Artea, argia eta musikea buztartuko ditue Chillida Lekun
2025-09-12 09:46 KultureaUrriaren 4ko gauan.

Urriaren 4an, Chillida Leku artea, argia eta musika buztartuko dituan ikuskizunaren agertoki bihurtuko da. Gau batez, Chillida Lekuko lorategiak eta Zabalaga Baserria izango dira hitzordu horren muna, sorkuntzarako eta topaketarako bideak edegiteko asmoz sortutako espazio bizigarria eskainiko dauena. 100 personako edukieraz, proposamenak Eduardo Chillidaren ondareari buruzko begiradak sortzea eta baserriko arkitektureagaz alkarrizketa bizia bultzatzea dau helburu, eta, era berean, praktika artistikotik hasita lankidetza-prozesuak sustatzen ditu.
Museoa beste modu batera esperimentetako konbidapena da, espazioa eraldatzen daben eta artea etenbako bilakaeran dagoan lurralde partekatua dalako idea indartzen daben ahots eta lengoaia garaikideen bidez, dino Mireia Massagué Chillida Lekuko zuzendariak.
Salbuespen bezela, museoak gaueko ordutegian edegiko ditu ateak, eta gaueko eskulturen lorategia barriz ezagutzeko eta horretarako diseinautako argiztapenaz disfrutetako aukerea eskainiko dau. Musikea eta argi-arteen ekitaldia, Edorta Subijana arkitekto eta artista bisualak komisariatua eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailaren laguntzea dauena, Sara Zozayaren (musika elektronikoagaz eta organikoagoagaz esperimentetan dauen artistea), eta Ke Leporen (berezko soinu avant-garde baten sortzailea dan Alejo Orbegozo musikariaren alter egoa) kontzertuagaz osotuko da.
Gaueko ibilaldia Chillida Lekun zehar ikus-entzunezko kontzertuaren atarikoa izango da. Hizkuntz bien arteko alkarrekintzak ikuskizun barri eta iragankorra ekarriko dau, edukiera murritzerako sortua eta hurreratasun, esperimentazino eta kalidade artistikoko ikuspegiagaz, egiaztau dau Edorta Subijanak.
Sara Zozayaren eta Ke Leporen musikeak, aukerea emongo deutso Itziar Garaluce zuzeneko bisualetan eta animazino esperimentalean espezializautako diziplina anitzeko artista bisualari haren hizkuntza bisual personala baserriaren barruko espazioan edegiteko teknika artisau eta digitalak konbinauz eta sartze esperientzia sortuz.
Gainera, museoko lorategiak eta baserriko fatxadeak modu berezian argiztatuko dira, gaueko bisitea Chillida Lekun esperientzia parebakoa izan deian. Horretarako, argiztapenean eta light artean espezialista dan Ara Darribak parte hartuko dau.
Sarrerak hemen dagoz eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!