'Kontserba Fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen' erakusketea Bilbon

Bizkaie! 2025-03-04 13:56   Kulturea

Emakumearen Nazinoarteko Egunaren harian dator.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak, Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen liburuan jasoten dan Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejoren ikerketa lanetik abiatutako Beti eskamak kentzen erakusketea programau dabe. Bertan, familian konserba-fabriketan ibilitako hainbat emakume-belaunaldi dituan Kirmen Uribe Ondarroako idazlearen poema bat jasoten da.

Dokumentu ofizialak, prentsa-artikuluak, argazkiak eta margolanen erreprodukzinoak batzen dituan erakusketea apirilaren 25 arte egongo da zabalik Batzar Nagusiak erakundearen erakusketa aretoan (Hurtado de Amezaga, 6 – Beheko pisua. Bilbo). Sartzea doban da.

XVI. mendetik arraina lurraldeko portuetan jardun daben emakumeen lanbidea omentzea da asmoa, liburu bat argitaratuta eta erakusketa bat atonduta. Emakume horreek, euren indar eta ausardiagaz, mendeetan zehar, eurak jakin barik, Bizkaiko garapen ekonomikoaren oinarrizko pieza bihurtu ziran, euren lana gizartearentzat luzaroan ikusiezina izan arren, emakumeek zeregin erabagigarria izan eben beste lanbide batzuetan jazo zan lez.

Azkenengo urteetan, Bardintasun Planak bultzatuta, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak emakumeek egindako lanak errebindikau eta ikusarazo ditu, bai gizartearen ikuspegitik onarpena ebenak, bai hain ezagunak ez ziranak be. Igaz, ekimena salgaien karga-ontzien lanbidean zentrau zan. Aurton konserba-fabriketako andrazkoen txandea da. Lan hori emakumeek egin dabe bost mendetan zehar, Itsasadarrean zehar ontziak eroiezan andra zirgariakaz, Bizkaiko fabrika askotan ibilitako emakume langileakaz edo emakume baserritarrakaz jazo zan lez. Horreek guztiak be, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen begiradea jaso dabe, argitalpenen eta erakusketen bitartez.

Kontserba-fabriketako andrazkoak. Beti eskamak kentzen erakusketeak, belaunaldi askotako emakumeen artean errealidadea izan zan lanbide hori ahanzturatik berreskuratzeko ahalegina egiten dau, izan be, dokumentazinoari esker, eta batez be Amaia Apraiz Sahagún eta María Romano Vallejok barriro egindako azterlanari esker, badakigu emakumeak konserba-fabriketan ibili dirala XVI. mendetik gaur egunera arte. Lanbideak gaur egun be jarraitzen dau, baina laneko hobekuntzei eta garapen teknologikoari esker, lanak ez dau antzik beste garai batzuetakoagaz.

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakudeak Bizkaiko enpresa sarearen biziraupenerako hain garrantzitsua dan lan hori egiaztetan dauen material grafikoa batu dabe (dokumentu ofizialak, egunkarietako zatiak, argazkiak, ilustrazinoak eta artelanen erreprodukzinoak). Erakusketako materiala Apraizek eta Romanok, kultur ondarean adituak, erakusketearen izen bereko liburura batutako ikerketa lanaren parte da. Egileek erakunde publiko eta pribaduen laguntzea izan dabe lana osotzeko: Campos, Zallo, Arroyabe, Ortiz, Serrats eta Olasagasti konserba-fabrikak, Arte Eder Museoa, Euskal Museoa, Arrantzaleen Museoa, Bizkaiko Foru Artxibo Historikoa, Santurtziko Kaia Alkartea, Garavilla familia, Jon Fernández García de Iturrosperen familia (Santurtzi), eta Iñaki Markaida.

Apirilaren 25era arte Bilbon zabalik egongo dan erakusketearen aurkezpenean Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak azaldu dauenez, erakusketa honek emakumeek gure historian izan daben benetako ekarpena aldarrikatu gura dau, mendeetan zehar izan ez daben ikusgaitasuna emonez. Gizartetik gertu egon gura izan dabe beti eta euren eginkizunetik harago jarrera dinamikoa hartu dabe gizarteari begira, gure legegintza-lanaz harago doazen proiektuak babestuz. Artean, historian edo ondarean egin dogu, baita gizonen eta emakumeen arteko benetako bardintasun eraginkorrean aurrera egiteko burrukan be.

Beste alde batetik, konserba arloko emakumeen lekukotzak jasoten dituan ikus-entzunezko pieza bat be aurkeztu dabe, konserba-fabriketako andrazkoen ahotsa bizirik dagoalako oraindino. Genero-ikuspegiagaz egindako hurbilketatik, egileek artxiboetan jasotakoa eta gordetakoa kostaldeko udalerrietako emakumeen berbakaz eta gomutakaz bateratu dabe.

'Escabecheria'. Inocencio Asarta.

Argitalpenak Kirme Uriberen poema hau jasoten dau:

Emakumeak fabrikatik bueltan

Kontserba-fabrikan egin zuen lan amamak.
Eta amak eta izebek.
Langileak ziren, ez etxekoandreak.

Edo hori ere bai.
Gustuko nuen lanetik etortzen zirenean
zekarten usain hura.

Arrain, izerdi eta gatzun usaina.
Nahiz eta beraiek gorrotatzen zuten.
Garbitzeko eta ahazteko horren zaila den hura.

Fabrikan lan egiten zuten etxeko emakumeek
eta, ostean, etxean.
Antxoak garbitzen zituzten sukaldeko mahaian.

Ni azpian jolasten nintzen bitartean.
Zorteko banintzen probatzeko emango zidaten.
Ogitartekoak ere antxoekin ziren.

Nik nahiago nuen hori txerrikia edo txokolatea baino.
Lagunek barre egiten zidaten arren.
Beste garai batzuk ziren horiek.

Orduan emakumeek abestu egiten zuten fabriketan,
eta baimena ematen zieten ugazabek
haurrari bularra eman behar bazioten.

Elkarrekin hartzen zuten atseden emakumeek.
Laneko arropekin, harrizko hormaren kontra
eguzkia hartzen edo erretzen, begiak itxita.

Bake une bat bizitzen zuten horrela,
eta ahazten ziren lanaz,
senarrez eta seme-alabez.

Egun, urte andana geroago,
nik ere begiak ixten ditut,
beraien bake une hura aurkitu nahian.

Ahoa zabaltzen dut, esperoan edo,
emakume esku batek opari egin diezadan
antxoa xerra bat.

Sukaldeko mahai gainetik zetorren oparia.
Ni azpian jolasten nintzen bitartean.
Bakarrik, beraiek lan egin behar zuten eta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu