Euskorpus proiektuak adimen artifizialaren iraultzara eroango dau euskerea
2025-02-20 07:55 Euskerea berbagaiGero eta gizarte digitalagoan euskerearen etorkizuna bermatzea da asmoa.

Imanol Pradales lehendakaria buru izan dauen Euskorpus ekimenaren aurkezpena egin da Gipuzkoako Parke Teknologikoko Eraikin Nagusian. Bertan, EBBren presidente Andoni Ortuzar eta Kongresuko Euskal Taldearen bozeroailea dan Aitor Estebanek parte hartu dabe, baita Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, Mikel Jauregi eta Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuek, Eusko Jaurlaritzako beste ordezkari batzuek eta ingurune digitaletan euskerea eta euskal kulturea jagoteko eta sustatzeko konpromisoa daben ekosistema publiko eta pribatuko beste enpresa batzuk be. Aurkezpena Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae liburuko bertsoetako batetik ataratako Heufcara Iagi adi mundura goiburupean egin da. Liburu hori euskaraz argitaratutako lehenengoa lana izan zan, 1545. urtean. Holan, euskerea adimen artifizialera eroateko emon beharreko salto kualitatiboa euskerea inprimategietan erabilten hasi zan momentuagaz alderatu nahi izan da.
Imanol Pradales lehendakariak azpimarratu dauenez, Euskorpusek, Adimen Artifizialaren eta hizkuntzaren teknologien potentzial osoa euskararen, gure enpresen eta ikerketaren zerbitzura jarriko du. Horretarako, gure gaitasun guztiak lerrokatuko ditugu, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, euskarazko testuen corpus digitala hobetzeko.
Hain zuzen be, 2023ko zemendiaren 10ean EBBren presidente Andoni Ortuzarren eta PSOEren idazkari Nagusi Pedro Sánchezen artean izenpetu eben inbestidura akordioaren barruan, EAJ-PNVk PSOEgaz adostu eban euskerearen digitalizazinoa sustatzeko akordioa. Izenpetutako puntuetako baten helburua zan euskal erakundeen ardurapean egotea euskerea aro digital barrirako moldatzeko aurreikusitako Estaduko funtsen kudeaketea. Akordio hau gauzatu zan Gobernu zentralak euskereari jagokonez, ahaztu arren hizkuntzen PERTEAri jagokozan 1.100 miloetatik 2 besterik ez zitualako esleitu.
Aurkezpen-ekitaldian Euskorpora alkartea be emon dute ezagutzera eta ondokoa nabarmenu dabe: Helburu nagusia Euskorpus ekimena garatzea da, euskerea arlo digitalean sustatu eta bermatzeko, euskerearen corpus digitala batuz, sortuz eta modu aktibo eta metodikoan garatuz; era berean, euskerarako kode edegiko oinarrizko ereduak sustatzea be asmo handia da, ha konserbau, eutsi eta sare industrialean zein sozialean hizkuntzearen inpaktua eragiteko, hizkuntza-baliabide digitalen Europako esparruari lotuta.
Euskorpusi esker, euskerazko datu-paketeak landuko dira, fabrikatzaileek internetera konektautako gailuetan inportau ahal izan deiezan, euskeraz funtzionetako gaitasuna emonez. Holan, smartphone, tablet, smartwatch, aplikazinoek edo laguntzaile digitalek -Sirik eta Alexak- erabiltzaileakaz euskeraz alkarreragiteko gaitasuna izango dabe, adimen artifiziala euskalduntzeko prozesu bategaz, Adimen Artifizialeko tresnen erabiltzaileek hizkuntza horretan erabili ahal izan deien. Inbersino horregaz, gainera, adimen artifizialaren eta datuaren kudeaketearen euskal ekosistemea be dinamizauko da.
Euskorporako presidente Julian Florezek nabarmendu dauenez, ingurune digital barrietan euskerearen presentzia jagoteko ardurea eta betebeharra dogu, baita adimen artifizialeko sistemen eta euskerearen zerbitzura dagozan hizkuntzearen teknologien ahalmen guztia aprobetxetakoa be. Hori da gure jarrerea, erronka handia da, eta badakigu gauzak zelan egin, eta horretarako ondo kokatuta gagoz.
Era berean, Vicomtecheko Ahotsa eta Hizkuntza Naturala Prozesetako Teknologien zuzendari Arantza del Pozok azpimarratu dauenez, hizkuntza-baliabideak modu koordinatuan batzea oinarrizkoa da euskerazko berbakerea eta hizkuntzako teknologien garapena bultzatzeko, eta holan, mundu digitalean beste hizkuntzen maila berean egotea bermatzeko.
Euskorpus proiektua
Lehendakariak gaur ezagutzera emon dauen Euskorpus proiektua oinarrizkoa da euskerazko corpus digital hori sortzeko. Euskorpus martxan da, eta, Industria, Transizino Energetiko eta Jasangarritasunaren Sailaren bidez, 5,55 miloe euroko hasierako aurrekontu-zuzkidurea dau. 2025erako miloe 2 euro esleituta ditu eta 2026rako beste 3 miloe euro. Gainera, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Zientzia, Unibersidade eta Barrikuntza Sailak be parte hartzen dabe proiektuan, 550.000 euroko ekarpena eginez hasieran.
Inplikazino hirukotx hori Eusko Jaurlaritzeak egiten dauen gogoetearen ondorioa da, izan be, bere ustez, corpus hori sortzea estrategikoa da, hizkuntzearen teknologiek be euskeraz erantzun deien, digitalizazino handiko gizarte batean dagozan eta izango diran zerbitzuak kalidadekoak izateko. Testuinguru horretan, Euskorpus ekimenaren helburua da euskerea merkatu digitalean beste hizkuntzen antzeko baldintzetan egotea eta hizkuntza-baliabideak industrializetako proiektua danez, horretarako oinarrizkoa da babes publikoa.
Euskerearen corpus digitala hiru fase nagusitan gauzatuko da: lehenengo fasea plangintzearena eta definizinoarena izango da eta bertan corpusaren tipologia eta landu beharreko ereduak zehazteko bulego teknikoa eratuko da eta haren onurea jaso leiken sektore, aplikazino eta zerbitzu estrategikoak zehaztuko dira.
Bigarren fasean, euskerazko corpus linguistikoen bildumea bultzatu, kode edegien oinarrizko ereduen garapena bultzatu eta biltegiratze segururako, saiakuntzetarako eta balidazinorako azpiegiturak bultzatu nahi dira.
Azkenik, hirugarren fasean, batzen diran hizkuntza-corpusak eta kode edegiko oinarrizko ereduak enpresetara, gizartera eta Europako beste datu-plataforma batzuetara transferidutea eta bertan ustiatzea bultzatuko da.
Euskorpus aurkezteko ekitaldia enpresei Euskorpora alkartean inpliketako deia eginez amaitu da, proiektuari bultzadea eta zabalkunde zabalagoa emoten laguntzeko. Aurrerantzean, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, Eusko Jaurlaritzeak Euskorpus proiektua aberasteko ahaleginak landu eta koordinauko ditu, horretarako baliabide ekonomikoak zein bestelako baliabide operatiboak lerrokatuz.
Euskorporaren batzarra
Euskorpus proiektua aurkezteko ekitaldiaren aurretik, Euskorpora alkarteak batzarra egin dau eta enpresa barriek bat egin dabe alkarteagaz; esangura horretan, ondokoak dira alkartera batutako enpresa eta erakunde publiko zein pribatuak: Vicomtech, EREIL Technologies SL, TREBE Language Technologies, Euskaltzaindia, Eusko Jaurlaritzea, Baleuko, MIXER, EiTB, CAF, MCC, Petronor, Euskaltel Fundazinoa, Kutxabank, PWC, eta Logikaline.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!