Saioa Alkaizak irabazi dau Igartza Saria
2025-09-12 08:00 KultureaKatu ileak txandaletan lanagaitik.

Saioa Alkaiza Guallar iruindarra da 2025eko Igartza Sariaren irabazlea. Hogeita zortzi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak idazle gazteak laguntzeko atontzen daben beka horrek. Deialdian hamasei proiektu aurkeztu dira, eta Katu ileak txandaletan izeneko nobela-proiektua irabazletzat jotzea adostu dabe Olatz Mitxelena, Esti Martinez eta Garazi Kamio epaimahaikideek.
Sariak 10.000 euroko laguntzea eta lana argitaratzeko konpromisoa dakartza. Kazetaritzan be ibilia dan arren, bertsolari bezela nabarmendu da batez be Alkaiza, eta horrezaz gan literaturearen arloko hainbat sari be irabazi ditu, bakarkako libururik orain arte egin ez badau be.
Katu ileak txandaletan eleberri proiektuak pobreziak eta biolentziak markatutako familia bateko alaba dau protagonistatzat, Nahia, helduarora helduta bizitza normalat eduki gura dauena. Hainbat zalantza existentzial bizi ditu Nahiak: alkoholikoa izan eta gero minbizia dauen aitagaz ze hartu-emon eduki; beste bategaz joan dan bikote-kideak itxi deutson traizino sentsazinoa zelan kudeatu; amatasunerako azken aukeren aurrean zer egin, lan egonkorrik ez edukitzea… Dramazkoa emoten dauen fondo horretan, barriz, ez dogu topatuko errukirik edo autosuperazinoko diskursorik, bai ironia eta umorea.
Igartza Sariaren aurreko irabazleak
- Julen Gabiria: Connemara gure bihotzetan.
- Xabier Etxeberria: Egun denak ez dira berdin / Jasone Osoro: Korapiloak (akzesita).
- Fernando Morillo: Ortzadarra sutan.
- Unai Elorriaga: Van’t Hoffen ilea.
- Julen Gabiria: Han goitik itsasoa ikusten da.
- Asel Luzarraga: Karonte.
- Karmele Jaio: Amaren eskuak / Peru Magdalena: Lile (akzesita).
- Uxue Alberdi: Aulki bat elurretan.
- Jon Martin: Ero.
- Katixa Agirre: Habitat / Irati Jimenez: Nora ez dakizun hori (akzesita).
- Eider Rodriguez: Katu jendea.
- Uxue Apaolaza: Mea Culpa.
- Garazi Kamio: Beste norbaiten zapatak.
- Goiatz Lanbandibar: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak.
- Danele Sarriugarte: Erraiak.
- Mikel Ayllon: Ez tiro egin anbulantziei.
- Unai Villena: Hauts haietatik.
- Kattalin Miner: Nola heldu naiz ni honaino.
- Ekaitz Goienetxea: Zaldi mamarroa.
- Miren Amuriza: Basa.
- Erika Elizari: Zendabalitz.
- Irati Goikoetxea: Herriak ez du barkatuko.
- Maddi Ane Txoperena: Ez erran inori.
- Olatz Mitxelena: Arrain hezur bat eztarrian.
- Lizar Begoña: Mundu zitalaren kontra.
- Irati Irizar: Ilargi-kutsadura (oraindino argitatu bakoa).
- Ane Zubeldia Magriñá: Datorren udan ez gara hemen biziko (oraindino argitaratu bakoa).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!