70 kontzertu eta 1.500 musikari, XXIV. Musika-Musica jaialdian
2025-02-11 13:44 MusikeaMartiaren 7tik 9ra egingo da Euskalduna Jauregian (edegiera kontzertua izan ezik).
XXIV. Musika-Música Jaialdia, Bilboko Udalak atonduta eta Musika eta emozinoak lelopean, 2025eko martiaren 7tik 9ra egingo da. Guztira, 70 kontzertuko programea eskaini eta 1.500 interprete baino gehiago izango dira.
Martiaren 7an, barikuan, 19:00retan, Arriaga Antzokiak edegiera kontzertua hartuko dau Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Alkartearen eskutik, Erik Nielsenen zuzendaritzapean.
Juan Mari Aburto alkateak, Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak eta Begoña Escribano jaialdiaren zuzendariak, Musika-Musicaren programazinoa aurkeztu dabe. Edizino honek orkestra sinfonikoak eta ganbera-orkestrak, laukoteak eta hirukoteak batuko ditu. Ganera, parte hartuko daben musikari guztiak nazinoartean ezagunak dira. Era guztietako publikoa erakarteko asmoagaz sortutako programea da. Helburua, bertoko, kanpoko, zale, familiak eta musika klasikora hurreratu nahi dabenak erakartea da, nabarmendu dau Juan Mari Aburto alkateak.
Danetara, hiru egunetan zehar, 1.500 interprete baino gehiago ibiliko dira eszenatokietan: musika maratoia izango da. Kontzertu gehienek 45 minutuko iraupena izango dabe eta sarrerak prezio merkeetan egongo dira. Gure helburua publikoak, bere gustu eta interesen arabera, egun berean hainbat musika proposamenetara joateko aukerea izatea da, adierazo dau Kultura eta Gobernantza zinegotziak, Gonzalo Olabarriak.
Programazinoa
Arriaga Antzokian egingo dan edegiera-kontzertua izan ezik, programazino osoa Euskalduna Jauregian izango da, martiaren 7an, 8an eta 9an. Kontzertu bakotxa 45 minutu ingurukoa izango da. Ganera, kontzertu bat baino gehiago egongo dira aldi berean hainbat aretotan.
Auditoriumean, kontzertu sinfonikoak eta koralak batuko dira. Berton, Galiziako Orkestra Sinfonikoak autortzea egingo deutso Maurice Raveli, haren jaiotzearen 150. urteurrenean (martiaren 7an). Horreezaz gan, ondoko orkestrak be kontzertuak eskainiko ditue: Tenerifeko Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestrea, Gaztela eta Leongo Orkestra Sinfonikoa, Bilbao Orkestra Sinfonikoa, Bilboko Udal Bandea, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa Kukai Dantza Taldeagaz eta Bilboko Koral Alkartea.
0B aretoa Ganbera orkestrei zuzenduta egongo da. Festival Strings Lucerne Orkestrearen kontzertuak hartuko ditu, birtuosismoagaitik eta aldakortasunagaitik ezaguna dan Suitzako harizko taldea; Ensemble Nereydas, garaiko instrumentuak erabiliz musika barrokoan espezializautakoa; Café Zimmermann, Johann Sebastian Bachen interpretazinoan erreferentziazko taldea; Ensemble Diderot, Barroko goiztiarreko errepertorioan aditua, eta Friburgoko Orkestra Barrokoa, antxinako musika arloan miretsienetakoa; eta Esemble OBNI be egongo dira eszenatokian.
0D aretoan Noskowski, Beethoven, Haydn, Schubert, Barber, Clarke, Wolf, Puccini edo Schumann konpositoreen piezak entzungo dira, Singer Pur, Meccore hari laukotea, Cuarteto di Cremona edo Trio con brio Copenhagen taldeen eskutik.
0A aretoan, Martín García García pianisteak, Clevelandeko Nazinoarteko Piano Lehiaketearen irabazlea; Miguel Ituarte pianistea eta Iagoba Fanlo biolontxelisteagaz batera; Víctor de Valle pianistea eta Carole Petitdemange biolinisteagaz batera eta Alfonso Gómezek Chopin, Mozart edo Strauss lako egileen notak joko ditue.
Famila saioak 0E aretoan izango dira. Berton, Musbika Ensemblek Emozioak eszenan, zuzeneko musikea eta ilustrazino ikuskizuna aurkeztuko dau. Ganera, Cor de Teatreren eskutik Operetta lanaz disfrutau ahal izango dogu, a capela musikea, keinu antzerkia eta umorea buztartzen dituan lana.
Espazio horretan be, zineak protagonismoa izango dau, zapatu eta domeka arratsaldean egingo diran proiekzino bigaz. Berton, Ander Marzana pianistea, Cesar Coca kazetaria eta Patricia Sojo musikologoa izango dira.
Bestalde, Interprete Gazteek haren lekua izango dabe Kioskoan: 12 kontzertutan, hainbat konserbatorio eta autonomia-erkidego musika-hezkuntzako zentroak ibiliko dira.
Barrikuntzak
Lehen aldiz, jantzeak lekua izango dau jaialdian. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak eta Kukai Jantza Taldeak Ludwig van Beethovenen Prometeoren izakiak aurkeztuko dabe, musikea eta mobimendua buztartuko dituan ikuskizunean.
Era berean, Degli affetti proibiti gala lirikoa estreinauko da 0C aretoan. Saio hau, jaialdiaren berezko produkzinoa da. Beatriz Oleaga mezzosopranoa eta Ensemble Galdós izango dira. Naiara Beistegui girotze eszenikoaz arduratuko da.
Ganera, Monica Rodríguez Curielen eskutik, Emozinoak ehundu aurkeztuko da. Jarduera parte-hartzaile horrek publikoa konbidauko dau tapiz kolektiboa sortzen laguntzeko.
Sarrerak
Euskalduna Jauregiko leihatilan eta webgunean, musika-musica.bilbao.eus webgunean eta Arriaga Antzokiko leihatilan (inaugurazino-kontzerturako) egongo dira eskuragarri, zezeilaren 13ko 12:00etatik aurrera.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!