XXXII. Bilbao FANT iragarriko dauen kartela aukeztu dabe

Bizkaie! 2026-02-11 07:51   Zinemea

Batman personaia da protagonista.

Bilboko Udalak atondutako FANT – Bilboko Fantasiazko Zinemaldi maiatzaren 8tik 16ra izango da, eta Batman izango dau irudi, DC Comicseko pertsonaiarik enblematikoenetako bat, zineman eta telebistan be film ugariren protagonista izan dana.

FANT Bilbaok 32. edizinoa izango du 2026an eta aurreko urteetako hari grafikoari eutsiko deutso, fantasiazko zinemako personaiarik mitikoenak ikusarazoz. Eta aurten, saguzarra agertzen da 2026ko edizinoa iragarten dauen kartelean, urte honetan, telebistan lehen Batman agertu zaneko 60. urteurrena ospatzen baita.

Michael Keaton, George Clooney, Val Kilmer, Christian Bale, Ben Affleck edo Robert Pattinson lako aktoreek Batman personaiaren papera egin dabe pantaila handian, baina lehenengo aldiz 1966. urtean agertu zan, Adam West aktore estadubatuarragaz. Batman the movie izen bereko telesailagaz lotutako film luzea da, garai haretan sekulako erantzuna izan ebana, eta 1966ko garagarrilean estreinau eben (Espainian 79. urtean). Bob Kaneren komiki ezagunaren egokitzapen honetan, Batmanek eta Robinek aurre egingo deutse kriminal talde bati eta, horreen artean, Joker eta El Pingüino betiko arerioak dagoz.

FANT 2026ko kartelak Batmanek DCn dauen jatorri ilustratua gogorarazoten dauen estetikea dauka eta, bertan, Zaldun Iluna aurkezten da beste ikusle bat bezela zinemako besaulkian, uriaz gozetan eta, oraingo honetan, Gotham City izan ordez, Bilboko skyline ezaguna da.

Personaia Zinemaldiaren programazinoan agertuko da, Tim Burtonen Batman filma ikusi ahal izango baita martiaren 24an, martitzenean, Azkuna Zentroko Golem-Alhondiga zinema-aretoetan, jaialdiaren egoitza nagusian. Emonaldi zinematografiko hori PreFANT zikloaren barruan sartzen da, datorren maiatzean izango dan programazino osoaren atarikoa. Sartzea doban. Baina aurrez leihatilan jaso beharko da, proiekzinoaren egun berean, 16:30etik aurrera. FANTegaz lotutako merchandisingagaz (kamisetak, poltsak, programea...) nahiz Batmanegaz lotutako elementuren bategaz joaten diran persona guztiek lehentasuna izango dabe gonbidapenak jasoteko orduan.

Antonio Vicenten Aves de corral filmaren aurrestreinaldia

Decorado eta Gaua filmen ondoren, Fantek PreFant zikloagaz jarraituko dau datorren zezeilaren 17an, martitzenean, Antonio Vicent zuzendariaren opera prima dan Aves de corral film luzearen aurrestreinaldiagaz. Filma iluntzeko 19:30ean emongo dabe Golem Alhondiga zinema-aretoetako 1. aretoan eta, beste batzuen artean, zuzendaria bertan izango da.

Sartzea doban izango da edukierea bete arte, baina gonbidapena zinema-aretoko leihatilan jaso beharko da aurretik, proiekzinoaren egun berean, 16:30etik aurrera.

Egun berean goizean, filma komunikabideen aurrean aurkeztuko dabe Gonzalo Olabarria Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza zinegotziak; Amaia Domingo FANTeko zuzendariak; zuzendari Antonio Vicentek, baita taldeko beste hainbat pertsonak ere.

Aves de Corral


Gaizkile-talde berezi batek CNIko buruzagi bat hilteko asmoa dauka baina bikote ezkongai baten asteburuko plana hareeen bidean jarriko da.

Pelikulea proposamen barritzaile moduan aurkeztuko da Espainiako industria zinematografikoan, zinema klasiko anglosajoiaren eraginagaz. Antonio Vicent zuzendariaren arabera, istorio honetan inork ez dau kontrolik. Bardin da zein dan plana: zeozerk huts egingo dau. Eta hori personaiei eta, zeozelan, ikusleari apliketa jake. Pelikula hau egiteko beti publikoa izan dot gogoan, filma ikusteko jarten diranean hareek entreteniduteko emoten deustien ordu eta erdian. Publikoa da, azkenean, pantaila handiaren izateko arrazoia.

  • Espainia, 2026
  • Zuzendaritzea eta gidoia: Antonio Vicent.
  • Aktoreak: Chechu Salgado, Diego Anido, Olivia Baglivi, Jose Luis Garcia-Perez, Roberto Enriquez, Antonio Duran (Morris) eta Pedro Casablanc.

Antonio Vicent

Madrilgo zuzendari eta gidoilariak (1997) Ekonomia ikasi eban Unibersidade Konplutentsean eta prestakuntzea Dublinen —bertan idazketarako pasinoa deskubridu eban— eta New Yorken —masterra eta gidoi ikastaroak egin zituan— . Sasoi haretan, lehenengo gidoiak idazten hasi eta zinemagile lanari ekin eutson. Zinezalea izan da beti eta 29 de julio lako film laburrak egin ditu (zuzendari gazte onenaren 2024ko finalistea Antonio Ferrandis Zinemaldian) eta Aves de corral lehen film luzea filmau dau, komedia-elementuak dituan thrillerra, Fanten aurrestreinauko dana, zinema-aretoetan martiaren 6an agertu aurretik.

Euskerazko proiektuak

Publiko orokorrarentzako eta hedabide espezializaduentzako pelikulak erakusteagaz batera, ikus-entzunezkoak sortzen laguntzea da Fantasiazko Zinemaldiaren helburuetako bat, batez be, euskeraz egindako lanei jagokenean, Bilboko Kultura 2023-2033 Plan Estrategikoaren hari estrategikoetan jasoten dan moduan. Hori dala-eta, FANTek, hirugarren urtez, deialdi bat bultzatuko dau genero fantastikoko film labur bat euskeraz produziduteko proiektuak sustatzeko. Horretarako epea martiaren 28an, zapatuan, amaituko da.

Hautatutako proiektuek 5.000 euroko saria jaso leikie film labur bat egiteko. Zinemaldiaren arloan, parte-hartzaileek euren proiektuak aurkeztu eta defendiduko ditue (gehienez bi aurkeztu ahal izango ditue, gehienez be 20 minutukoak), horretarako izentautako epaimahai espezializadu baten aurrean eta herritarrentzat edegitako saioan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu