Irati Anda eskalatzaile arabarrak irabazi dau 'Kiroletik Bagoaz Euskaraz 2024' Saria
2025-02-14 08:16 Euskerea berbagaiAndak jaso dau bere kirol ibilbidean izandako jarrera euskalzaleagaitik.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/OS/cache/andaya_content.png)
Bart emon dabe Eusko Jaurlaritzak sortutako Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Durangoko San Agustin Kulturgunean, kirolean euskerea sustatzen daben ehun bat eragileren artean.
Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan lizentziautako Irati Anda eskalatzaile arabarrak jaso dau bigarren edizinoko Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria Hizkuntza Politika sailburuordearen, Aitor Aldasororen eskutik.
Eusko Jaurlaritzeak sortutako sari honek bere egunerokoan euskerearen erabilerea sustatzen daben kirol klubak (profesionalak izan zein ez) eta norbanakoak saritzeko idea dakar.
Ekitaldian, Aitor Aldasoro sailburuordeak esan dauenez, momentu erabagigarrian gagoz eta, euskeran, kalidadeko saltoa emon eta euskerearen ezagutzea handitu behar dgu eta ingurune guztietan, arlo guztietan, gure hizkuntzearen erabilerea sustatu. Kirol arloa euskalduntzea estrategikoa izango da euskerearen garapenerako. Aldasorok euskerearen transmisinoan bidelagun izango diran erreferenteak behar dirala azpimarratu dau: belaunaldi gazteenek eredu dituen eta izango dituen euskal kirolariak behar ditue eta horixe da sari honen helburu nagusia: erreferenteok egiten dozuen lana balorau eta euskerearen erabileran eta sustapenean dozuen zereginarten garrantzia azpimarratzea. Zorionak, guztioi, eta eskerrik asko bidelagun izateagaitik. Sarea gara eta alkarlanean, bideari ekitea da bidea.
Irabazleari emondako garaikurra berezia da: Idoia Leache eskultoreak egin dau, Hizkuntza Politika sailak eta EHUko Arte Ederren Fakultadeak alkarlanean horretarako propio sortutako sortzaile gazteen arteko artelanen lehiaketearen bidez. Ekitaldian, euskal jantza garaikideak be protagonismo berezia izan dau.
Irati Anda
Irati Anda Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziatan lizentziaduna da. Eskaladan garaipen handiak lortu izan ditu, besteak beste, Euskadiko eta Espainiako Zailtasun Eskalada Txapelketetan nahiz eta 2015ean lehiaketeak itxi behar izan zituan eskumuturreko lesino baten ondorioz.
Bestalde, EITBko Gailurra saioaren lau denporalditan ibili izan da Ibon Gaztañazpi eta Andoni Aizpurugaz batera. Era berean, kulturgile aktiboa be bada eta gau egun Arabako Bertsozale Alkartean dabil lanean baita Yoga irakasle moduan be Euskharan Kultur Elkartean. Euskerazko hainbat antzezlanetan be jardun izan dau aktore legez.
Bigarren edizinoko hautagaitzak
Sariduna autortzeaz gan, hautagaiei be aitamena egin jake, eurek egindako lana gizarteratzeko.
Araba:
- Badaiotz Herri Kirol Alkarteko Sokatira saila.
- Arabako Pelota Federazinoa.
- Irati Anda.
Bizkaia:
- EBETE - Kirol Jarduerak.
- Alex Txikon.
- Asier Villalibre.
Gipuzkoa:
- Urola Garaiko Kirol Alkartea.
- Kirolari Gaittun.
- UDA Aretxabaleta.
Sariaren jatorria
Sari honek 2021-2024 Kirolean Euskera Sustatzeko Planean dau jatorria eta urteroko edizinoak izango dira. Euskerearen erabilerearen aktibazinoa eta erabilerearen sustapena be baita planaren zutabeetako bat eta hor kokatuko litzateke sari honen sorrerea. Egitasmo honen bitartez, kirolean euskerearen erabilerea era sistematikoan lantzen daben klub zein personak autortzea eta kirol arloan euskerearen erabilerea gizarteratzea dau helburu.
Sariaren ikurra diseinetako, Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta UPV/EHUren Arte Ederren Fakultadeak hitzarmena egin dabe, beren-beregi Kiroletik Bagoaz Euskaraz sariketea bideratzeko. Bada, lan-hitzarmena erabiliz, sortzaileen arteko lehiaketea bideratu zan eta horren irabazlea Idoia Leache izan da. Bere artelana sariaren lehen 5 edizinoetan erabili ahal izango da gitxienez.
Kirolean euskararen erabilera
Kiroletik Bagoaz Euskaraz Saria ez da kirolean euskerearen erabilereak prestigioa bereganatzeko ekintza bakarra; honako ekintza honeek be batzen baititu Kirolean Euskerea Sustatzeko Planak: euskerazko material didaktiko erakargarriaren produkzinoa sustatu, tokiko kirol komunidade digital barria Matx martxan jarri, izen handiko taldeakaz sustapen kanpaina bateratuak bideratu, adibidez.
Ekintza bakotxak esparru zehatz bat dau jomuga; guztiek dabe alkarregazko loturea kirolean euskerearen erabilereak prestigioa bereganatzeko jarduera baitira baina bakotzak helburu eta hartzaile zehatz eta propioak ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!