Giro ederrean egin dira lehen asteko Kuadrillako bertso egunak

Bizkaie! 2025-02-10 11:05   Bertsolaritzea

Gasteizen, Aramaion, Aretan eta Oionen.

Zezeilaren 1ean hasi zan 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketea. Lehen fase horretan, 4 Kuadrillako bertso egun egin ziran: Gasteizen, Aramaion, Aretan eta Oionen. Giro parebakoa eta umorea nagusi izan dira.

Gasteiz

Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketeari jagokonez, zezeilaren 1ean, Gasteizko Errexalaren egoitzan hiru talde/eskola alkartu ziran. Atontzaile zereginetan jardun eban Errexalak; konbidaduak, barriz, Bertsoespuela eta Jainkoaren seme-alabak, Mendialdekoak eta Trebiñukoak hurranez hurran.

Mozorroak jantzita, Errexalatarrek bazkalosteko bertso bildumeari ekin eutsen. Ariketak eta Errexalan ibilitako bertsolariak ondokoak izan ziran: ofizinokoa zortziko nagusian: Kerman; ofizinoko zortziko txikian: Inaxio; oinak: Patxi; berbak asmetan: Xabi, Oier eta Iker; koplaka: Koldo, Marta eta Ainara. Azpimarrau behar da Mendialdekoek (Marta eta txiki) eta Trebiñukoek (Rikardo, Garazi eta Josu) ariketa guztietan be jardun ebela.

Bertsotan hiru ordu emon zituen eta graziazko saria eskurau eban Bertsoespuela taldeak.

Aramaio

Santa eskean ibilteko eguna izan zan Aramaion. Urtero lez, ohitura zaharrak jarraituz Papargorri eta Alaiak Abesbatza, Trikitixa Eskola eta Bertso eskolako kideek makila eta otzarak hartuta urten eben kalera. Santa Ageda beti izaten da atxaki ederra lagun artean eguna kontu-kontari pasetako. Goizeko ibilaldia eta gero heldu zan sagardaotegian tripak bete eta indarrak berreskuratzeko tartea.

Arratsaldean, barriro be, ekin eutsen kantu jardunari. Kasu horretan, Aramaioko auzoak aldera batera itxi eta herriko kaleetan zehar ibili ziran. Orduan heldu zan Bañera F. T. taldearen aurkezpena. Saioari hasierea emoteko Danel, Xabi, Jokin, Ane eta Martinek txapelak buru gainean eta Kuadrillartekoko kamisetak jantzi zituen. Taldekideak kopla kantari jardun ziran, abesbatza eta gainontzeko partaideen laguntzinoagaz.

Egunari amaierea emoteko, azken limosna apurrak herriko tabernetan eskurau zituen, bertso eskolako kideek tabernako bezeroen poteoa tonu zirikatzailean eten ostean.

Areta

Aiaraldeko Altubepeko bertso kuadrilleak Aretara jo eban Arabako txapelketako finalerdiak prestetako eta Arrigorriagako eta Aretako umeen bertso eskolea izan zituen lagun.

Arabako Bertso Kuadrillen Arteko Txapelketea dala-eta, herriz herri hasi ziran bertso egunak atontzen, izan be, aurton kanporaketak finalerdietan hasiko dira zuzenean.

14:30ean hasi zan bazkaria eta ondo jan ostean hasi ziran kantetan hainbat bertsolari. Talde bi batu ziran, bata Aiaraldeko Altubepekoak (Serapio Lopez, Unai Mendibil eta Iñaki Cabeza) eta bestetik Arrigorriagako Estropozu bertso eskolako lau kide etorri ziran Iker Garaitagoitia, Arkaitz Zipitria, Peio Molinuevo eta Aitor Arrutia.

Areta Kultura Etxea itxita, bertso poteoan jarraitu eben, ariketa ugari eginez; berba bat asmau, puntuka, zortziko handia eta txikia...

Oion



Oiongo kaleak aukerau eben Txandriotarrek Kuadrillarteko Bertso Eguna egiteko, Agate Deunaren eskeko kopla eta kantuen inguruan, makilen erritmora. Bertsolari txandriotarrakaz batera Iruleko txisturari eta trikitilariak ibili ziran kaleak musikaz jantziz. Berrogei persona inguru alkartu ziran kalejiran parte hartzeko asmoz.

Oiongo euskaltegian emon jakon hasierea kalejireari. Lurra esnatzeko makilak eskuan hartu eta musikarien atzetik hasi ziran euskera ikasle, irakasle, euskaltzale, bertsolari, kantuzale eta baita irakasleren bati koipea emon guran ikasle taldetxo bat be. Logroñoko euskaltegiko ikasleak be etorri ziran kantuetaz disfrutetan. Txandriko bertso eskolako txikienek plaza polita izan eben horreen eskeko koplak botateko, baita txandriotar hain ez gazteek be. Gau freskoa berotzeko moskatela eta pasta goxoak probetako aukerea be izan zan.

Txandriotarrek erreleboa ate-joka dabela argi gerau zan Santa Agera bezperako bertso kalijiran. Kantu eta bertso gau ederraz disfrutau eben bertaratutakoek. Lurra eta euskerea esnau ziran Santa Ageda bezperan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu