'Señeak Bizkaia Rock Kanpusa' jaio da gazteen talentu musikala bultzatzeko

Bizkaie! 2025-03-05 08:26   Musikea

14 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko sortu da. 

Bizkaiko Foru Aldundiak Gatibu taldeko kide Alex Sardui eta Ekain Alzolagaz bat egin dau musika ikasle gazteei esperientzia parebakoa eskaintzeko Pasko Astean. Musikea oinarrizko tresna pedagogikoa da, pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana sustatzen dituana. Nerabeei zuzuendutako egonaldi hau ikasleek euren musika-trebetasunak hobetzeko eta bizitzako beste alderdi batzuetan baliogarriak izango diran gaitasun personalak eta sozialak garatzeko izango da: musikearen bidez gazteen garapen integrala sustatzea da gure helburua. Tresnak emotea, sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzeko. Euskerea komunikazino-hizkuntza lez erabiliz hizkuntza-identidadearen alde egitea eta bide batez, alkarbizitzan ikasteko bidea eskaintzea, giro dinamiko eta aberasgarrian azaldu dau Elixabete Exanobe Diputadu Nagusiak.

Musika munduan bizi garenok egunero ikusten dogu gazteen artean harrobia dagoala, baina ibilbide formaletatik kanpo profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gitxi dagoz eta horregaitik, Señeak lako proiektuak sustatzea ezinbestekoa da, gazteei euren talentuaz gozeteaa eta esperientziadun artisten eskutik ikasteko aukerea eskaintzea azaldu dau Gatibu taldeko abeslari Alex Sarduik.

Bestalde, Aitor Pagaldai Lauaxeta ikastolako zuzendariak gaineratu dauenez, Lauaxeta ikastolako kideontzat Señeak Bizkaia Rock kanpuseko parte izatea guztiz bat dator ikastolearen hezkuntza helburuakaz. Bizkaiko nerabeentzako kultura, musika, kalidadeko aisia eta talde lana buztartzen dituan kanpusa ekimen bikaina da eta gazteek behar dituen kalidadeko aisildirako aukerakaz bat datorrena.

Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxeta ikastolan izango da apirilaren 21etik 26ra, Pasko Astean. Hautatuak izan diranek klase personalizatuak jasoko ditue lehen mailako euskal artisten eskutik eta euren ikaskideakaz musika estiloak praktikau eta fusionetako aukerea be izango dabe.

Online izen-emoteak

Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna dauen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago eta izena emoteak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal dira martiaren 25era arte. Minutu gitxiko bideo bi bialdu beharko ditue gazteek euren burua aurkeztuz eta talentua erakutsiz. Ondoren, artista ezagunak izango dituan epai-mahaiak 20 gazte aukeratuko ditu.

Esperientzia erakargarria nerabeentzat

Bost gau eta sei eguneko egonaldia izango da, Zornotzako Lauaxeta ikastolan egingo dana. Aste horretan zehar euskal artista ezagunakaz ikasiko dabe gazteak, erreferenteen zuzeneko prestakuntzea jasoko dabe. Ordutegia 9:00etatik 18:00etara izango da; goizez klase instrumentalak eta teorikoak eta arratsaldez saioak taldeka, olgeta-jarduerak eta arte-sorkuntzako tailerrekin.

Egonaldia zati bitan banatuta egongo da; eguneko lehen partean ikasteari ekingo deutse (teoria musikala, praktika instrumentala, sorkuntza artistikoa...) eta arratsaldetik aurrera aisialdiko ekintzak egingo ditue (urteerak, kirol ekimenak, taldelaneko proiektuak).

Ikaskuntza musikala euskal sortzaile eta musikari ezagunen eskutik jasoko dabe eta artisten bisitak be izango ditue. Arratsaldeko aisialdi eskaintzea, barriz, Lauaxeta Ikastolako begiraleen eskutik izango da, esperientzia handikoak zerbitzu honeek eskaintzen.

Ikasturte amaierako kontzertua

Kanpusaren azken egunean, zapatuan, partaideek dobako kontzertua eskainiko dabe Zornotza Aretoan. Bertan, ikasitako guztia erakutsiko dabe ikusleen aurrean. Esperientzia parebakioa nerabeentzat, euren irakasleakaz eta erreferenteakaz batera joteko aukerea izatea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu