2025-26 ikasturtea Palestinari alkartasuna adierazo eta genozidioa salatzeko minutu bateko isiluneagaz hasi da EHUn

Bizkaie! 2025-09-11 08:56   Kulturea

Bengoetxea errektoreak unibersidadearen konpromiso soziala sustatzearen alde egin dau.

Salatu daigun Palestinaren kontra Israelen erasoa. Bakearen alde eta genozidioaren kontra esanez eta minutu bateko isilunea eskatuz hasi dau Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibersidadeko errektoreak 2025-2026 ikasturtearen edegiera ekitaldian. Israelgo gobernuak Gazan darabilen gosete, suntsiketa eta hilketak salatzeko eta Palestinako herritarrei alkartasuna adierazoteko isilunearen ondoren, edegiera ekitaldi berezia dala autortu dau errektoreak: gure lehenengoa dalako; unibersidadea gizartera arabere gehiago gerturatzeko kanpoan egin dogulako eta gure unibersidadeak banatzen dituan urrezko domina-emotea berreskuratu dogulako, gaurko egun handiagaz bat eginez.

Hiru ardatz

Aurtengo ikasturtean, unibersidadeko komunidadearen beharra eta jagoletzea nahiz EHUren erronka estrategikoak iparrorratz izango ditugu, adierazo dau Bengoetxeak. Izan be, ikasturtea hiru ardatzetan oinarrituta egongo dala zehaztu dau: 2026ko aurrekontuak, 2026-28 urteetarako plan estrategikoa eta unibersidadearen estatutu barriari erreparauta, Jaurlaritzeagaz alkarrizketa zintzo eta leiala izango da adierazo eta alkarlana aldarrikatu dau, komunidade senari eusteko giltzarri baita. Bikaintasuna mugarri, euskal unibersidade sistema liderau eta Europan eta, oro har, nazinoartean erreferentziazko unibersidadea izateko lan egingo dabela azaldu dau errektoreak. Mugaz Gaindiko campusa, Arku Atlantikoa, Enlight, Bakearen aldeko unibersidade sarea eta Itsas Gaindiko campusa aitatu ditu. Eta, eskertu egin deutso Imanol Pradales lehendakariari EHU eta Boise State University unibersidadeek sortuko daben Itsas Gaindiko Campusa eratzeko adierazotako babesa. Bestalde, Imanol Pradales Lehendakariak euskal unibersidade-sistemearen eredua eta EHUren bide akademikoa nabarmendu ditu: unibersidade bikaintasunak esan gura dau erakundeak bere oinarrizko funtzinoak betetea eta bikaintasunez betetea; beti bere konpromiso sendoa izanik, bai bere ikasleen prestakuntza osoari, bai gizartearen aurrerapenaren aurrean be, izan be, “EHU urrats sendoak emoten dabil, adibidez, Shanghaiko indizearen arabera, munduko 400 unibersidade onenen artean kokatuta jarraitzea lortu baitau.

2024-2025eko memoria akademikoa

EHUren idazkari nagusi Leire Garmendiak irakurri dau aurreko ikasturteko memoria, ikerketan eta transferentzian izandako emoitzez gan, lurraldean izandako eragina azpimarratuz. Azaldu dauenez, % 9 doktorego tesi gehiago irakurri dira (danetara, 546; horreetatik 268k nazinoarteko aitamena) eta 53,6 miloe euroko itzulerea lortu dira ikerketeari laguntzeko deialdi lehiakorretan eta beste 12,55 nazinoarteko ikerketa-deialdietan. Zientzia, Barrikuntza eta Unibersidateen Espainiako Ministerioaren -Ezagutza sortzeko- deialdiko 14 miloe be eskuratu ditu EHUk. Alkarlanaren garrantzia be azpimarratu dau, izan be, EHU 2.400 enpresagaz ibili da alkarlanean eta kanpoko eragileakaz egindako kontratupeko 13,9 miloe euroko diru-sarrerak egon dirala gogoratu du.

Era berean, EHUko ikasleenn laneratze tasa altua goraipatu dau idazkari orokorrak. Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua Publikoaren azken datuen arabera, 2021eko promozinoko tituludunen % 90 lanean dabil graduko ikasketak amaitu eta hiru urtera (ikasitakoagaz lotura zuzena dauen lanpostu batean % 87). Gainera, 10 ikasletik 6 urtebete baino gitxiago behar izan dau lehenengo lana lortzeko.

Jarraian, Kimika Fakultadearen 50. urteurrenagaz bat eginez, Maria Paulisek, ikastegi horretako irakasle eta POLYMAT Institutuko zuzendariak, Zientzia emultsioan: aniztasuna batzeko artea izeneko ikasturte hasierako hitzaldia eskaini dau.

Balluerka, Iribar eta Garaikoetxea

Edegiera ekitaldia erabili dau errektoretza taldeak EHUren urrezko dominak banatzeko, Nekane Balluerka EHUko errektore ohiari; José Ángel Iribar Athleticen atezain ohiari eta Carlos Garaikoetxea lehendakariari, gizatasunaren baloreak gorpuzten dituelako, azaldu dau errektoreak. Hain zuzen be, asko zor deutso EHUk Nekane Balluerkari, formakuntzan, irakaskuntzan, ikerketan, transferentzian eta kudeaketan egin dauen lan nabarmenagaitik. EHUko lehen emakume errektorea izan zan, 2017-2021 urte artean. Ikertzeko talentua unibersidadearen nortasunaren oinarri dala erakutsi eban eta horren alde lan egin, baita unibersidade publikoa, haren komunidadeagaz batera, bikaintasunera eroateko be. Bere agintaldian inpronta feministea eta euskeearen aurreko konpromisoa be erakutsi zituan, COVID-19 pandemiari azkar erantzuten asmau eban, eta eskolak bermatu. 2021ean Euskadi Ikerkuntza saria jaso eban. Hunkitua eta bihotzez eskertuta jaso dau Nekane Balluerka errektore ohiak dominea eta oso harro dagoala. Gogoratu duenez, EHUk 350.000 persona formau ditu eta benetako erreferente soziala dala gogoratu dau goi mailako formazinoan, ikerketa eta ezagutzearen transferentzian nagusi izateaz gan, demokratizazinoaren eta ezagutzearen balioak sustatzen dituan eraldaketarako beneko agente dalako.

José Ángel Iribar Athletic Clubeko atezaina izan zan 1962tik 1979ra. Futbolari ibilbidea amaitu eta entrenatzaile lanetan jarraitu eban harrobiko taldeakaz, Athleticeko lehen taldeagaz eta baita Euskal Selekzinoagaz be, besteak beste. Bere handitasuna atezain bikaina izatetik harago heldu da, Euskal Herriaren ikur bihurtu baita, gizarte erantzukizun, euskera eta kirolaren baloreen alde egindako lan handiagaitik. Iribar, hunkituta, esker ona agertu dau dominea jaso dauenean.

Carlos Garaikoetxea Gernikako Estatutua onartu ondorengo lehenengo lehendakaria izan zan, eta egokitu jakon herri honen erakundetzea sustatzea. Prozesu horretan, euskal nortasun kultural eta nazionalaren alde, hezkuntzea, formazinoa eta personearen garapen intelektuala oinarri, Euskal Herriko Unibersidadearen sorrereari ekin eutson. Bere printzipioei eutsiz, lehendakaritzea itxui ebanean, europar zaletasunak eraginda, Herrien Europa defendiduten ahalegindu zan, eta politika aktibotik aldenduta, eutsi eutson herrigintzeari eta bakearen alde lan egiteari, jarrera etiko sendoz.

Domina jasotakoan, Garaikoetxeak azpimarratu egin dau unibersidadearen balioa: Nazino aurreratu batek unibersidade bikaina behar dau, irakaskuntzan eta ikerketan, bere herriaren garapen sozial, ekonomiko eta kulturala sustatzen dauena.

Ordezkaritza zabala

Euskal gizartearen ordezkaritza zabala batu da EHUko ikasturtearen edegiera ofizialean. Jaurlaritzako Imanol Pradales lehendakariaz gan, bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu Mikel Torres eta Unibersidade, Zientzia eta Barrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko presidentea; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputadu nagusia eta Donostiako alkate Eneko Goia. Arlo akademikoan, barriz, Juan Jose Etxeberria eta Bixente Atxa, Deusto eta Mondragon Unibersidadeko errektoreak; NUPeko idazkari nagusi Roldan Jimeno eta Eva Eguiguren Euneizeko errektorea; eta EHUko errektore ohi Manuel Montero, Iñaki Goirizelaia, Nekane Balluerka eta Eva Ferreira nahiz unibersidadeko komunidadearen hainbat kide, eta EAJ, EH Bildu eta PSEko legebiltzarreko ordezkaritza zabala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu