- Gerediaga Alkartea, (Durango) Durangaldeko eta Euskal Herriko historia, kulturea eta ondarea berreskuratzen, jagoten eta zabaltzen egindako lanagaitik, esaterako: Durangoko Azokea lako proiektu enblematikoen bidez.
Ekitaldia Guggenheim Bilbao Museoan izango da, irailaren 29an, astelehena, 19:30ean, eta, hainbat ikuskizun egiteaz gan, sarituak be bertan izango dira, baita Bilboko, Bizkaiko eta nazinoarteko erakunde, kultura, gizarte eta enpresa ordezkaritza zabala be.
Irailaren 24an, martitzenean, BBK Bilbao Kultura Social Forumari emongo jako hasierea, kulturearen potentzial eraldatzailearen inguruan esperientzia eta hausnarketa humanistak partekatzen dituen lider kultural eta sozial nabarmenen topagune globala. 2017an sortu zanetik, ekimen horrek 170 kasu arrakastatsutik gora batu ditu gizarte-barrikuntzearen arloan.
Hain zuzen be, aurton 18 lider kultural eta sozial izango dira, 5 herrialdetatik etorriko diranak. Lider horreek euren ikuspegiak partekatuko ditue, personen, urien eta kulturen arteko hartu-emonak sustatu eta estutzeko.
Saritutako erakunde eta personez gan, aitatzekoak dira Bob Pop idazlea, Elena Arzak sukaldaria eta Nerea Perez de las Heras eta Clara Jímenez Maldita.eseko CEO kazetariak.
Forumeko saioak irailaren 30ean eta urriaren 1ean izango dira, Guggenheim Museoko Auditorioan (irailaren 30ean, martitzenean, 10:00etatik 20:00etara) eta (urriaren 1ean eguaztena, 10:00etatik 13:30etara).
Konsultau programazino osoa hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!