EITBk eta Euskaltzaindiak 2025-2028 lankidetzea sinatu dabe
2025-03-04 09:47 Euskerea berbagaiBesteak beste, euskalkien eta berbakeren aberastasuna jagotea da asmoa.

EITBk eta Euskaltzaindiak 2025-2028 aldirako lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak. Hitzarmenaren bidez, EITBk eta Euskaltzaindiak alkarlanari eutsiko deutse, euskerearen eredu estandarra zabaldu eta gizarteratzeko, euskerearen lanketa funtzionala indartzeko, euskerea hedabideetan normalizetan aurrera egiteko eta euskalkien eta berbakeren aberastasuna jagoteko. Besteak beste, prestakuntza-saioak, argitalpenak, bikoizketako estilo-liburua eta Gabriel Arestiren omenezko ekintzak sustatuko ditue alkarlanean.
Horrezaz gan, EITBk sortzen dauen euskerazko testu masa Euskaltzaindiaren Euskerearen Erreferentzia Corpusean (EEC) jasoko da. Euskerearen Erreferentzia Corpusak egungo euskerearen agerpen ezbardinen corpusa barruratzen dau, tartean, EITBk sortzen dauen materiala, ahozkoa zein idatzizkoa. Testu masa hori EEC adimen artifizialaren inguruabarrean, erreferentziazko lanabes bilakatuko da, euskereari jagokonez. Esangura horretan, Andres Urrutia euskaltzainburuak azaldu dau ingurune digitalak be izango dauela tartea lankidetza honetan, hurrengo urteetako hizkuntzearen preminak hortik etorriko diralako. Horrezaz gan, Urrutiak nabarmendu dau euskerearen normalkuntzarako hainbat ekimen egingo dituela EITBk eta
Akademiak alkarregaz: horreen helburua herritarren onurea da, euskerearen bidez gaurkotasunez jokatu ahal izateko. Autortu dau Euskaltzaindiarentzat guztiz beharrezkoa dala EITBgaz batera jokatza, euskerearen bizibarritze prozesuan aurrera egiteko: Euskerearen Akademiaren mezua zabaltzeko tresna garrantzitsua da EITB, ezinbestekoa; horregaitik aspalditik ondutako lankidetzeari eutsiko deutsagu barriro, gure gizartean diran erreonka barriei aurre egiteko.
Andoni Aldekoa be pozik azaldu da eta EITB etorkizunari begira dagoala azpimarratu dau: erronka handiak ditugu. Euskerearen etorkizuna da helburua, baita gazteak be. Beraz, etenik bako alkarlana eta indarrak batzea nahitaezkoa izango da aurrera begira be, aspalditik sutsu gabiz ahalegin horretan, hortxe ditugu -Primeran-, -Makusi- eta -Guau- plataforma barriak eta etorriko diranak. Plataforma horreei esker, erabiltzaile gazteak euskerara erakarri nahi ditugu, kalidadeko edukiak eskainiz, jakin baitakigu belaunaldiz belaunaldiko euskerearen transmisinoan zeregin garrantzitsua dogula.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!