Hitzetik Hortzera: Maria Luixa Erdozio ezagutzen

Bizkaie! 2025-02-14 08:00   Bertsolaritzea

Ipar Euskal Herriko lehen emakume bertsolaria izan zan.

Maite Deliart historialaria. | Ikusi handiago | Argazki originala

Maria Luixa Erdozio Ipar Euskal Herriko lehen emakume bertsolaria izan zan. Irailean, Azkaineko Herriko Etxeak eta herritar talde batek haren izena jarri eutsen herriko gune bati, Emakumeak Plazarat ekimenaren barruan. Erdozio ezagutzeko, Maite Deliart historialaria alkarrizketatuko dabe aste honetako programan.

100 urte beteko dira aurton Maria Luixa Erdozio hil zala. Garai horretako emakume ausarta izan zala kontauko dau Maite Deliartek: 1869an, Sarako Lore Jokoetan irabazi egin eban Ibarragaz batera; 1875ean, barriro be irabazi, Etxetogaz; eta, 1884an, hirugarren postua lortu eban.

Gaur egunera ez da heldu Maria Luixa Erdozioren bertsorik, baina garai haretako bertso kontuak eta bizimodua ezagutuko ditugu Deliartegaz batera. Horrezaz gan, Emakumeak Plazarat ekimena eta Azkainen egindako lanak be aitatuko ditue.

Aramaioko eta Pasaiako jaialdiak eta bertso bilduma musikatua

Aramaion urtero egiten dan jaialdiko bertsoaldiak izango dira zapatuko programan. Bertsotan ibili ziran Alaia Martin, Ane Zuazubiskar, Gorka Pagonabarraga eta Sustrai Colina. Gai-jartzailea, Sabin Abarrategi izan zan.

Pasai Donibanen be urtero atontzen dau jaialdia Bixi-Bixi Kultur Alkarteak. Amaia Agirrek jarri zituan gaiak eta bertsotan ibili ziran Alaia Martin, Ane Labaka, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran.

Programea amaitzeko, Maider Arregik egindako Nerabezaroari bertso bildumaz disfrutetako aukerea izango da. Ganera, denporaldi honetan ohitura dan lez, Manex Pagolak musikatuko ditu bertsoak.

Hitzetik Hortzera: zapatua, 21:00etan, ETB1en.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu