Pablo Ochoa de Olzaren pintura-grafitiak, ikusgai

Bizkaie! 2025-09-09 08:13   Kulturea

Zemendiaren 15era arte, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan, zemendiaren 15era arte, Pablo Ochoa de Olzaren pinturak egongo dira ikusgai, 60. urteurrena dalako Filadelfiako kaleetan grafitia sortu zanetik.

Hormaren kontra (Contra la pared) izeneko erakusketeak lehenengo aldiz batu ditu Pablo Ochoa de Olza (Iruñea, 1968) artistea eta grafitigile erretiratuaren berrogei pintura baino gehiago.

Kulturako zuzendari nagusi Begoña de Ibarrak aurkeztu dau erakusketea, Pablo Ochoa de Olza artisteagaz batera.

Nafarroako artisteak kaleko arteari buruzko hausnarketa egin dau. Haren lanetan, grafitiaren fenomenoaren ikuspegi personala emon beharrean, gizartearen jarreraren aurreko harridurea adierazoten dau, gizarteak arte hori zikinkeriakaz identifiketan dau-eta.

1965ean, Filadelfiako kaleetan, grafitia sortu zan, Darryl McCrayk, hamabost urte zituala, Cynthia neska gazteari haren maitasuna adierazotea erabagi ebanean; izan be, une hatan, modu konpulsibo batean, neskearen auzoko hormak pintau zituan, haren benetako izena (Darryl) Cornbread ezizenaren atzean ezkutauta.

Horma-pinturea ez zan une hatan jaio, gizakiak betidanik margotu izan dauelako hormetan, eta bihotzak grabau zugatzetan, baina orduantxe jaio zan egungo grafitia. Pinturak, sentimendu biziek eta marjinaltasunak eratutako mix batetik sortu zan fenomeno hura.

Gizarteak, zinemeak, telebisteak, modeak, bideojokoek, literatureak eta abarrek, onerako edo txarrerako, fenomeno artistiko horri arretea eskaintzen badeutse be, artearen munduan, museo handiek, galeriek, erakundeek eta guruek jarraitzen dabe grafitiari ez-ikusiarena egiten, 1860ko inpresinonismoari Rebellion against the Salon lanean ez-ikusiarena egin eutson antzera.

Ondare aretoko erakusketan, Pablo Ochoa de Olzak mundu zabaleko kaleetako eszenak edo paisajeak aurkeztu ditu, batez be, euskarri gardenetan pintautakoa, nahiz eta papelean, oholetan, mihiseetan eta oihal handietan egindako pintureak be egon. Gainera, margolan batzuk ez daukate euskarririk, eta holan dagoz erakusketan, hau da, pintura bakarrik, kaleko grafiti-lanen irudira.

Margolan horreek sortzeko teknikari jagokonez, euskarri itsasgaitzetan egin dau pintura akrilikoekaz, eta euskarrietatik banatu dau pinturea lehortutakoan. Holan, margotutako irudiaren pinturazko xafla edo azal modukoa lortu dau, baina euskarririk bakoa. Ahula da, eta, tentuz maneiatuz gero efimeroa, hauskorra, ulergatxa eta bitxia, grafitian adierazotakoa bezainbestekoa.

Era berean, erakusketan, Cova Orgaz eskulturearen eta Iñaki Pardos margolariaren lankidetzea dago, aretoan dagozen eskultura eta pintura batzuk egin ditue-eta.

Artisteak berak ondokoa dino: ez dot grafitiaren perzepzinoa aldatu gura, ezta atsegin handiagoz ikustea; gura dodan bakarra da margolan horreek gure inkoherentzien espilu izatea, eta, agian, horregaitik, hain zuzen be, kristala erabili dot euskarri bezela. Nire lanek gutaz berba egiten dabe modu kolektibo batean, adierazpen artistiko jakin bat topetan dauen gizarte batez. Erabilten ditudan teknikak askotan nik neuk garatutakoak dira; halanda be, nire metodoak lehenengo mailako artistarenak dira: grafitia barrualdera eroan dot, eta apaindu barik erakusten dot, holan edozein ikusle haren potentzial estetikoaz ohartzea lortu nahi dodalako, gustu personala edozein dala be. Nire margolanetan, grafiti-lanak zakarrontzi eta zabor-poltsen ondoan agerrarazotea ez jaku deigarri egiten, gure buruan elementu horreek lotuta daukaguzelako, horregaitik erabilten dogu grafitia garbitu esamoldea, naturaltasun osoz, eta bardin onartzen dogu kaleetako hamaika artelan ezabatzea.

Pablo Ochoa de Olza

Iruñean jaio zan, 1968an, eta New Yorken, Alemanian, Bartzelonan eta beste hainbat tokitan 30 urte bizi ondoren jatorrira bueltau zan. Grafiti-artean, 1984an hasi zan. 1990ean, lehenengo saria irabazi eban Los 40 Principales-BMG Ariola grafiti-sarian. 1984tik 1991ra bitartean, hainbat horma-irudi egin zituan Espainian, AEBn eta Alemanian.

1990etik 1998ra bitartean, antxinako artearen errestaurazinoan prestau zan New Yorken, Alemanian eta Espainian.

2003tik 2019ra bitartean, pintura industrialeko roboten diseinu grafikoari eta programazinoari buruzko ikasketak egin zituan, eta pintura-roboten programatzailea da.

1990etik 2019ra bitartean, artista profesional bihurtzeko bultzadeari uko eginda, jarduera prosaikoago batzuetan sartu da, esaterako pintetako makinen eraikuntzan eta pintura industrialeko robotikan; baina maila pribatuan ez deutso inoiz pintatzeari itxi.

2020az geroztik, margotzen dituan lanak erakusten saiatzen da. Gaur egun, haren estudiotik ateretan diran margolanak ia edozein euskarritakoak dira, eta ikerketa amaibakoaren ardatza kalean pasetan diran fenomenoak dira (fenomeno artistikoak edo arteari lotutakoak). Halanda ze, saiatzen da pintura estilo eta metodo masifikatuetatik urruntzen eta, uri-artisten jatorriarekiko loturei eusten, nahiz eta termino hori ez zan existiduten garai hatan.

Jarduerak

Ondare aretoan, datozen hilabeteetarako, erakusketari lotutako danontzako bitartekaritza-jarduera batzuk atondu dira: bisita gidatuak, topaketak, berbaldiak eta tailerrak.

Pablo Ochoa de Olza artisteagaz topaketak 18:00etan izango dira, martitzenetan, ondoko eguneetan:

  • Irailak 16.
  • Urriak 21.
  • Zemendiak 11.

Era berean, Ondare Aretoan, erakusketeari lotutako beste jarduera batzuk programauko dira, esaterako familia-tailerrak, familiaren altzoan ikastera eta sortzera bideratuta.

  • Familia-tailerra (4-11 urte): urriaren 18an, 16:30ean.
  • Familia-tailerra (3-8 urte): urriaren 25ean, 16:30ean.

Jarduera guztiak doban dira, baina izena emon behar da aldez aurretik: 944067737 telefonora deituta edo ondare.aretoa@bizkaia.eus helbidea idatzita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu