Euskaraldia, entidadeetan euskeraz egiteko tresna parebakoa
2025-02-20 13:50 Euskerea berbagaiEntidadeek izena emoteko epea edegita dago (hemen).
Hizkuntza ohiturak euskerara eroateko ariketa soziala da Euskaraldia; euskeraz gehiago, gehiagokaz eta gehiagotan jardun eta entzuteko egitasmoa hain zuzen be. Euskal Herriko belarriprest eta ahobizi guztiei parte hartzeko deia egiten deutse Euskaraldiak, baina, herritar horreezaz gan, entidadeen parte-hartzea sustatu nahi dau.
Goiatz Urkijo koordinatzailearen berbetan: jakitun gara oso garrantzitsua dala Euskaraldiak entidadeetan dauen eraginaz, izan be, bertoko kide askorentzat entidadea da euskeraz berba egiteko daben eremu bakarra. Halanda ze, ondoko honeek dira egin beharrekoak: kideak Euskaraldian inguruan informau, prestau eta ariketea ikusgarri egin. Ganera, lanketa sakonagoa egiteko aukerea be emongo jake izena emoten daben guztiei. Horretarako, erabilerea sustatzeko aurrerapausoak emotea proponiduko deutsegu, esaterako, ariguneak sortzea, batzarrak euskeraz egiteko neurriak hartzea edo mintzatratuak adostea.
Euskerearen presentzia handitzeko asmotan izena emon daben hiru entidadek parte-hartu dabe agerraldian: Irsearaba, Luma Baiona eta Osasuna.
Irsearaba gizarte ekimenerako kooperatibea da. 2023an Euskera lantaldeak bultzatuta, plangintza global baten alde egin eben, erabilerea bultzatzeko helburuagaz. Idoia Martinez de Lahidalga eta Sergio Jimenez entidadeko ordezkarien esanetan: euskerearen erabilerea indartzea eta Euskaraldian hartutako jarrerea epe luzera eustea nahi dogu, lotsak alde batera itxi eta euskerea aktibetako.
Luma Baiona euskeraz egiten dauen umezaindegia da. Patxi Amulet alkarteko kideak, haren esperientzia partekatu dau agerraldian: 2008 urtean sortu genduan Luma Baiona, izan be, ez egoan euskerazko umezaindegirik. Helburua da, etorkizuneko hiztun euskaldunak sortzea. Euskerearen sustapena eta transmisinoa Luma Baiona umezaindegiaren proiektuaren bihotzean dagozalako emon dogu izena Euskaraldian. Keinu txiki bakotxak balio dau.
Osasunak be parte hartu dau agerraldian: beti esan izan dogu osasunak euskeraz ebala izena, baina izakera erdalduna izan dau urte askotan. Egoerea aldatu egin zan 2017an bazkideek holan eskatuta. Halanda ze, hizkuntza eta aholkularitza batzordea sortu genduan, adierazo dau Mikel Erbiti Osasuna klubeko kideak. Egitasmo horregaz ondoko helburuak ditugu: ariguneak sortzea, euskaldunon artean talde lanak euskeraz egitea, hizkuntzearen normalizazinoa bultzatzea, eta, zaleakanako hartu-emonak euskeraz egin ahal izatea. Euskaraldiak aukera parebakoa eskaintzen deusku horretarako.
Belarriprest eta Ahobiziek izena emoteko txandea martiaren 15ean edegiko da. Ariketea, barriz, maiatzaren 15etik 25era izango da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!