Enkarterrietako Museoak eta Zallako Udalak ibilbide gidatua atondu dabe

Bizkaie! 2025-09-08 12:48   Kulturea

Bostehun urteko gorabeherak ezagutzeko aukerea. 





Datorren eguenean, irailaren 18an, ondare-ibilbide gidatua egingo dabe Zallan oinez. Parte-hartzaileek 1500. urtetik gaur egunera arteko udalerriaren bilakaera historiko eta arkitektonikoa ezagutu ahal izango dabe. Enkarterrietako Museoak eta Zallako Udalak alkarlanean atondutako ekimena dobakoa da baina aurretik izena emon behar da hemen.

Ordu bi eta erdi inguruko 5 kilometroko ibilbidea goizeko 10:15ean hasiko da San Migel eleizatik. Bidean zehar, Mimetiz, Mendieta, Aretxaga, Allendelagua, Uribarri-Villanueva, Gallardi-La Revilla eta Ibarra lako enklabe enblematikoak bisitauko dira, bost mendetan zehar Zallaren ondare-aberastasuna eta urigintzearen eraldaketea erakusten daben guneak.

Ikusiko diran mugarri arkitektonikoen artean, XVI. mendetik XVIII. mendera bitarteko eraikuntzak nabarmentzen dira, halan zelan Mendieta Torrea, Ibarrako Jauregi-Torrea edo Mendia Jauregia. XIX. mende amaierako ondarea eta XX. mende hasierako euskal jauregi barriak be aztertuko dira, baita udalerriko eguneroko bizitea islatzen daben eraikin barriagoak be, 70-90 urteetako etxebizitzak zein estilo neoeuskaldun modernoko txalet garaikideak.

Ibilbideak, ganera, Zallako espazio berezi bat zeharkatzen dau: betidanik labrantzarako eta artzaintzarako lur lez erabilitako Kadagua ibaiaren eskumako ertzeko ibarrak. Ibarra, Allendelagua edo Uribarri-Villanueva lako lekuetako toponimiak San Migel eleizearen inguruan sendotu zan inguruko biztanleriaren bilakaerea erakusten dau.

Proposamen horregaz, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen esku dagoan Enkarterrietako Museoak eta Zallako Udalak euren historian sartzea, bertako paisajeaz gozetea eta bertako ondarearen aberastasuna zuzenean ezagutzeko konbita egiten deutse Bizkaiko herritar eta bisitariei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu