'Alegiak', Félix María de Samaniego / Daniel Tamayo
2025-02-19 08:51 Kulturea2025eko zezeilaren 19tik bagilaren 15era, Bilboko Arte Ederren Museoan.

Daniel Tamayorentzat (Bilbo, 1951) Arte Ederren Bilboko Museoa artistearen ibilbide artistikoaren parte da. Arestiko pintura moltso bategaz 2011n atondutako Fabulario izeneko erakusketea egin ondoren, museoak argitalpen-proiektu oso berezia dakar orain, artisteagaz lankidetzan eta BBK Banku Fundazinoaren laguntzaz produzidutakoa: Félix María de Samaniego (Guardia, Araba, 1745-1801) idazlearen ehun bat alegia xelebre batzen dituan Fábulas en verso castellano lanaren euskerazko argitalpena, Tamayoren ilustrazinoakaz.
Zazpigarren aretoan dago Alegiak, jatorrizko irudiakaz eta Fábulas lanaren zenbait ale historikogaz batera. QR kode batek aukerea emoten dau literatura-testuen euskerazko eta gaztelaniazko audioak eskuratzeko.
Ibilbide artistiko oparoan, Tamayok estrategia sortzailea jorratu dau. Beti darabil marrazkia —lapizez egindakoa eta, 1990etik aurrera, digitala— irudiak sortzeko eta, gero, mihisera edo papelera eroaten ditu, espiritu ludikoz, ironikoz edo surrealistaz atontzen eta pizten dituan konposizinoetan. Oraingoan, artista bilbotarrak ehun bat marrazki egin ditu, eta batera agertzen dira normalean animaliak —askotan gizatiartuak— protagonista dituen kontakizun labur horreekaz eta darien balio unibersaleko —eta batzuetan satirikoko— helburu moralizatzaileagaz. Holan, argitalpen barri hau ilustrazino fabulistikoaren tradizioan txertatzen da, irudi alegorikoak erabiliz mezu iradokitzailea, ikasbidea, sendotzeko asmoz. Tamayok testuaren indarraldia gaurkotzen dau, gaur egungo ikonografia erabiliz eta praktika artistiko digitala landuz, aukerakoa baita formak marra zehatzakaz eta bere estiloko berezko tinta lauakaz lantzeko.
Samaniegoren Fábulas lanak islatzen dauen mundua animaliaz, personaiaz eta objektuz beteta dago, eta hur dau Tamayoren iruditeria, batzuetan umeen animazinoa izan baitau inspirazio-iturri. Edizino berezi hau da emoitzea, kromatismo bereizgarria araztuz gorri eta baltzeko bikromia erakutsiz.
Generoko maisuakaz—Esopo, Fedro, La Fontaine eta Uriartegaz— bat etorriz, Samaniegok 1787an argitaratu eban bere fabulen lehen edizino osoa, bersino bitan.
Félix María de Samaniego (Guardia, Araba, 1745-1801)
Samaniegoren garaian tradizionalismoa eta Ilustrazinoa aurrez aurre egon ziran, eta aldaketa zorabiagarriak izan ziran. Ilustratu legez, Euskalerriaren Adiskideen Alkartearen sorreran (1765) eta nekazaritza, ardao-produkzinoa eta komunikabideak hobetzeko proiektuetan parte hartu eban. Arabako Foru Aldundiaren ordezkari lez, Foruak defendidu zituan gortearen aurrean. Matxinoen erreboltearen (1766) eta Frantziako Iraultzearen (1789) garai nahasiak egokitu jakozan. Ipuin libertinoak idatzi zituan eta Inkisizinoaren aurrean salatu eben. Baina Bergarako Seminarioko gazteei erakusteko alegiak be sortu zituan. Haren lanak XVIII. mendeko euskal gizartea islatzen dau: hezkuntzea, ohiturak eta libertimendua, antzerkia, literaturea eta bidaiak, amodio-bizitza eta garaiko erreboltak eta matxinadak. Azken finean, azaltzen deusku zelan heldu krisi-garaietan, dana aldatzen dagoanean, biziteko erronkeari.
Daniel Tamayo (Bilbo, 1951)
Hirurogeiko hamarkadearen amaieran, Daniel Tamayok aparejadore-ikasketak hasi zituan eta esperientzia laburra izan eban publizitateko marrazkilari lanetan. 1969 eta 1970 artean diseinua, marrazketa eta pintura ikasi zituan Bartzelonako Massana eskolan. Aldi labur batzuetan Londresen eta Parisen bizi izan zan, eta 1970eko udagoienean Bilboko Arte Ederren Eskola sortu barriaren lehen promozinoan sartu eta prestakuntza horren ondoren, irakaskuntza eta ibilbide artistikoa bateratzen hasi zan.
1980an Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadeko Pinturako irakasle lanetan hasi eta jarduera horretan ibili zan 2021era arte. Hasieran, Tamayok pop figurazinoaren eta Luis Gordillo eta arte espainiarreko beste erreferente garaikide batzuen eragina izan eban; berezko izakera artistikoa lortu eban eta marrazketa geometrikoa, izakera objektualeko formak eta tinta lauetako kromatismo biziak erabiliz egin eban kodeagaz, mundu konplexu bat kontau eikean alegiazko agertokietan.
Tamayok autortzen dau Metodologia eta Proiektu Piktorikoa irakasgaiko irakasle lez egindako lanagaitik: Esperientzia neban esparru errealetan objektuak proiektetan, marrazketa lineala, perspektibea, akuarelaz koloreztatutako grafitoa, fotomuntaketak eta erabilten. Horrek sensibilizau ninduan hiru dimensinoko formen edertasunaren aurrean.
Holan, 1980ko hamarkadaren hasieran, hiru dimentsioko elementuakaz eban interesak bultzatuta, elementu geometriko eta arkitektonikoak sartu zituan zeruertz altuko paisajeetan, txori-begiz ikusten baitira bere iruditeria zabaleko objektuak eta zeinuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!