Adimen Artifizialaren bidez sortutako irudien lehiaketea atondu dabe
2025-09-12 08:32 KultureaProposamenak irailaren 30era arte aurkeztu daitekez.

Inspirazinoz betetako konexinoak: artea eta teknologia etorkizun gizatiarragoa lortzeko izenburupean, parte-hartzaileek Adimen Artifizialaren bidez irudiak sortuko ditue eta originaltasun eta sormenagaitik, konposizioaren balio estetiko eta teknikoagaitik, kalidadeagaitik eta lehiaketearen gaiaren aurreko koherentziagaitik balorauko dira irudiak.
Guggenheim Bilbao Museoak eta Euskaltel Fundazinoak, Google Clouden laguntzeagaz, AA lehiaketea: Imajinau etorkizuna lehiaketea aurkeztu dabe. Inspirazioz betetako konexinoak: artea eta teknologia etorkizun gizatiarragoa lortzeko gaiari eutsiz, lehiaketearen helburua da telekomunikazinoetan eta artean barrikuntzak, hurbiltasuna, toki-identidadea eta iraunkortasuna lako balioak zelako indarra daben hausnarketea eragiteko. Horretarako, parte-hartzaileek irudiak sortu beharko ditue adimen artifiziala (aurrerantzean, AA) erabiliz, lehiaketa honetarako berariaz egindako plataforman. Proposamenak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da (gehienez 1.000 parte-hartzaile). Urriaren 8an jakinarazoko dira irabazleen izenak, AAri buruzko gogoeta eta eztabaida-foro bat izango dituan ekitaldian eta hor arlo artistiko zein teknologikoko askotariko kolektiboetako profesionalek parte hartuko daben.
Guggenheim Bilbao Museoak eta Euskaltel Fundazinoak barrikuntzea eta sormena sustatzeko daben helburuaren ondorioz sortu da lehiaketa hau eta parte-hartzaileei aukerea emoten deutsee tresna barriek hizkuntza bisuala zelan zabaldu leikien aztertzeko eta galdera barriak sortzeko, kasu honetan museoei eta teknologiari buruzkoak.
Lehiaketan nahi dauen guztiak parte hartu leike, profesionalek zein publiko orokorrak (baldintza bakarra da edadez nagusia izatea eta Museoaren Jarraitzaile lez doban erregistretea, plataformatik bertatik). Erabiltzaileek beren sormena erakutsiko dabe prompten edukien bidez (promptak adimen artifiziala irudi iradokitzaileak eta bisionarioak sortzeko jarraibideak dira).
Lehiaketearen funtzionamendua
Parte-hartzaile bakotxak gehienez 5 irudi sortu ahal izango ditu eta horreetatik bat aukeratuko dau parte hartzeko, izenburu bategaz batera. Epea amaitzen dan momentura arte eta teknologiako 5 adituk osotutako epaimahai batek (epaimahaian Museoko, Euskaltel Fundazinoko eta Google Cloudeko adituak izango dira) 10 finalistetatik 3 irabazle aukeratuko ditu. Horretarako, kontuan hartuko ditue irudiaren originaltasuna eta sormena, konposizinoaren balio estetikoa eta teknikoa, promptaren kalidadea, adierazpena eta egiturea eta lehiaketearen gaiaren zein balioen aurreko koherentzia.
Laugarren irabazle bat be egongo da, urriaren 3tik 6ra sare sozialen bidez publikoak emondako botoaren bitartez hautatuko dana.
Sariak
Adimen Artifizialean oinarritutako funtzionalidade aurreratuak dituan azken belaunaldiko smartphone bat, urtebeteko bazkidetzea Guggenheim Bilbao Museoaren Lagun bezela eta Museoko online arte-ikastaroak doban, AAri buruzko online prestakuntzea, Google Nesten azken belaunaldiko gailu bat eta Google Cloud Summit 2026ra (Madril, maiatza) joateko konbita.
Antolatzailekideek, Museoak eta Euskaltel Fundazinoak, baita lehiaketa honetan laguntzen dauen Google Cloudek be, AAren erabilera arduratsu eta etikoa sustatzen dabenez, lehiaketearen plataforman ez da egile-eskubideakaz babestutako obrarik erabilten. Gainera, epaimahaiak plagioaren edo eduki artistikoaren erabilera desegokiaren zantzuak dituen obrak deskalifikau ahal izango ditu.
Lehiaketeari buruzko informazio guztia eta proposamenen aurkezpena argia.guggenheim-bilbao.eus webgunean dago.
AAren garrantzia
Adimen Artifiziala indar handiz sartu da gizarte modernoan teknologia disruptibo moduan, gure bizitzak eraldatzeko kapaz dan teknologia legez. Efizientzia hobetzeko, prozesuak optimizetako, kostuak murrizteko eta negozio-aukerak sortzeko dauen ahalmenak gaurko munduan beste edozeinegaz nekez konparau daitekeen tresna bihurtu dau ha. Holan, sektore guztietan AA sartzeak automatizazinoa eta produktibidadea handitzea ekarri dau, bezeroaren esperientzia hobetzea eta gizateriaren erronka handiei aurre egin ahal izatea, bai enpresa-esparruan, bai arlo sozialean be. Jarduera-sektore guztietan izandako inpaktu handiak sektore artistikoan be eragin dau, aukera ugari emoten baititu. Testuinguru horretan, Euskaltel Fundazinoak eta Guggenheim Bilbao Museoak lehiaketa hau atonu dabe Adimen Artifiziala artearen munduan be zelan aplikau daitekeen ikusarazoteko eta binomio horren aukerea agirian ixteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!