Goya Sariak bihar, hilak 28, izango dira
2026-02-27 10:30 ZinemeaEuskal zinemeak 45 izentapen jaso ditu.
Euskal zinemea barriro nabarmenduko da 2026ko Goya sarietan, izan be, 45 izentapen jaso ditu, 23 kategoriatan banatuta. Horreetako produkzino batzuk ondoko honeek dira: Los domingos (13 izentapen), Maspalomas (9) eta Los tigres (7). Sari-banaketa ekitaldia bihar, hilak 28, izango da Bartzelonako Forum eraikinean.
Galea, Rigoberta Bandinik eta Luis Tosarrek aurkeztu dabe. Hori dala eta, ondoko azalpen honeek emon ditue.
Hautagaiak
2025eko euskal filmik goraipatuena, Los domingos, Goya sarietarako izentapen gehien jaso dituan lana da, 13 kategoriatan lehiatuko baita, hain zuzen be. Atzetik ditu Sirat (11) eta Maspalomas (9).
Alauda Ruiz de Azúak publikoa eta kritikea bereganatu zituan Cinco lobitos opera primagaz, aurtengo Goya sarietarako hautagai gogokoenetakoa da. Filma ondoko sari honeetarako izentau dabe: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (Miguel Garcés), Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Patricia López Arnaiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Juan Minujín), Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onena (Nagore Aranburu), Emakumezko Aktore Barri Onena (Blanca Soroa), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Muntaia Onena, Soinu Onena, Jantzien Diseinu Onena eta Produkzino Zuzendaritza Onena.
Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas filmak, barriz, bederatzi izentapen lortu ditu kategoria honeetan: Film Onena, Zuzendaritza Onena, Gizonezko Aktore Protagonista Onena (José Ramón Soroiz), Bigarren Mailako Gizonezko Aktore Onena (Kandido Uranga), Jatorrizko Gidoi Onena, Argazki Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena, Makillaje eta Ule-apainketa Onena, eta Arte Zuzendaritza Onena.
Aurtengo edizinoko beste euskal produkzino handienetako batek, Los Trigres filmak, zazpi izentapen jaso ditu: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Produkzino Zuzendaritza Onena, Arte Zuzendaritza Onena, Jatorrizko Musika Onena, Argazki Zuzendaritza Onena eta Jatorrizko Gidoi Onena.
Agustín Díaz Yanesen Un fantasma en la batalla filmak lau hautagaitza ditu: Efektu Berezi Onenak, Muntaia Onena, Jatorrizko Gidoi Onena eta Emakumezko Aktore Protagonista Onena (Susana Abaitua).
Paul Urkijoren Gaua pelikuleak, barriz, hiru izentapen lortu ditu: Efektu Berezi Onenak, Jantzien Diseinu Onena eta Makillaje eta Ule-apainketa Onena.
Beste behin, Alberto Vazquez hautagaia da Animazinoko Film Onenaren Saria irabazteko, Dekoratua lanagaitik. Lanaren mundu mailako estreinaldia AEBko Fantastic Fest jaialdiaren Sail Ofizialean izan zan (irailean, Texasen), munduko jaialdi garrantzitsuenetakoa. Hiru hilabete geroago, animazinoko film onenaren Forque saria lortu eban.
Bestalde, ondoko honeek be izentau ditue: La tregua, Miguel Ángel Vivas (Makillaje eta Ule-apainketa Onena); El talento, Polo Menárguez (Jatorrizko Musika Onena); ¡Caigan las rosas blancas!, Albertina Carri (Jatorrizko Abesti Onena); Eloy de la Iglesia, adicto al cine, Gaizka Urresti (Film Dokumental Onena); Balearic, Ion de Sosa (Zuzendaritza Barri Onena); Zona Wao, Nagore Eceiza (Film Dokumental Onena) eta La misteriosa mirada del flamenco, Diego Céspedes (Film Iberoamerikar Onena); Elena Irureta (Bigarren Mailako Emakumezko Aktore Onenaren Sarirako hautagai izango da Sorda lanagaitik).
Horreetako batzuk ikusgai dagoz Primeran plataforman, esaterako: Maspalomas (9 izentapen) eta Zona wao dokumentala eta Dekoratua.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
