Entzuteko prozesu bat bultzatuko dabe Busturialdea-Urdaibai eskualdean

Bizkaie! 2025-02-14 13:27   Kulturea

Helburua ez da konbentzidutea, batzen gaituen elementuak identifiketea baino.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako Lehenengo Lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Busturialdea-Urdaibai eskualdeko Guggenheim proiektuagaz lotutako entzuteko prozesua aurkeztu dabe Gernikan. Hainbat fase izango ditu eta 2025ean 1.000 lekukotasun baino gehiago batzea aurreikusten da, Agirre Lehendakaria Center erakundearen eta New Yorkeko Columbiako Unibersidadearen gidaritzearen bidez. Horrek metodologia akademiko zorrotza eta gardena bermatuko dau eta Busturialdea garapen eta ongizate-etorkizun baterantz gidatuko daben kontakizunak identifikau ahal izango dira.

Aurkezpen-ekitaldia Gernika-Lumon egin da, Gernika Alkartegia enpresa-zentroan eta bertan izan dira: Gorka Espiau eta Itziar Moreno, Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies zentroko zuzendaria eta zuzendarikidea, hurranez hurran, eta Joshua Fisher, Columbiako Unibersidadeko Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasuneko Partzuergo Aurreratuko (AC4) zuzendaria. Prozesua jentaurrean aurkeztu aurretik, bilera bat egin da Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hogei alkateakaz, ekimenaren xehetasunak bertatik bertara aurkezteko.

Prozesua erronkei lankidetza-dimensinotik heltzeko beharrizanean oinarrituta dago eta bost fase izango ditu: (1) eragile guztien mapea egitea, (2) kontakizunak batzea, (3) pertzepzino-patroiak identifiketea, (4) interpretazino kolektiboa eta (5) iradokizunak eta ekarpenak aurkeztea.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren esanetan, eztabaida sozial konplexua da esku artean doguna, izan be, pertzepzino positiboak eta negatiboak nahasten dira Busturialdea-Urdaibain Guggenheim Museoa handitzeko proiektuak izan leikezan inplikazinoak dirala eta hori ulertzeko eta sensibilidade guztiei erantzuna emoten saiatzeko, beharrezkoa da entzutea. Horixe da hartu dogun konpromisoa.

Ibone Bengoetxea Lehendakariordeak azaldu dauenez, ez da ohiko prozesu bat izango, herritarrei entzuteko eta euren pertzepzinoak hobeto ulertzeko borondate zintzo eta sakon bati erantzuten deutson prozesu neutrala izango da. Helburua ez da konbentzidutea, batzen gaituen elementuak identifiketea baino.

Entzuteko prozesua

Prozesuaren helburua da inplikautako eragile guztiak batzen dituen elementuak identifikau eta aztertzea urte honetan zehar. Horretarako, 5 fasetan egituratutako prozesu bat aurreikusi dabe:

  • Eragile guztien mapea egin eta eskualdeko garapen jasangarrian lan egiten daben eragile guztiak identifiketea. Euren ekimenak eta loturak aztertuko dira, ekimen-loturon balioa nabarmentzeko eta bikoiztasunak aztertzeko.
  • Kontakizunak batzea: 2025ean, gitxienez Busturialdea-Urdaibai eskualdearen etorkizunari lotutako banakako 1.000 kontakizun jasotea da asmoa. Banakako zein taldeko alkarrizketak egingo dira. Persona guztiak aldez aurretik definidu beharrean, «elur-pilotazko laginketa» bat erabiliko da. Horrek esan gura dau konsultea egin jaken lehenengo personek esango dabela nogaz hasi daitekeen entzuteko prozesua, ondoren, aurrera egiten jarraitzeko. Alkarrizketea gura daben personek holan eskatu beharko dabe helbide elektroniko honen bidez: urdaibai@agirrecenter.eus.
  • Pertzepzino-patroiak identifikete. Prozesuaren momentu honek aukerea emongo dau diskurso publikoak eta ezkutuko kontakizunak bereizteko. Eta lagungarria izango da patroiak identifiketako eta eretxien sinplifikazinoa edo analisi sinplistak ebitetako.
  • Interpretazino kolektiboa. Hau izango da batera eta alkarlanean batutako informazinoa interpretetako momentua. Fase honen helburua ez da izango inor konbentzidutea, kontakizun ezbardinen arteko elementua identifiketea baino.
  • Iradokizunak eta ekarpenak aurkeztea. Fase hau sei hilean behin egiten diran jarraipen-txostenei jagoke.

Metodologia zientifikoa: Agirre Lehendakaria Center eta Columbiako Unibersidadea

Euskal erakundeek bultzatu eta Agirre Lehendakaria Center for Social and Political Studies erakundeak nahiz New Yorkeko Columbiako Unibersidadeak gidatzen daben prozesu honek metodologia akademiko egiaztatua izango dau, zintzoa, gardena eta zorrotza izan daiten.

ALC - Agirre Lehendakari Center erakundea esperientzia handikoa da giza garapen jasangarriko prozesuak bultzatzen entzute-prozesuak diseinau, ezarrri eta baloretan. Orain 12 urte sortu zan, Euskal Herriko Unibersidadearen (EHU) eta New Yorkeko Columbiako Unibersidadearen arteko sareko lankidetza-proiektu lez (AC4ren bidez, Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasunari buruzko Institutu Aurreratua. Urte horretan, 20tik gora herrialdetan lan egin izan dau, eta Euskadin, besteak beste, ondoko erakundeakaz batera ibili da: NBGP, LANE, Climate Kic, Europako Batzordea, La Caixa Fundazinoa edo Gipuzkoako Foru Aldundia.

Columbiako Unibersidadea ALCeko kidea da, AC4 Lankidetza, Gatazka eta Konplexutasunari buruzko Institutu Aurreratuaren bidez. Arazo global konplexuen diziplina anitzeko ikerketan espezializautako institutua da. Esperientzia egiaztatua du landa-proiektuetan, Estatu Batuetan, Saharaz hegoaldeko Afrikan, Latinoamerikan, Asia-Pazifikoan, Europan eta Asiako hego-ekialdean.

Esparru akademikoan, Eusko Jaurlaritzeak eta Bizkaiko Foru Aldundiak jarrera neutrala izango dabe, eta horrek bermatuko dau entzuteak ahalik eta autonomia handiena izango dauela eta prozesu zintzo eta maila metodologikoan zorrotza izango dala. Lankidetza-metodologia horren bidez, proiektu konplexuak bihurtu nahi dira eztabaidak aberasteko aukera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu