Elektronikea eta soinu tradizionalak buztartuz dator Heitxiren lehenengo diskoa

Bizkaie! 2025-02-27 13:50   Musikea

Heitxi zornotzarrak gaur aurkeztu dau Berreraikitze Aroa bere lehenengo diskoa Bilboko La Sinsorgan.

Heitxi (Eider Etxeandia). | Ikusi handiago | Argazki originala

 Heitxik (Eider Etxeandia), lehiaketetan, erromerietan eta umeentzako ikuskizunetan parte hartu ondoren, erronka artistikoari ekin deutso, lehenengo diskoa kaleratzeari, hain zuzen be: Berreraikitze Aroa da diskoaren izenburua, nortasuna berreregiteko prozesua aztertzen dauena. Diskoa, bere osotasunean, itxaropen eskutitz bat da, aldaketa eta momentu hobeagoak eskatzen dituana, bai eta joandako denporak ospatu eta etorkizun hobeago baten alde burrukatzen dauena.

Kantuek be bidaia introspektibora eroaten gaitue, mezu personal sendo bategaz. Heitxik bere inguruan dituan familia eta lagunei eskertzen deutse, bai eta feminismoa berreregite aro honetan presente izan dauela.

Maila musikalean, estilo modernoak buztartzen ditu, besteak beste, elektronikea eta euskal kulturako soinu tradizionalakaz nahasten ditu, batez be trikia eta panderoa. Modu errazean, elektro-triki-popa ei da Heitxiren aurkezpen diskoa. Berreraikitze Aroa diskoko musika unibersoak bat egiten dau diskoaren mezuagaz, joandako denporak eta etorkizuna buztartuz, horreek dira eta Heitxiren nortasunean presente dagozan soinuak.

Heitxiren lehenengo diskoa gutun personal bat eta belaunaldi barri baten aurkezpena da.

Kolaborazinoen harian, Heitxik Ines Osinaga izan dau lagun Lema eta lekukoa kantuan. Osasun mentala oinarrizkoa da benetakotasunerantz eta auto-onarpenerantz egiten dogun bidaian. Bizitzan, egonkortasuna galtzen dogun hainbat moemnturi egin beharko deutsegu aurre, eta leitekeana da, oreka puntua galtzen dogun momento horreetan, benetan nor garen ahaztutea. Barruko gorabehera horreek autortu eta kudeatzea oinarrizkoa da nortasuna eregi eta berrabiatzeko. Nekez egongo da loratze bat, hazi barriak ereiten ez badira.

Beste alde batetik, Belek be kantau dau Heitxigaz Akelarre askea kantuan. Gure nortasun kolektiboa berreregiteko bidaia auto aurkikuntza eta berreste prozesu legez agertzen da. Jagole izan diranak gogoratzean, jakintza eta ausardiazko hari batez lotuta gagozala jaubetzen gara.

Omenaldi honek, hareen sakrifizioetatik ikastea eta hareen istorioek gure bizitzan daben eragina autortzea be badakar. Aurrera pausu bakotxagaz izan ziranak omentzen ditugu, etorkizunean oihartzuna izango dana eraginez.

Entzun Heitxiren Aro barri bat

Lantaldea

  • Musikea eta berbak: Eider Etxeandia.
  • Produkzinoa eta nahasketak: Oihan Moreno, Iker Villa, Xabier Bengoa (Gaua Recording Estudio).
  • Ahotsak: Eider Etxeandia, Ines Osinaga, Lide Hernando (Bele).
  • Bajua eta gitarrak: Markel Arévalo.
  • Trikitixea eta panderoa: Onditz Ugarte, Eider Etxeandia, Ines Osinaga.
  • Ilustrazinoak: Lua Buron.
  • Testuak: Maialen Arteaga.
  • Erretratuakk: Iratxe Etxeandia, Caos Studio.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu