'Bizkaian bagara. Berbak zubi', euskerearen erabileran eta aktibazinoan eragiteko
2025-02-26 08:02 Euskerea berbagaiBFAk eta Taupak martxan jarrita, lurralde osoan suspertu nahi da euskerearen presentzia.

Euskerearen erabilerea handitzea, hizkuntzearen bizibarritze prozesuan urrats gehiago emotea eta biztanleria-sektore barrietara normaltasunez hurreratzea dira Bizkaian Bagara egitasmoaren ardatz nagusiak.
Lurraldeko eskualde guztietara heltzeko helburuari eutsiz, Bizkaian dagozan tipologiak kontuan hartuta 10.000 bizkaitarrakaz lan egitea aurreikusten da. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundia eta Taupa Euskaltzaleen Mobimentua alkarlanean ibiliko dira datozen hiru urteetan.
Egitasmoa lurraldearen euskerearen saretzearen eta aktibazinoaren araberako diagnosian oinarritzen da. Erabileran eragiteko hiru lan arlo eta esku-hartze moltsoa irudikatu dira:
- Tokian tokiko euskaltzaleen aktibazinoa eta saretzea.
- Aniztasunaren kudeaketea, euskerara hurreratzeko baliabideak eskainiz.
- Gazteen eta familien arteko erabilerea sustatzeko ekimenak.
Egitasmoaren aurkezpenean izan dira Leixuri Arrizabalaga Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak eta Jasone Mendizabal Taupa Euskaltzaleen Mobimentuko koordinatzaileak.
Arrizabalagak azaldu dauenez, Aldundi honen lehentasunen artean, euskerea jagotea eta euskereari behar dauen lekua emotea dago. Zeharkako ekimena da, gure sail guztietan eta eguneroko lanean kontuan hartzen doguna. Bizkaian Bagara ekimenak bizkaitarrak euskerearen erabileran aktibetako bokazinoa dau, euskerearen erabilereak beharrezkoa dauen saltoa emon daiten, bakotxak bere ekarpena egin daian tresnak eta aukerak eskaintzen deuskuzan egitasmoa dogu hau. Orain arte egindako ahaleginak eta lana ezagutzan oinarritu dira. Horrek ondorioak ekarri ditu eta gaur egun Bizkaian eta Euskal Herrian dogun ezagutza mailea oso altua da. Erronkea, barriz, erabileran dogu. Ezagutzea eta erabilerea alkarren eskutik garatu behar dira.
Jasone Mendizabalek programearen nondik norakoak azaldu ditu azpimarratuz lurraldearen euskerearen saretzearen eta aktibazinoaren araberako diagnosian oinarritutako programea dala lurraldera zabalduko dena: euskerearen aldeko komunidade aktiboak indartu nahi ditugu. Erabilerearen aroan gagoz eta gure erronkea ez da bakarrik euskerearen aldeko jarrerea indartzea, hizkuntza-ohituretan eragitea eta euskeraz biziteko aukerak zabaltzea baino. Horregaitik, garrantzitsua da norbanakoaren eta komunidadearen arteko loturak indartzea euskeraz biziteko baldintzak eregiz eta hizkuntza praktikak sortuz.
Erabilerearen aroa izentautako honetan, teoriatik praktikara pasetea da asmoa eta, horretarako, hiru lan arlo estrategikotan banatuko da Bizkaian Bagara. Holan, tokian tokiko euskaltzaleen aktibazinoa eta saretzea sustatzea da asmoa.
Saretzea eta aktibazinoa
Euskerearen aldeko sarea zabaldu eta aberasteko gogoeta saioak atonduko dira. Tokiko euskaltzaleak sareatzerren prozesu parte-hartzaileak egingo dira.
Horrezaz gan, euskaltzalez osotutako mobimentua behar da aktibazino eta ahalduntze aukerak eskainiz, taupamugimendua.eus plataformearen bidez.
Aniztasunaren kudeaketea
Herritar guztion arteko hartu-emonak eta komunikazino-hizkuntzea euskerea izatea lortu nahi da, euskeratik urrun bizi diran herritarrak euskerara gerturatuz. Horretarako, Auzoko Alkarrizketak euskerearen inguruko sensibilizazino eta aktibazinorako espazio parte-hartzaileak eskaintzen dabe hizkuntza-dinamika barriak aktibetako. Tauparentzat estrategikoa da aktibazino prozesu hau eta horregaitik Auzoko programea lantzen dau, euskerearen transmisinoa eta bizipena erdigunean jarrita.
Hiru urteko epean, bederatzi Auzoko Alkarrizketa atonduko dira Bizkaiko hainbat eskualdetan.
Begiz jotako xede-taldeak
Alkarrizketa Musikatuak atonduko dira gazteentzat eta honeetan kulturgile erreferenteek euren hizkuntza bizipenak konpartiduko ditue ikasleakaz. Musika atxaki hartuta, gazteen euskereagazk loturea indartu eta sensibilizazinoan eragitea da helburua.
Bestalde, Euskerearen Kriseiluak familia transmisinoa lantzen dau: eremu intimoan, euskerearen erabilerearen inguruko gogoetea sustatzen dau eta familiak euskera gehiago erabilteko konpromiso zehatzak hartu daizala animetan ditu.
Hiru urteko epean, Euskerearen Kriseiluak 9 herri bisitauko ditu, hizkuntza-ohiturak lantzeko eta familien aktibazinoa sustatzeko helburuagaz.
Alkarrizketa Musikatuak eta Euskerearen Kriseilua, Tauparen egitasmo sendo eta ibilbide luzekoak dira.
Bizkaia Bagara
- Bizkaiko 12 eskualdetan eragingo da, 30 herritan/uritan.
- Hiru lan arloak aldi berean landuko dira, 6 proiekturen bitartez.
- Zuzeneko 49 esku-hartze dinamizauko dira, 3 urtean.
- 10.000 bizkaitar baino gehiagogaz lan egiteko aukerea emongo dau egitasmoak.
Egitasmoa martxan jarteko urratsak
Gaurtik aurrera martxan jarriko da egitasmoa; horretarako, Bizkaiko tokiko erakundeetako teknikariak, ordezkariak eta hainbat eragile (euskera alkarte, talde) mintegi batera gonbidauko dira programaren inguruko zehaztasunak konpartiduteko eta urratsak definiduteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!