Erderaz konsumiduten behartzen gaitue
2025-03-06 08:53 Zinemea2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan euskerazko proiekzinoen kopurua % 1,6 izan da.

2024an Euskal Herri osoko zinemetan euskeraz estreinau diran fikzinoko film bi egon dira: Josu Martinezen Bizkarsoro eta Negu kolektiboaren Negu hurbilak. Hego Euskal Herrian, fikzinoko hirugarren euskerazko pelikula bat be estreinau da: David Perez Sañudoren Azken Erromantikoak. Horreekaz batera, umeentzako nazinoarteko 11 filma euskerara bikoiztuta emon dira.
Pantailak Euskeraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko egitasmoak eta horren partaide dan Zinemak Euskeraz ekimenak 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan egondako estreinaldi kopurua eta eskainitako filmen hizkuntzea aztertu ditue. Halanda ze, datuak kezkagarriak dira: euskerazko jatorrizko bersinoan, euskerara bikoiztuta edo euskerara azpidatzita eskaini dan estreinaldi kopurua ez da % 1,6ra heldu (Hego Euskal Herrian % 2,6 eta Ipar Euskal Herrian % 0,4). Gazteleraz edo gaztelerara azpidatzita, barriz, filmen % 100 eskaini dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; eta frantsesez edo frantsesez azpidatzita, filman % 100 Lapurdin, Behe Nafarroan eta Zuberoan.
Ondoko honeek dira 2024an Euskal Herriko zinema komertzialetan estreinau diran filmak, hizkuntzearen arabera:
- Euskal Herrian estreinau diran film kopurua: 900 baino gehiago.
- Gazteleraz (edo gaztelerara azpidatzita) hegoaldean estreinau diran filmak: 540 inguru.
- Frantsesez (edo frantsesera azpidatzita) iparraldean estreinau diran filmak: 520 inguru.
- Euskal Herri osoan euskeraz estreinatu diran filmak: 2.
- Hego Euskal Herrian euskeraz estreinau diran filmak: 14.
Ondoko honeek izan dira jatorriz euskerazko bersinoan eskaini diran euskal produkzinoak:
- Bizkarsoro (Josu Martinez, 2023), fikzinoa, 2024ko urtarrila.
- Negu Hurbilak (Negu Kolektiboa, 2023), fikzinoa, 2024ko zezeila.
- Azken Erromantikoak (David Perez Sañudo, 2024), fikzinoa, 2024ko iraila.
Zinemea Euskeraz programearen (Eusko Jaurlaritza) bitartez euskerara bikoiztuta eskaini diran umeentzako filmak:
- Patrick (2024ko urtarrila).
- Museoaren zaindariak (2024ko zezeila).
- Dragoi jagolea (2024ko Apirila).
- Deep-Sea (2024ko maiatza).
- Lagunak erreskatera (2024ko bagila).
- Robotia (2024ko bagila).
- Buffalo Kids (2024ko abuztua).
- Central Parkeko heroiak (2024ko iraila).
- Liztor kapitaina (2024ko iraila).
- Super Klaus (2024ko zemendia).
- Klara eta hazi magikoen misterioa (2024ko gabonila).
Estreinautako beste dokumental bietan be egon da euskerearen presentzia: Ander Iriarteren Indarkeriaren Oi(h)artzunak eta Lucie Francini eta Sabina Hourcaderen Artzain Soil.
Estreinaldi kopuruaz harago, euskereak zinemetan izan dauen benetako presentziaz jabetzeko, filmek izaten daben emonaldi kopuruari be erreparau behar jako. Datuak aztertuta, argi geratu da erdarazkoen proiekzino kopurua azkoz handiagoa izaten dala. Euskal Herrian 2024an zinema komertzialetan emondako ia 197.000 proiekzinoetaitik, 166.000 gazteleraz (Hego EHn), 29.000 frantsesez (Ipar EHn) eta 1.800 baino gitxiago izan dira euskeraz, halanda ze, proiekzino guztien % 0,9.
Beste datu esanguratsu bi be kaleratu nahi ditu Pantailak Euskeraz egitasmoak: batetik, Euskal Herrian produzidutako 15 film heldu dirala zinema areto komertzialetara 2024an, horreetatik 3 soilik euskeraz. Bestetik, Euskal Herrian 2024ean zinemetan ikusienak izan diran 10 filmen artean, bakar bat be ezin izan dala euskeraz bikoiztuta edo azpititulatuta ikusi. Katalunian, esaterako, 2024ko 10 pelikula ikusienetaitik 6 katalanera bikoiztu ditue Generalitatearen hizkuntza politikei esker.
Bermerik ez euskeraz konsumiduteko
Nekez uler leiteke euskeraz ez dogula konsumiduten, herritarrei euskeraz bizitzeko aukerak holan ukatzea, erdaraz konsumiten behartzen gaitue, esparru batzuetan nekez bermatzen dalako gure hizkuntzearen presentzia.
Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan aplikagarri dan araudian euskeraz konsumiduteko eskubidearen ukazinoa sistematikoa da. Frantziar Estaduko araudiak ez deutse euskaldunei inolako eskubiderik autortzen.
Legean ezarritakoaren bermea eta baliabideak behar ditu euskerak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskarazek uste dabe erakunde publikoen ardura dala herritar guztien hizkuntza eskubideak zinemetan be babesteko neurriak hartzea: beharrezkoa da euskerearen presentzia legez bermatuko daben arauak jorratzea Eusko Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunidadean. Arabere gehiago orain, zinematografiarako diru-funtsen konpetentzia EAEk eskuratu ondoren. Beraz, konsumitzaile erabiltzaileen eskubideak erreguletan diran araudietan zinema komertzialekiko neurri zehatzak planteatzeaz dabiz.
Iparraldean be, bertoko erakundeek dituen eskumenen barruan, euskerazko zinemeak bultzadea behar dau baina euskerearen autortza juridikoa eta lege babes eskaerea albo batean itxi gabe.
Ikus-entzunezkoek geroz eta denpora gehiago hartzen dabe gure aisialdian, zinemetan estreinatzen diran filmak streaming plataformetara heltzen dira ondoren, eta beraz, filmak euskeraz be egotea ezinbestekoa da euskerearen normaltasunean aurrera egiten jarraitzeko, herritarren arteko bardintasunean sakondu eta euskeraz bizitzea jentarteko esparru guztietan posible izan daitezan.
Bien bitartean, Pantailak Euskerazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskerazko produkzinoak eta euskerara bikoiztutakoak konsumiduten animau nahi ditue euskal herritarrak. Zinemetan eta streaming plataformetan dagoan euskerazko eskaintza eguneratua ezagutzeko, ZerNonIkusi.eus webgunea eta Smart TV eta eskuko gailuetarako ZNI dobaneko aplikazinoa martxan dagoala gogorarazo dabe.
Kontuak kontu, zinemetan euskerazko eskaintzarik ez dagoanean, www.euskararentelefonoa.eus bitartez jagokion salaketak jartzeko deia egin dabe Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Pantailak Euskerazek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!