Bilboko Udal Txistulari Bandea eta Quim Moya zuzenean Bilbon

Bizkaie! 2025-02-18 08:19   Musikea

Lainoen artean eskainiko dabe musikea eta ilustrazinoa buztartuz.

Bilboko Udal Txistulari Bandeak beste proposamen artistiko bikain bategaz taularatuko da zezeilaren 19an, arratsaldeko 19:00retan, Quim Moya kataluniar artista ezagunagaz alkarlanean. Alkarregaz "Lainoen artean" eskainiko dabe, musikea eta ilustrazinoa buztartzen dituan zuzeneko ikuskizuna, fantasiazko eta irudimenezko mundu batera eroango gaituan gaua-aldia sortuz. Eriz Pérez Egiluzek (gitarra) eta Amaiur Cajaravillek (baxua) be parte hartuko dabe.

Quim Moyak, artist speed and live painting lanetan espezializautakoa, publikoa liluratuko dau zuzeneko pinturakaz, txistularien musikeagaz batuko dan proposamen bizia eta dinamikoa. Lengoaia artistiko bi horreen fusino barritzaile batez gozetako aukerea emongo dau, sormena eta inprobisazinoa buztartuz.

Quim Moya

Artista bisual eta abangoardistea, sortzaile honek arte arlo askotako aukerak aztertzen ditu, pintureagazko ikuspegi berezi bategaz. Kataluniako hainbat arte-eskolatan trebatua, komunikazino grafikoan, diseinuan eta multimedian espezializautakoa, Cal Gras Produkzino Artistikoko Zentroa zuzentzen dau. 2006. urtean Cía. Cándida sortu eban, zuzeneko pintura ikuskizunak egiten dituan konpainia, eta jaialdi eta proiektu ospetsuetan parte hartu dau, Robin Banerjee, Fermin Muguruza, Rita Ora, Christina Aguilera eta Joan Garriga lako artistakaz agertokia alkarbanatuz, besteak beste. 2012tik bakarkako ikuskizuna eskaintzen dabil Espainiako eta nazioarteko eszenatokietan, Frantzia, Alemania, Maroko, India, Thailandia, Qatar, Hegoafrika, AEB eta beste hainbat herrialdetan ikuskizunak eklainiz, ibilbide barritzaile eta globala sendotuz. Gainera, bere jarrera artistikoa eskaini dau Mercedes, Wella, SAP, Vodafone, Maserati, Huawei, Citroën, Telecom, Irizar, Marlboro, Schwarzkopf, Audi, Cadillac, BASF, FIFA, Novartis edota FC Barcelona markentzat, baita telebistan (TV3, La Sexta eta Cuatro)...

Bilboko Udal Txistulari Bandea

Gorka Zabaleta, Idoia Kareaga, Sabin Bikandi, Asier García eta Peio Irigoien musikariak dira Bilboko Udal Txistulari Bandako kideak; Gorka Zabaletaren zuzendaritzapean, hasieratik nabarmendu da kontzertuen kalidadeagaitik eta aniztasunagaitik.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait ikuskizun eskaini ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa atontzen hasi ziran eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen dau; bertan, txistularien bandearen saioakaz batera goi mailako profesionalakaz eta taldeakaz lankidetzako saioak buztartu ditue.

Bandeak baditu sei disko eta DVD bat kaleratuak: Bilboko Udal Txistu Banda (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin Harizko Txistua (2006); Hala ere (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; Kantari Gabonetan (2010) Leioako Kantika Koralarekin; Plazan (2014) erromerietako eta jantzaldietako musika-lanakaz; Xabier Zabalagaz Gogoeta eta azkena, X Urte, hamaika lagun (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Ganerakoan, Txistularien boskotea, martiaren 4an izango da barriro oholtzan, Hariak izeneko ikuskizunagaz; aratusteetako kontzertua izango da eta tradizinoari eutsiz, Bilboko Plaza Barrian izango da, eguerdiko 12:30ean. Picuentos Txotxongilo konpainiaren eta Garazi Navas akordeonistearen lankidetzea izango dau Bandak.

Eta apirilaren 2an, eguaztenean, 2024/2025 denporaldiari agur esateko momentua helduko da, Campos Elíseos Antzokiko eszenatokian, txistulariak eta jantzariak batuko baitira Ei, Txistulari! ekitaldian. Publikoak euskal kulturaz eta tradizinoez gozauko dau, koreografia eta antzerki zatiakaz hornidutako ikuskizunean.

Euskalduna Jauregian dagoz sarrerak, lehiatiletan eta hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu