Notariotzek behingoz euskerazko zerbitzuak bermatzea eskatu dau Behatokiak
2025-02-19 12:42 Euskerea berbagaiZerbitzua euskeraz emoteko legezko betebeharra dabe euskerea ofiziala dan herri edo urietan.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak notaritzek herritarrei euskerazko arretea eskaintzea erreklameteari ekin deutso. Horretarako, Espainiar Estatuko Herritarren Defendatzaileari, EAEko eta Nafarroako Notario Alkargoetako arduradunei gaia aztertu eta gomendioak eoateko eskatu deutse.
Agurne Gaubeka Behatokiko zuzendariak azpimarratu duenez, urtero herritar askok joten dabe Behatokira notario zerbitzuak euskeraz jasoteko eskubidea daben ala ez argitzeko, edota euskeraz lan egiten dauen notarioren bat gomendatzeko eskatuz. Oinarrizko zerbitzu publiko horreetan euskeraz verba egiteko eskubidea eta euskerazko dokumentazinoen fede-emate zein informazinoa euskeraz jasoteko eskubidea bermatua izan beharko geunke Euskal Herri osoan. Halan da be, errealidadea bestelakoa da: herritarren bizitzetan eginbide garrantzitsuak izan arren, horreek euskeraz aurrera eroatea askotan mugatua edo zatika onartua izaten da, adierazo dau. Egoera honen erakusle da urtarrilean bertan Zarauzko herritar batek Euskerearen Telefonoan salatutako kasua: Gestinoa bera eta dokumentazinoa euskeraz egin nahi nituala esan arren, eurek ez dabela euskaraz lan egiten erantzun eustan.
Behatokiaren eretxiz ez da onargarria, izan be, notariek zerbitzua euskeraz emoteko legezko betebeharra dabe euskerea ofiziala dan herri edo urietan. Oinarri juridikoa argia da: Erregelamendu Notarialeko 149. artikuluak ezartzen dauenez, notario-ekintzak aldeek adostutako hizkuntza ofizialean idatzi behar dira. Eta desadostasunik balego, dokumentua eskatzaileak aukeratutako hizkuntza ofizialean egin beharko litzateke. Beraz, euskerea ofiziala dan lekuetan, agiri publikoak euskeraz egiteko ez litzateke ezelako traba juridikorik egon beharko. Notarioak dokumentua herritarrak aukeratutako hizkuntza ofizialean egitea nahitaezkoa dala pentsetan dogu.
Horrezaz gan, notarioa fede-emoilea danez, ulertzen ez dauen hizkuntza batean esaten danaren inguruan fede-emoteko ezintasuna dauen kasuetan, euskeraz ez dakiten notarioek fede-emoteko itzulpena egiteko aukerea izango leukie, baina kostua herritarrari egotzi barik. Kasu honetan, dokumentua hizkuntza bietan erregistrauko litzateke, baina herritarrak eskubidea izango leuke berak aukeratutako hizkuntzan jasoteko. Hori dela eta, Behatokiak EAEko eta Nafarroako Notario Alkargoei eskatu deutse herritarrek notaritzako zerbitzuak euskaraz egin ahal izatea bermatzeko.
Notario alkargoen erantzuna
Alde batetik, EAEko Notarioen Alkargoak eskaereari emondako erantzunean baieztatu egin ditu Behatokiak egindako ohartarazpenak: «eskriturak egiteko aukeratzen dan hizkuntza koofizialaren arabera ez da bereizkeriazko tratamendurik izan behar. Notarioak, barriz, euskeraz ez badaki, euskeraz idatzitako agiria Notario Alkargoak ezarritako zerbitzuek itzuli egingo dabe. Eta itzulpen horrek ez dau ez zeharkako ez zuzeneko kosturik izango eskatzailearentzat». Alkargoak zehaztu dau notaritza guztiei jarraibideak emoten deutseela erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzek. Azkenik, Alkargoak ohartarazo dau eskatutako itzulpenen batez besteko denpora hiru egun baliodunekoa izango dala. Gainera, banketxeek eta higiezinen enpresa sustatzaileek egindako agiriak ele bitan itzuli behar badira, erakunde horreei egokituko jake itzulpena egitea, konsumitzaileak edo erabiltzaileak hizkuntza ofizial bietako bat erabiltea aukeratzen ez badau behintzat.
Bestalde, Behatokiak ez dau oraindino Nafarroako Notario Alkargoaren erantzunik jaso. Behatokiak gainerako eremuetara be zabaldu nahi dau notaritzetako zerbitzuetan euskerea erabilteko eskubidearen aldarria. Beraz, ofizialtasunetik harago, euskerazko zerbitzua jasoteko arazoak dituen edo gaztelania erabilteko beharrizana daben herritarrei dei egiten deutse kasuak salatu deiezan, www.euskararentelefonoa.eus webgunean edo 948 146 172 telefonoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!