Bilboko Barraca XXI egoitzara pasauko dau bere hip-hop tailerra Javier Olletak

Bizkaie! 2025-02-11 12:43   Musikea

Alex Sarduy eta Aiora Renteria, Barraca XXIeko aita-amabitxiak.

Zezeiletik aurrera, Javier Olleta SGAEko bazkideak, Ply izenez ezagutzen danak, bariku guztietan, 17:30etik 20:30era emongo dauen hip-hop ikastaroaren erreferentzia-puntu barria izango da Bilboko Barraca XXI prestakuntza gunea, SGAE Fundazinoak bultzatzuta. Talde bigaz, horreetako bat 12 eta 17 urte bitarteko edade txikikoentzat eta bestea helduentzat (18 +), doban izango da, egoera zaurgarrian dagozan personak gizarteratzeko prestakuntza-esperientzia honetako apustu guzti-guztiak bezela (hemen izena emon ondoren).

2024ko irailetik, Norai Alkartearen eskutik, rap tailerra Bilboko Amor Misericordioso Ikastetxean egiten ebizen. Ikastetxe horrek itxi egin deutso aterpe izateari, San Frantziskoko (Mariaren Bihotza plaza, z/g) gizarte-etxearen (Barraka XXI esperientziaren egoitzea) mesedetan.

Rapa erritmoa eta poesia da. Genero hau joan dan mendeko 70eko hamarkadan sortu zan New Yorken eta mundu osoko gazteen uri-kulturen soinu-nortasunaren ikur bihurtu da. Ezer barririk ez Javier Olleta Ply bilbotarrarentzat, 20 urte baino gehiagoko esperientzia musikala baitaroa diziplina horri lotuta.

Ikastaroaren saioek rap formatuan idazten eta abesten erakusteko, mezuak eregiteko eta oinarri erritmiko egoki baten gainean aldarrikatzeko balioko dabe; gainera, musika produkzinoari, oinarri instrumentalen sorkuntzeari eta hip-hop kulturearen inguruko beste idea batzuei buruzko xehetasunak be landuko dira, bide batez, oinarrizko lau elementu kontzeptual jorratuz: rapa, turntablisma, breakinga eta graffitiak.

Prestakuntza-eskaintza egonkorra

2025ean, rap tailerraz gan, breakdance saioak eskainiko dira San Frantzizkoko urigunean, astelehenetan, Iñaki López Mielgo, Bboy Jaki izenaz ezaguna dan jantzariaren eskutik. Astelehen eta eguaztenetan antzerkia egongo da Juana Lor antzerkigileagaz. Martitzenetik eguenera, Ane Legarreta Méndez orkestra-zuzendariak gidatuko dau koru bat, hau da, San Frantzisko auzoko edadekoen egoitzako erabiltzaileakaz osotutakoa eta edade mugarik bako edozeini edegitako abesbatza. Zezeiletik apirilera, Ricardo Padillak inprobisazino eszenikoko tailerrak emongo ditu, ImproVive: 260º eszena-tailerrak izenburupean (gaztelabniaz).

Alex Sarduy eta Aiora Renteria, Barraca XXIeko aita-amabitxiak

SGAEko bazkide eta Barraca XXIeko ordezkari legez, Euskadin aita-amabitxi oso ezagunak ditugu: Aiora Renteria (Zea Mays) eta Alex Sardui (Gatibu). Bere osotasunean, ekimen hau 2024tik aurrera jorratua izan da Estaduko beste sei uri gehiagotan, hainbat gizarte-erakundegaz lankidetzan, SGAE Fundazinoaren bitartez.

Alkarte bakotxaren inguruko prestakuntza-premina zehatzak babestu nahi dira Bilboren kasuan Noraigaz eta San Frantzisko eta inguruetako kaleetan antzemoten dituan beharrei erantzun guran, izan be, hamar urte baino gehiago daroaz ume, edadeko eta familien eskubideen alde lanean, formakuntza tresna bideratzaile lez ulertuta.

Barraca XXI Bilbon, SGAEk eta Noraik indarrak batu ditue hezkuntza-jarduera, eskola magistral eta tailer ugari martxan jarteko, musikeagaz, ikus-entzunezkoakaz eta arte eszenikoakaz lotutako egileen eskutik, diziplina horreei begira dagozan ume, gazte eta helduen kolektiboa trebatzeko eta hareen sormena sustatzeko; eta beren esperientzia personal eta artistikoak modu hurbilean eta baliogarrian helarazoteko.

Alkarlanean, Norai eta SGAE Fundazinoaren harian dabil Begirune Fundazinoa be. Xabier Aierdi irakaslea buru dauela, gizarteratze eta garapen komunitarioko prozesuetan espezializauta dago; Bilboko Udalaren Zubirik 2025 Planaren Idazkaritza Teknikoa daroa Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan. Proiektuaren eraginari buruzkoak baloretan dabil 2024ko martitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu