Bazen behin Hitzetik Hortzeran...

Bizkaie! 2025-03-07 08:10   Bertsolaritzea

Amaia Elizagoien ipuin-kontalaria eta bertsolaria alkarrizketatuko dabe.

Amaia Elizagoien Ameli ipuin-kontalaria eta bertsolaria alkarrizketatuko dabe aste honetan Hitzetik Hortzeran. Umetatik izan dau zaletasuna Elizagoienek eta orain 10 urte hasi zan ipuin-kontaketan. Pasinoaz eta emoten daben bidaiatzeko aukerez ibiliko da berbetan Mirari Martiarenagaz. Ipuin-kontalaritzearen egoeraz be egingo dabe, baita umeei ipuinak kontetako hartu beharreko tarteez be. Gustora bizi dau haren ogibidea Amaia Elizagoienek, baita ahozkotasuna, euskerea eta transmisinoa be.

Ganera, umetatik egon da bertsolaritzeari lotuta, izan be, haren bizitzearen parte garrantzitsu bat hartzen dau bertsoak. Bittor Elizagoien aitarengandik jatorko zaletasuna, Estitxu Arozena izan eban bertso eskolako lehen irakasle eta, ondoren, baita aita bera be.

Bertsoak emondako lagunarteari buruz berba egiteko tartea be hartuko dabe Elizagoienek eta Martiarenak, besteak beste, Nafarroako Bardoetako talde-lana eta bizipenak gogoratuz.

Zapatu gaueko programea amaitzeko, Manu Bendalaren bertso bilduma musikatuaz disfrutetako aukerea izango da: Deskubridu dezagun mundua batera izenburuko bertsoak kantauko ditu Manex Pagola musikariak lagunduta.

Legazpiko eta Itziarko bertso-afariak

Bertsoaldiak ikusi eta entzuteko aukerea izango da aste honetan be. Legazpin, urtero lez, bertako bertso-eskoleak afaria atondu eban eta Nerea Elustondo eta Andoni Rekondo bertsolariak ibili ziran bertsotan. Mikele Arizkorreta arduratu zan gaiak jarteaz.

Itziarren, barriz, bertso afaria izan zan Itziarrek 10 urte! ekimenaren barruan. Andoni Egaña eta Maialen Lujanbiok egin eben bertsotan eta Ander Zulaikak jarri zituan gaiak.

Hitzetik Hortzera: zapatuan, 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu