Hemen da Baratxinto Fest, Pirinioetako Arteen Jaialdiaren 5. edizinoa

Bizkaie! 2025-09-10 10:03   Kulturea

Irailaren 26tik 28ra egingo da Erronkari, Burgi eta Uztarrozen.

Astegoienean zehar antzerkiak, musikeak, zirkuak, arte publikoak, poesiak eta jantzeak Nafarroako Pirinioetako gune idiliko honen kaleak artez beteko dira, izan be, hamar jarduera baino gehiago iragarri ditue.

Jaialdia barikuan hasiko da, irailaren 26an eta zirku pieza bi izango dira: N+1 konpainiaren Circanelo lana, hainbat diziplina nahasten dituana: keinu-antzerkia, jantzak, akrobazia eta klun lengoaia, 19:00retan Burgin. Ondoren, aurten jaialdiaren egoitza artistikoa egiten ibili dan Bleda Insipida konpainiak Last Triggers obrea eskainiko dau, 20:30ean, Erronkarin.

Zapatuan, irailaren 27an, jaialdia arte publikoagaz hasiko da, Idoia Zalgizurik eta Ana Arenazak Basoan murala aurkeztuko dabe goizeko 11:00etan Uztarrozeko plazan. Ondoren, Zanguango Teatroren El peor espectáculo del mundo. De momento!!! antzezlanaz gozetako aukerea egongo da. Zuztarbako umorea, samurtasun eta kritikaz betetako lana, sinpletasunaren bidez porrotari eta izaki baztergarriei egindako omenaldi lez aurkezten dana.

Eguerdiko 14:30ean, Erronkariko Errota Elkartean Herri Bazkaria egingo da eta ondoren Mikro Irekia. Arratsaldean, Barsanti antzerki konpainiak Legea Gu Gara eskainiko dau 18:00etan pelotalekuan, umorea eta gaurkotasun soziala, kaleko arteen lengoaiatik abiatuta, personaia barregarriakaz eta espazioaren erabilera freskoagaz, sorpresa bat bestearen atzetik lotuz. Eguna musikeagaz amaituko da Erronkariko Errota Plazan, Lupita la ingrata y el tierno desaborio taldearen antzerki-kontzertuagaz 19:30ean; DJ saioa hasiko da 21:00etan Sernaren eskutik.

Domekan, irailaren 28an, Oihane Zuberoa Garmendiaren Palabras txorroteras errezitaldi poetikoagaz hasiko da 11:30ean Portazabalean (Erronkari). Ondoren, 12:00etan, Trapu Zaharra konpainia beteranoak Dale Ramon bere azken lana aurkeztuko dau Erronkariko Frontoian. Zuzeneko lehiaketa bati buruzko saio komikoa da eta Ramón lehiakideak hainbat proba egingo ditu, bertaratutako ikusleek animauta eta lagunduta. 13:30ean, Erronkariko Presan, Unai Zocok Volveran murala aurkeztuko dau eta DJ OSOk girotutako bermutak zarratuko dau jaialdia.

Jaialdia Goitibera antzerki konpainiak eta Erronkariko Udalak atondu dabe, Nafarroako Gobernuak diruz lagunduta eta Uztarrozeko Udala, Burgiko Udala, Gu Pirinioa, Cederna Garalur, Kebenko eta Xortaren laguntzeagaz.

Jaialdiaren jarduera guztiak kalean egingo dira doban.

Programazinoa eta xehetasun guztiak hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu