BilbaoArtek Argiñe Ceballos artistearen erakusketea hartuko dau
2025-02-10 13:01 KultureaUribitarte40 Aretoan, zezeilaren 14tik martiaren 30era arte.
![](https://media.bzkcdn.com/argazkiak/Bn/cache/00_ArgieCeballosRetrato_content.jpg)
Argiñe Ceballos (Ugao-Miraballes, 1999) artistearen Uretan, dantza distiretan urtzen da izeneko erakusketea zezeilaren 14tik martiaren 30era arte egongo da ikusgai. Berton aurkeztuko ditu BilbaoArtek 2023-2024an emondako bekearen emoitzak.
Argazkiak, oihal, eskultura eta instalazino-izakerako bideoak batu ditue Uribitarte40 Aretorako sortutako proiektura.
Proiektua aurkezteko hainbat bisita gidatu egingo dira euskeraz eta gaztelaniaz, Zeinuen Hizkuntzara egokituta, zezeilean eta martian. Horrezaz gan, hiru asteko tailerra egingo da, Estela Miguelegaz, Hareazko eta larruzko laku baten artean izenburupean; eta erakusketerearen liburuaren aurkezpena be egingo da.
Erakusketea
- Izenburua: Uretan, dantza distiretan urtzen da.
- Artistea: Argiñe Ceballos (Ugao-Miraballes, 1999).
- Lekua: Uribitarte40 Aretoa (Uribitarte Pasealekua, 40. 48009 Bilbo).
- Datak: 2025eko zezeilak 14 – martiak 30.
- Inaugurazinoa: barikua, zezeilak 14, arratsaldeko19:00retan.
Proiektuaren izenburua, Uretan, dantza distiretan urtzen da, uretan sartutako oihalaren/larruaren pensamendutik sortzen da. Material hori esperimentazino-espaziotzat hartzen dau artisteak. Ceballosek ehuna luzatu, zeharka ebagi eta batu egiten dau; objektuak eta gorputzak batzen ditu uretan eta arretaz behatzen ditu argiaren ereginak edo korrontearen jarioak sortzen dituan aldaketak. Aldaketa eta mutazino efimeroak, artisteak argazki eta bideotan antzemoten dituanak, ikutuezina dana erregistretan saiatuz eta besteakaz aldi batez daben lotureagaitik bakarrik existiduten diran gorputz barriak sortzen ahaleginduz.
Gorputz bat batzen dauen ehunari eta beraren eraldaketeari buruzko interes horrek zuzeneko loturea dau ekdisi kontzeptuagaz, hau da, narrasti batzuen larru zaharra desitsasteko prozesuagaz.
Larruak itxen deutso itsatsita eban gorputza izateari, ente edo objektu autonomo bezela azaleratzen da, eskeletorik bako izaki moduko bat izatera pasatuz. Tapaki mehe moduko bat, zeharrargia, elastikoa eta aldakorra, gorpuztasun barriak eskuratzen dituana beste gorputzen aldean.
Unearen esperientzia atzemoteko gogo horrek, objektu edo obra fisikoa naturearen beste elementu bat bezela adierazoten dau, ikusleekiko alkarreraginera deituz eta errealidadearen partaide izatera konbidaduz.
Argiñe Ceballos
Argiñe Ceballos Gelozaga (Ugao-Miraballes, 1999) Ikerketa eta Sormena Artean izeneko Masterra egiten dabil Euskal Herriko Unibersidadean (UPV/EHU). Artean graduau zan 2023an. Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu dau, besteak beste ondoko espazioetan: Okela, Gau Irekia (2022) programazinoaren barruan, Bizkaia Aretoa (2023) eta BilbaoArteren Uribitarte40 Aretoa (2023).
Haren jarduera artistikoaren ardatz nagusiak argazkigintzea, eskulturea, instalazinoa eta ekintzen erregistroa dira. Diziplina horreek bere iruditeriara hurreratzeko bide bezela erabiltzen ditu, haren interes eta desioak oraingo unean islatuz. Era horretan, garrantzia kendu nahi deutso azken irudiaren kontzeptuari, prozesuan sortzen diran elementuak lehenetsiz.
Bere lanaren helburua da loturak ezartzea uneko erregistroaren bitartekotzatik pasetan dan ekintzearen eta eszenaratzearen testuinguruan manipulatutako material edo objektuen sorkuntzearen artean. Gorputzen batasun horren bitartez, beste gorputz barri batzuk sortzen ditu, objektu horreen funzinoa eraldatuz eta zentzuan autonomia eta anbiguotasuna emonez.
Argitalpena: artistearen monografia
Uretan, dantza distiretan urtzen da erakusketearen barruan, BilbaoArtek artistearen monografia argitarau dau: irudien artxiboa da, argazki-materialetatik, bideoen fotogrametatik, testuetatik eta materialak batzetik sortua.
Bere testu-atalean, artisteak egindako testuak dagoz, erakusketea sortzeko prozesuan idatziak; halaber, Lide Mikele Billelabeitia (Mungia, 2001) artistearen saiakerea be dago, Ceballosen praktikara hurreratzen dana.
Liburua Adrian Romerok diseinau dau eta eskuragarri egongo da, doban, martiaren 20tik aurrera.
Egitaraua
- Inaugurazino egitaraua.
- Inaugurazinoa eta aurkezpena: barikua, zezeilak 14, 19:00etan.
- Bisita gidatua artisteagaz: zapatua, zezeilak 15, 12:30ean.
- Bisita gidatuak.
- Eguaztena, zezeilak 26 (euskeraz), 19:00etan.
- Eguaztena, martiak 12 (gazteleraz), 19:00etan.
- Tailerra: Hareazko eta larruzko laku baten artean.
- Zezeilak 27 eta martiak 6 eta 13, 18:00-20:00, Uribitarte40 Aretoan.
- Irakaslea Estela Miguel da, artistea eta H05-Hemen Proiektuaren sortzaileetako bat.
- Edukiera 12 personentzako da, doban. Izena emon behar da zezeilaren 14tik 20ra, bilbaoarte@bilbao.eus helbidearen bitartez.
- Liburuaren eta tailerraren emoitzen aurkezpena:
- Eguena, martiak 20, 19:00etan, Uribitarte40 Aretoan. Argiñe Ceballos (artistea), Estela Miguel (artistea) eta katalogoaren eta erakusketearen prozesuetan parte hartu daben personak izango dira. Sartzea doban da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!