Martxan da 'Egin nirekin ere euskaraz!' egitasmoa

Bizkaie! 2025-02-17 13:44   Euskerea berbagai

Euskaldun arrazionalizatuen inguruko aurreretxiak gainditzeko asmoa dau.

Kanpainaren aurtengo kartela. | Ikusi handiago | Argazki originala

2023ko zemendian ekin eutson UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpaineari, euskaldun arrazionalizatuen inguruko aurreretxiak gainditzeko asmoakaz.

Bateko eta besteko umeak eta nerabeak izan ziran kanpainearen irudia. Ganera, ekimenak oihartzun ederra izan eban sareetan zein hedabideetan. Holan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean dabizen euskaldunak ikusarazoteko beharra be nabarmendu eutsen hainbat udalek UEMAri. Beraz, horreek izango dira bigarren kanpainako protagonistak.

Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo, Lekeitio eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertuko diranak: Michele Abrego, Valeria Medina, Hector Daniel Hernandez, Jennifer Cardenas, Rizwan Ali, Keyla Vias, Guina Lodiagne, Narcisa Farcas, Amin Boumediene, Maurizio Faedda, Marcos Rocha eta Ansou Senghor hain zuzen be.

Kanpainearen nondik norakoak adierazoz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestau ditu UEMAk. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak be zabalduko ditue.

Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan

Kanpaina horren abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Egitasmoari Zaldibian ekin eutson UEMAk lehenengo aldiz, Huhezigaz eta Zaldibiako hainbat eragilegaz batera. Azken urteotan 29 herritara edegi dabe UEMAk, udalek eta hainbat eragilek. Herri horreetako zenbait kezkatu egin dira, lanketa sakona egin arren aurreretxiek indar handia dabelako oraindino be, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan gaztelaniaz egiten deutselako herritarrek, euskeraz jakin arren. Horren aurrean, euskereak kolore asko dituala eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horreek be euskaldunak dirala nabarmendu nahi da kanpainearen bidez.

Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio ziran. Arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelania jaso dabe etxean. Euskerea, beraz, ez da euren lehen hizkuntzea, baina euskerea ikasi dabe eta euskeraz ibilten dira bezeroakaz.

Askotan, azalaren koloreagaitik, aurreretxiengaitik edota batek daki zergaitik gaztelaniaz berba egiten deutse gainerako herritarrek. Badakie, euskerea dala zubirik ederrena eta hori ukatzen deutsen bakotxean zubia be ukatzen deutsela sentiduten dabe. Horregaitik, eurei be euskeraz egitea nahi dabe, gustetan jakelako eta euskaldunak sentiduten diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu