'Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz' Bilbon
2025-02-21 07:54 KultureaErakusketea Guggenheim Bilbao Museoak eta le GrandPalaisRmnek atondu dabe.

Tarsila do Amaralek Brasilgo modernidadea sortzen lagundu eban eta haren lanak bertara eroaten gaitu Brasilen zein Europan oraindino be gaurkotasun handia daben identidade eta gizarte-auziak bizten dituan kontzeptu horren konplexutasuna agirian itxita.
1920ko hamarkadan, Brasilen exotismoak Parisko lagunakan bizten eban liluraz konturatu eta konbentzinoak eta aurreretxiak baztertuz haren paisaje fisiko eta mentalaz jaubetzeko analisi-metodo bat eta logika formal bat topau zituan kubismoan.
São Paulo eta Paris artean bizi zala, Tarsilak kultura-uriburu bi horreetako abangoardien arteko zubi lanak egin eta bere kultura eta gizarte-ingurunearen eraldaketa sakonetan lagundu eban.
Hamarkadaz hamarkada, Tarsilaren obrea bat etorri zan haren garaiagaz, beti barritzeko prest, emakume emantzipatu eta independente legez artisteak sasoiaren eta testuinguruaren arabera bizi behar izan zituan baldintza ezegonkorrak gorabehera.
Guggenheim Bilbao Museoak Tarsila do Amaral. Brasil modernoa margotuz aurkeztu dau, Brasilgo modernismoaren figura nagusitzat hartu dan artisteari eskainitako asmo handiko erakusketea. Sei atal tematikotan banatuta dago eta agirian jarten dau Tarsila do Amaralek (Tarsila izen artistikoz be ezaguna) sortutako obra original eta iradokitzailea. Tarsilak iruditeria indigena eta herrikoia hartu zituan oinarri, baita eraldaketa betean egoan herrialde haretako dinamika modernizatzaileak be.
Zezeilaren 21ean hasi eta bagilaren 1era arte zabalik egon dan erakusketako arte-arduradunak dira: Cecilia Braschi, komisario nagusia eta erakusketearen komisarioa Parisen, eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães, komisarioa Guggenheim Bilbao Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!