62 komertzio eta tabernak bat egin dabe Bai Euskereari ziurtagiriagaz

Bizkaie! 2025-02-13 09:01   Euskerea berbagai

Egun, Lekeition euskerearen erabilerea % 69koa da.

Ander Goikoetxea Vazquez (Lekeitioko Euskera zinegotzia) eta Alex Zenarruzabeitia Unamuno (Bai Euskereari Alkarteko aholkularia). | Ikusi handiago | Argazki originala

Lekeitioko Udalak eta Bai Euskereari Alkarteak hitzarmena sinatu eben igaz, herrian euskerearen erabilerea indartzeko eta hizkuntza-paisajea hobetzeko. Erakunde biek alkarlanean dabiz ostalaritza eta merkataritza sektoreetan euskerearen presentzia areagotzeko, herriko identidadea indartuz eta turismoagaz bateragarri eginez.

Euskerearen erabilerea eta erronkak

Egun, Lekeition euskerearen erabilerea % 69koa da, beherakada txikia azken urteetan. Adin tarteen arabera, 45 urtetik gorakoen arteko datuak kezkea eragiten deutse, izan be, % 57koa da erabilerea. Halanda ze, udalerrian euskerearen egoerea ezagutu nahi dabe, beraz, herriko komertzio eta tabernakaz diagnostikoa egiteko asmoa dago. Horretarako, Bai Euskereari ziurtagiriaren ebaluazinoak erabiliko ditue.

Orain arteko lana

Azken hilebeteetan, Bai Euskereari Alk​arteak eta Lekeitioko Udalak alkarlanean hainbat ekimen jarri ditue martxan. Zemendian, 75 saltokikaz hartu-emonetan jarri ziran eta aurrez aurreko bisitak egin zituen. Guztira, 62 establezimenduk Bai Euskereari ziurtagiria lortzeko pausua emotea erabagi dabe.

Hurrengo urratsak

Zezeila eta martia bitartean, Bai Euskereari ziurtagiriaren ebaluazinoak egingo dira Lekeition. Horreen bidez, establezimendu bakotxari jagokion ziurtagiri-mailea erabagiko da eta entidadeei laguntzinoa eskainiko jake euren hizkuntza-beharrak asetzeko.

Bai Euskereari Alkarteak ziurtagiria eskuratzeko haren metodologia, erispide eta tresnak aplikauko ditu, prozesua ahalik eta eraginkorrena izan daiten. Horrezaz gan, Lekeitioko Udalak Plan Estrategikoa barritu dau etorkinei euskera klaseak eskaintzeko konpromisoa hartuz, herrian euskerearen ezagutzea eta erabilerea sustatzeko helburuari eutsiz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu