San Balendin Eleizondon (Zeanuri), artea neurtuz eta kanpaiak eskuz joz, zezeilaren 16an

Bizkaie! 2025-02-11 08:06   Kulturea

66 urte beteko ditu artea neurtzearen tradizinoak.

Aurten be San Balendin jaia ospatuko da Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen inguruan, San Balendin egunaren hurrengo domekan, zezeilaren 16an. 2025ekoa artea neurtzen daben 66. urtea izango da. Gainera, kanpaiak eskuz joko ditue Pedro eta Jose Antonio Lejarzak, Iñaki Lejarza Andra Mari parrokiaren azken kanpaijolearen semeek.

Jaia ospatzeko egitarau apala, baina, aldi berean, bitxia atondu dabe eleizondotarrek: kanpaiak eskuz joko ditue Lejarza anaiak, lehengo 11:00etan eta gero 11:30ean eta gura dauanak, kanpai-jotea bertatik bertara ikusteko eta entzuteko aukerea izango dau, kanpantorrera igonda.

Meza ostean, San Balendinen irudia parrokiatik 50 bat metrora dagoan ermitara eroango dabe prozesinoan. Santua eleizatik atatara, herriko umeak agurra jantzan egingo deutse eta ostean ermitara bidea egingo dau prozesinoak, datorren urtera arte bertan ixteko. Jarraian ermitearen aurreko artearen neurketeari ekingo deutse eta neurketearen aktea sinatu eta gero, orain arteko maiordomoak —Igor Intxaurragak—, 2025ekoari —Iñaki Lejarzari— agiri-liburua eta ermitearen giltzea pasauko deutsoz. Iñaki Lejarza Eleizondo auzoko persona beteranoena da— 91 urte ditu—, eta bera izan zan parrokiako azken kanpaijolea.

Ondoren barauskarria —urdaia, pamitxea eta ardaoa— banatuko da Eleizondora hurreratzen diranen artean. Ekintza horreek herriko txistularien eta Arkaitz Estiballes bertsolariaren kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala hirurogeta sei urte eleizondotarrek hasi eben eta orain dala hamazazpi urte —aldi batean bertan behera itxita egon ostean— berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura izan eutsien ekintzea: Piedadeko artearen neurketea.

Artearen neurketea

Pedro Lejarza eleizondotarraren eretxiz, Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan veste baten ordezkoa da; 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan —konbit egunean— batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz..., artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta(+) arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren koadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau dogu; lehenengo neurketea 1959koa da, eta ondokoa irakurri daiteke: Andra Mari parrokiatik ermitara eroaten da santua prozesinoan, eta hurrengo urtera arte bertan egon da.

Orain dala 66 urte hasi ziran Piedadeko artea neurtzen eta urteroko tradizinoa da, apurka-apurka galtzen joan dana eta azken neurketea, Kandido Intxaurragak (+) egin eban 1999an; papeltxo batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Pedro Lejarzak dinoanez, 2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz gan, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. 2008an, Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten ziranez, ofizialtasuna emon gura izan geuntsan ohitura bitxi honeri, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Zuhaitzari neurria hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregorio Lejarreta (+) aurduratu zan 2015era arte. Gregorio 2015ean hil egin zan eta 2016an bere lekukoa Igor Intxaurraga eleizondotarrak hartu eban. Ordutik bera da neurtzailea.

Igaz arteari hartutako neurria

193 cm-ko perimetroa 150 cm-ko altueran. Zein izango ete da aurtengo neurria?

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu