Irati Anda: 'Herri bezela, alkarlanean jokatu behar dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2025-02-24 07:55   Barriketan

Irati Anda eskalatzaile arabarrak jaso dau bigarren edizinoko Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Hizkuntza Politika sailburuordearen, Aitor Aldasororen eskutik.

Eusko Jaurlaritzeak sortutako sari honen helburua da egunerokoan euskerearen erabilerea sustatzen daben kirol klubak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzea. Ekitaldian, Aitor Aldasoro sailburuordeak esan dauenez, momentu erabagigarrian gagoz eta, euskeran, kalidadeko saltoa emon eta euskerearen ezagutzea handitu behar dogu arlo guztietan, gure hizkuntzearen erabilerea sustatu. Kirol arloa euskalduntzea estrategikoa izango da euskerearen garapenerako. Sarea gara eta alkarlanean, bideari ekitea da bidea.

Irabazleari emondako garaikurra berezia da: Idoia Leache eskultoreak egin dau, Hizkuntza Politika sailak eta EHUko Arte Ederren Fakultadeak alkarlanean horretarako propio sortutako sortzaile gazteen arteko artelanen lehiaketearen bidez. 

1.- Zorionak. Euskerearen transmisinoan bidelagunak behar dira, erreferenteak eta zu ei zara holako bat. Zelan sentiduten zara?

Hautagaitzarik ez neban espero eta irazbaztea be sekulakoa izan da niretzako. Sinistuezinik nago, egunerokoan euskeraz bizi naz eta badakit ibilbideari emondako saria dala hau eta epaimahaiaren autortzea eta arrazoiak entzunda, pozarren nago, hainbeste maite dogun euskerearen harian lan handia egin bada be asko dagoalako egiteko eta gu prest gagoz ekarpenak egiteko eta ahal dan arlo guztietan laguntzeko. 

2.- Araban, zeugaz batera 
Badaiotz Herri Kirol Alkarteko Sokatira saila eta Arabako Pelota Federazinoa izan dira saria irabazteko hautagaiak. Badozue traturik? 

Pelota Federazinokoak eta bai ezagutzen dodaz, Euskal Mendi Federazinoa zuzendari teknikoa izan nintzanean hurrekotasuna geunkan eta hori nabarmenduko neuke.

Ganerakoan, Badaiotz Herri Kirol Alkarteko Sokatira taldea ezagutu bai baina traturik ez dogu izaten, kirol kolektiboa da eta nirea banakakoa, eskaladea, hain zuzen be. Jakin bakigu nor dan nor baina holako traturik eta ez dogu izaten.

3.- Bizkaian, barriz, EBETE - Kirol Jarduerak; Alex Txikon; eta Asier Villalibre izan dira hautagaiak. Alex Txikon nork ez dau ezagutzen eta Villalibre, egun Alavesen eta Athletic taldeagaz Gabarrearen egunean gazteei euskeraz bizi daitezan esandako berbak be ez doguz ahaztuko. Konpromiso handiko jentea dago kirol munduan, igarten dozu holakorik? 
 
Bai. Erreferenteak beharrezkoak dira euskereari eta erabilereari eusteko, kirol arloan zein gizarteko beste arlo eta sektore batzuetan be. Herri bezela, alkarlanean jokatu behar dogu eta hautagaien artean igarri neban holako sentimentua. Hauxe da momentua holako mezuak zabaltzeko eta, esangura horretan, Villalibre eta Txikon danok ezagutzen doguzan kirolariak dira eta, besteak beste, emakumeen futbola, saskibaloia eta arraunlaritzea be nabarmendu gura dodaz.

4.- Merezimentu handiz, Gipuzkoako hautagaiak izan dira Urola Garaiko Kirol Alkartea, Kirolari Gaittun, eta UDA Aretxabaleta. Gipuzkoarren artean kirolari gehiago be badagoz hautagaien zerrendan sartzeko modukoak. Besteren bat badozu buruan?

Holan boteprontoan ezin deutsut esan hau, hori ala bestea baina badakit euskal kirolarien artean bagoala preminea, jente asko dago horretan lanean, konpromiso handia dago eta nire arloa, eskaldadea nabarmentzearren, Ainhize Belar eskalatzaile bizkaitarra nabarmenduko neuke, 20 urte edo ditu eta Balzolan 9a+ bidea osotu dau oraintsu, Josune Bereziarturen markak hausiz.

5.- Garaikurra Idoia Leache eskultoreak egindakoa da. Non ipini dozu, topau deutsazu lekurik?

Oraindino ez dot astirik izan non jarri erabagiteko baina pentsetan nabil eta ez da lan erreza [Barreka]. Ikusgarria da Idoia Leachek egindako garaikurra, pisutsua, ederra. Inspirazino iturri izan daiten leku dotorea beharko dau eta segurutik lora artean, leku ikusgarrian kokatzea izango da onena.

6.- Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatan lizentziaduna zaitugu eta eskaladan ondo ibili zara Euskadiko eta Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketetan. Momentu horreek zelan bizi izan zenduzan? Badago erreleborik?

Badago erreleboa bai. Azken aldion rokodromoak edonon dagoz eta jente gazte asko dabil. 

Ganerakoan, eskaladatik bizi nahi nebala argi neukan, 16 urte ingurugaz edo ibili nintzan idea horregaz baina 23 urtegaz ekin neutsan benetako bideari, ikasketak baztertu barik, ilusino handiz, oso motibauta, hain zuzen be. Amesa izan da niretzako, munduko kopatan, podiumetan sartu izan naz eta bidaia ederrak be egin ditut. Espainiako selekzinoaren izenean lehiatu arren, nik argi neukan nor nintzan eta zer ordezkazten neban. 

7.-  2009ean lehiaketeak itxi egin behar izan zenduzan eskumuturreko lesino baten ondorioz. Lehia, barriz, 2015ean itxi behar izan zenduan. Lehia baztertu aren, segiduten dozu eskaletan?

Bai, jakina, nire mundua, nire pasinoa da; eskaladea barruan daroat eta ez dot sekula ahaztuko. Lesionau nintzanean momentu txarrak bizi izan nituan, golpera amesetako bidean etena etorri zalako.

8.- Bertsolaria be bazara eta gaur egun Arabako Bertsozale Alkartean zabiz lanean...

Bai. Eragile lanetan nabil, Uxue eta Oihanegaz batera, bertsolaritzea bultzaten, sustatzen eta oso gustora, bertsoa maite dot eta atzera eginez, eskolartekoa irabazi nebala gogoan daukat [Barreka]. Bertsolaritzea eta eskaladea, horreetatik bat aukeratu beharra subertau jatan eta, jakina, eskaladeak irabazi eban. 

9.- Telebistan be ibili izan zara, Gailurra Neguan, Conquis eta holakoetan eta antzerkian be egin dozuz obra batzuk. 

Bai, saltserea naz eta aukeran datozen guztiak ondo aztertu eta buru belarri sartzen naz [Barreka]; telebistearen munduan, Andoni Aizpuru eta Ibon Gastañazpigaz ibili izan naz, Gailura Neguan, Extreme, baita Gure kasa eta Conquis aitatuko deutsudaz. Pantaileak emoten deutsuzan lotsak eta bildurrak baztertu eta gustora hartu dodaz aukera horreek guztiak. Holako esperientzietan ibiltea gustetan jat. 

Bertsolaritzearen arloan, ikuskizun bat daukagu Kaitin Allende, Oihane Pereak eta hirurok, Nerea Elustondoren laguntzinoagaz egiten doguna. Bakarrizketak eta bertsolaritzea buztartzen ditugu eta antzezteko aukerea hor sortzen jaku, bertsolaritzea zer da antzerkia ez bada. 

Jarduera fisikoaren eta kulturearen, bertsolaritzearen munduetan jarraitzea da asmoa, izan be, sormena da inspiretan nauena eta bide horri ekingo deutsadala pentsetan dot.

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu