Erdalduntze makinea martxan Bilbon
2025-02-27 07:59 Euskerea berbagaiZenbat aldatu dan Bilbo...

Horixe errepetiduten dabe nagusienek, Bilbo industriala ezagutu eta azken hamarkadetan zerbitzu-uri bihurtzen ikusi dabenek. Zenbat aldatu dan uri hau. Denda, supermerkatu, taberna, bulego, estudio eta danetariko zerbitzuek ordeztu ditue sasoi bateko ontziolak eta burdingintza industria. Makina eta mekanismo zaratatsuek lekua iti deutse zerbitzu aseptikoagoei.
Bada, ostera, dana emonda martxan jarraitzen dauen makina erraldoi bat. Hainbeste ohitu gara haren zarata eta usainera, ez baitogu martxan dagoanik igarri be egiten: erdaldunak sortzen dituan makinea da, 24 orduz martxan dabilena, eta eten barike produziduten ditu erdaldunak. Potentzia handiko makinea da, gu baino askoz indartsuagoa, eta ia ezinezko egiten deusku Bilbon euskeraz bizitea.
Mekanismo ugari ditu makineak, zein baino zein sofistikatuagoak. Esate baterako, aisialdi eskaintza guztiz erdalduna plazaratzen dau, bilbotarrei erakusten deutse ondo pasetako gaztelania beharrezkoa dala, edo, arabere gehiago, ezinbestekoa dala: kultur, kirol zein bestelako ekintzetan... Euskerazko aisialdia nahi dauenak nekez lortuko dau holakorik. Euskerea ikasten animetn diranek be esfortzu handia egin behar dabe, matrikulak ordaindu, klaseetara joan, lanagaz buztartu... Hortik kanpo ia ezinezko egiten dau makineak euskerea ikasten jarraitzea edo praktiketea. Umeen kasuan be, makineak ez dau etenik, eskolaz kanpoko eskaintza gehiena gaztelaniaz da, umeei erakusteko, helduei bezelaxe, gaztelaniaz baino ez dala ondo pasetan. Makina honek, bestalde, komunikabide sistema erdaldun oso bat eskaintzen deutso bilbotarrari, diru publikoz ondo olioztauta, informazinoa eta bestelakoak erderaz jaso daizan, eta euskeraz zeozer nahiko baleu, bere kabuz bilatu beharko leuke. Hori guztia gitxi balitx, euskerearen kontrako hamaika diskursok emoten deutse errematea prozesuari. Punta-puntako teknologia darabil makineak, Bilbon euskeraz bizitea galarazoteko.
Honen aurrean, zer egin? Horixe da GUKAn geure buruari galdetzen deutsaguna eta erantzuna uste baino sinpleagoa da: makina hau ikusarazo. Makina hau martxan dagoalako eta ez deuskulako euskeraz biziten ixten, makina honek gaztelerearen alde egiten dauelako eguneko 24 orduetan, makina honen aurrean ezikusiarena egiten dabelako askok eta ez dalako posible euskerearen alde egitea makina hau gelditu ezean. Eta garrantzitsuena, makina hau elikatu eta olioztetan dabenek ardura eta erantzukizunak dituelako.
Makinea martxan da, eta guri hori salatzea jagoku. Makina guztiek dabe, ostera, amatetako botoi bat, eta ardurak dituenei jagoke neurriak hartzea, euskerearen alde egingo badabe. Guk argi daukagu: Bilbo euskeraz dator. Ekiteko garaia da, inertziaz martxan dagozan mekanismoak baztertu eta euskerearen aldekoak aktibau behar dira, Bilbo barri bat etorri daiten, euskeraz biziko dan Bilbo bat. Gatxa emoten dau, bai, baina nagusienek ondo dakie Bilbo asko aldatzen dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!